Eu

Martxan da jada “Justizian Heztea” programa

2019.eko azaroak 28

Justizian Heztea Programak Bilboko Botikazar Institutuko eta Ángeles Custodios ikastetxeko 71 ikaslerekin ekin dio bere ibilbideari.

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék eta EAEANeko presidente Juan Luis Ibarrak inauguratu dute gaur goizean, Bilboko Ángeles Custodios ikastetxean, Justizian Heztea Programa martxan jartzeko ekitaldia, helburu duena ikasleek behar adina ezagutza eskuratzea Justiziaren funtzionamenduari buruz, eta arreta berezia jarrita alderdi hauetan: genero-indarkeria, sare sozialen erabilera, eskola-jazarpena, sexting-a eta droga-kontsumoarekin eta adingabearen erantzukizun penalarekin zerikusia duten beste alderdi batzuk.

“Helburu nagusia da –adierazi du San José sailburuak– Justizia DBHko eta Batxilergoko gazteei hurbiltzea, behar adina ezagutza eskuratu dezaten Sistema Judizialaren funtzionamenduari buruz, kontuan hartuta kultura orokorra dela, baliagarri izango zaiena”.

Justizian Heztea Programa hiru saiotan garatzen da. Lehenengoan, magistratu, epaile batek Ikastetxea bisitatzen du eta solasaldi bat izaten du ikasleekin, eta horretarako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak landutako ikus-entzunezko materialaz baliatzen da. Bigarren saioan, ikasleak Justizia Jauregira joaten dira eta publiko gisa bertaratzen dira epaileak hautatutako epaiketa batera edo gehiagotara. Ondoren, Lan eta Justizia Saileko funtzionarioen eskutik, unitate mediko-forentseak, kalabozoak eta identifikazio-saioak egiten diren aretoa bisitatzen dituzte. Eta hirugarren saioan, ikasturtea jada aurreratua dagoenean, ikasleek epaiketa bat antzezten dute epaitegiko Judizio Aretoan, epaile batek gainbegiratuta haien tutorearekin batera landua duten gidoi batean oinarrituta. Ikastetxeetako ikasleak eta irakasleak bertaratuko dira publiko gisa eta uneoro egongo dira Emilio Lamo de Espinosa magistratuaren, programako gidariaren eta haien tutorearen zuzendaritzaren eta gainbegiraketaren pean.

Ikasturtea amaitzen ari denean, ikasleek, egindako jardueretan parte hartzeagatik, aitortza bat jasoko dute Lan eta Justizia Sailaren eskutik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak