Berriak Ogasuna eta Ekonomia

EH Bilduren negoziazio proposamenaren balorazioa

2019.eko azaroak 26

EH BILDUREN 2019-11-26KO NEGOZIAZIO PROPOSAMENAREN BALORAZIOA

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailburuak, komunikabideen aurrean aurkeztu baino 15 minutu lehenago jaso du EH BILDUren proposamena. Proposamenak jarduketarako 6 ildo jasotzen ditu, KOANTIFIKATU GABEKO 24 neurrirekin.

Lehenengo balorazioaren ondoren, Eusko Jaurlaritzaren iritziz 2018an aurkeztutako neurrietan oinarritutako proposamena da.  “Deja vú” baten antzeko zeozer.

Proposatu diren 24 neurrien artean, Eusko Jaurlaritzaren eskumenen esparrua ez errespetatzeagatik iaz akordioa lortzea ezinezko bilakatu zuten bi gaiak agertzen dira, hauek, hain zuzen ere:  

  1. Euskadin 1.200 €-ko LGS orokortzea: Eusko Jaurlaritzari ez dagokio Euskadin 1.200 €-ko lanbide arteko gutxieneko soldatak ezarriko dituzten “lan arloko akordioei” estaldura ematea.
  2. Pentsio publikoak: Jaurlaritzak, bere proposamenean, DSBEari zegokionez, legezkotasuna errespetatuz ahal zuen guztia egin zuen iaz, eta, beraz, ezin du pauso gehiagorik eman, eta ez du emango. 2018an ezin izan zen halakorik egin, eskumen eta lege arrazoiengatik, eta 2019an ere ez.

Zalantzan jartzeko modukoa da benetan adostasuna lortu gura bada antzeko puntuak proposatzea, eta ez da oso errealista berriro ardatz berberak azpimarratzea.  

Horrez gain, EH BILDUk Eusko Legebiltzarrean planteatu dituen ekimenen bidez, Legebiltzarreko eztabaidaren eta ebazpenaren ondoren aurrera egin ez duten gaiak ere sartu dira.

Berrikuntzarekin eta industriarekin zerikusia duten proposatutako beste puntu batzuk jasota daude jada Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuan.

Aurkeztutako beste puntu batzuk, oro har, onartezinak dira, legezkotasun arrazoiengatik edo ez dakigulako zein eragin izango luketen Jaurlaritzaren kontuetan.  

Azken batean, EH BILDUren esanetan landuta baina zehaztu barik dagoen kuantifikazioa zein den ez dakigunez, zaila dirudi aurrera jarraitzea. Dena den, Jaurlaritza prest agertu da egin duten proposamen ekonomikoa jasotzeko eta aztertzeko, baina berriro azpimarratu behar da aurrekontuko aldaketek EAEko aurrekontu eta eskumen esparru ekonomikoari erantzun behar diotela.

Euskadin politikaren eta denboraren aldetik bizi dugun testuinguruan subjektibotzat jo daitezkeen kontsiderazioetan sartu barik, Eusko Jaurlaritzaren iritziz proposamen hori ez dago akordio batera iritsi ahal izateko pentsatuta, ez haren edukia ikusita, ezta EH BILDU Eusko Jaurlaritzarekiko harremanean erakusten ari den denborak eta formak ikusita ere.  

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)