Berriak Hezkuntza
Eu

Europako hainbat profesional Euskadin dira, euskal Lanbide Heziketak berrikuntzari eta nazioartekotzeari dagokienez duen esperientzia ezagutzeko

2019.eko azaroak 27
  • Europako 14 herrialdetako hogeita hamarren bat profesional ari dira parte hartzen Erasmus+ programaren Lankidetza Transnazionalerako Ekintzen barruan kokatzen den bisitaldi honetan

Lanbide Heziketaren arloan aditu diren 14 herrialde europarretako hogeita hamar pertsona inguru bisitan daude Euskadin egunotan. Beren nahia da nazioartekotzeari eta berrikuntzari dagokienez euskal Lanbide Heziketak duen esperientzia bertatik bertara ezagutzea. Estonia, Erresuma Batua, Suedia, Portugal, Polonia, Herbehereak, Malta, Kroazia, Lituania, Txekiar Errepublika, Belgika, Austria, Danimarka eta Irlandako ordezkaritza da egunotan bisitan Euskadin.

Egun hauetan zehar (azaroak 26, 27 eta 28), Euskadiko Lanbide Heziketako zentroak eta enpresak bisitatzen, eta informazio nahiz eztabaida saioetan parte hartzen ari dira. Ekintza hauekin, besteak beste, ondoko gaiak zuzenean ezagutzea da haien asmoa: Lanbide Heziketako euskal sistema; LHren eta enpresen arteko lankidetza eta zenbait zentrok eta enpresak adostu dituzten aliantza estrategikoak: TKNIKAren baitan berritasunaren arloan garatzen diren jardunbide egokiak; edo aipatu zentroa buru duen Europa mailako Lanbide Heziketako Bikaintasunezko Zentroen plataforma.

Atzerriko adituak bisitatzen ari diren zentroen artean aipa daitezke: Tknika, Bergarako Miguel Altuna LHII, Usurbil LHII, Leioako Ostalaritza Eskola edo Muskizko Somorrostro BHIP.

Erasmus+

Euskadik egunotan hartu duen azterketa-bisita Lankidetza Transnazionalerako Ekintzetako (TCA - Transnational Cooperation Activities, ingelesez) bat da. Europako Batzordearen Erasmus+ Nazioarteko mugikortasun programa da aipatu ekintzen bultzatzailea. Hezkuntza Sailak –Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren bitartez- eta SEPIE (Servicio Español para la Internacionalización de la Educación) erakundeak koordinatuta ari dira burutzen jarduera guztiak.

Lankidetza Transnazionalerako Ekintza (TCA) hauen xedea da harremanak sustatzea Erasmus+ Programan parte hartzen duten erakunde edo hezkuntza-zentroen artean eta lanerako plan bat osatzen laguntzea beren esperientziak trukatu, mugikortasun proiektuetan parte hartu edo lankidetza estrategikoak sortu nahi dituzten zentro eta erakundeei. Europa mailan garatzen diren ekintzen artean nabarmentzekoak dira asteon Euskadin gertatzen den azterketa-bisitaldia bezalako ekimenak.

2019-2010 ikasturte honetan, Euskadiko Lanbide Heziketako heziketa-zikloetako 1.400 ikasletik gorak parte hartuko dute Erasmus+ nazioarteko mugikortasun programaren barruko programetan, egonaldiak eta praktikak eginez Europar Batasuneko beste herrialderen batean. Irakasleei dagokienez, LHko 290 irakasle inguruk egingo dituzte egonaldiak Europako beste herrialderen batean, prestakuntza jasotzeko zein eskolak emateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak