300.000 gaztek, Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren Gazte Txartelaren abantaila berriak izango dituzte
- Doakoa, deskontuak eskaintzen ditu merkataritzan eta kirol, kultura- eta aisia-jardueretan
- Gazte Aterpekide Txartela ere barruan du, nazioarteko sare zabal batera sartzeko aukera izateko
- Txartelaren bidaiako laguntza-asegurua doakoa eta baliozkoa da mundu osoan
- Beatriz Artolazabalek gazteak animatu ditu “hura Europak dituen gizarte-jardueretan eta gazte-mugikortasun handian zeharkatuko dituzten ateetan arrakastadun giltza gisa erabiltzera”
- Europako 36 herrialdetako 6 milioi gaztek baino gehiagok European Youth Card txartela dute
Bilbo, 2019-11-27
Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Gazte Txartelaren zabalkunderako nobedadeak aurkeztu ditu; aurrerantzean, doan jasoko dute beren etxeetan Euskadin erroldatuta dauden 14 eta 29 urte bitarteko gazte guztiek. Aste gutxian, 300.000 txartel baino gehiago bidaliko dira; hala, egungo kopurua boskoiztuko da. Egungo prestazio eta deskontuez gainera, Gazte Txartel berriak Gazte Aterpekide Txartela ere barruan du, nazioarteko sare zabal batera sartzeko aukera izateko.
Gaur egun, 60.000 gazte inguruk dute Gazte Txartela. Gazte Txartela Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzak Europan homologatuta dagoen eta European Youth Card Associationen (EYCA) –Europako Gazte Txartelen Elkartea– dagoen euskal “gazte-txartel” bakar gisa kudeatzen duena da.
Beatriz Artolazabalekin batera, aurkezpenean, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak eta Agurtzane Llano Gazteriako zuzendariak ere parte hartu dute. Ekitaldia Indautxuko Grafit Rock Kafen izan da, Bilbon, Novia de Salcedo fundazioko, eta beste ikastetxe batzuetako gazteekin batera. Gazte Txartela, halaber, Nazioarteko Gazte Aterpekide Txartela ere bada; beraz, haren bidez, titularrek nazioarteko sarearen barruan dagoen edozein aterpetxetan har dezakete ostatu.
Artolazabalek aurkezpenean izan diren gazteekin txartel berriari buruzko zenbait gai aztertu ditu, eta animatu egin ditu “hura beren bizitzan eta, batik bat, Europak dituen gizarte-jardueretan eta gazte-mugikortasun handian zeharkatuko dituzten ateetan arrakastadun giltza gisa erabiltzera”.
Datorren abenduaren 6an, Durangoko Azokan, Oihan Vega DJ-aren promozioa eskainiko da, Gazte Txartelaren serigrafia izango duen musika-kamioi batean.
Deskontuak
Gazte Txartelak abantailak eskaintzen ditu zenbait modalitateren bidez, besteak beste, 2.000 denda eta kirol- eta aisia-espazio ingurutan etengabeko deskontuen bidez, erosketa edo zerbitzuetarako zenbait eremutan, esaterako kulturan, kirolean, garraioetan, ostatuan, prestakuntzan, osasunean, turismoan eta abar. Halaber, Euskaditik kanpora, beste autonomia-erkidego batzuetako eta Europar Batasuneko herrialdeetako eta EYCA barruan dauden Europako gainerako herrialdeetako gazte-txartelek eskaintzen dituzten abantailak ere baditu. Haiek guztiek EYCAren logotipoa erabiltzen dute, eta gazte txartelaren neska-mutil titularrek abantaila haiek eskaintzen dituzten establezimendu eta erakundeak identifikatuko dituzte horrela. (www.eyca.org).
Eusko Jaurlaritzak, urtero, Gazte Txartela dutenak saritzen ditu, Gazte Txartela pack-arekin; pack hori erabilera bakarreko kupoi-deskontu berezien app batean datza. Gainera, aldian behin, Gazte Txartelak lehiaketak eta zozketak egiten ditu, web-orrialdearen bidez, eta sari interesgarriak izaten ditu: bidaiak, ikuskizunetarako sarrerak, liburuak edo teknologia. Aurten, 37 lehiaketa egin dira, gehi hilero errepikatzen diren hirurak (Photomuseum, Aquarium, Oiasso); haietan, 2.189 gaztek parte hartu dute.
Gazte Txartelak bidaiako laguntza-asegurua du barne, erabat doakoa eta baliozkoa mundu osoan, eta, hurrengo bi urteetarako, kontratu irekia izapidetu da eta poliza hobetzea lortu da. Hobekuntzak honako hauek dira: kapitalak areagotzea, bi esklusio ezabatzea eta egonaldi estalia 90 egunekoa izan beharrean 105 egunekoa izatea; bai eta estalduran sexu-erasoen, sexu-abusuen eta genero-indarkeriaren kasuak sartzea ere.
Gazte Txartela jasotzeko aukera izateko baldintza da 14 eta 29 urte bitartean izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea. Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialek txartelari buruzko informazio etengabea eskaintzen dute. (http://www.gazteaukera.euskadi.eus/gaztetxartela/hasiera/). Gazte Txartel berria etxeetara iritsiko da, gutun bati itsatsita, gazte mintzaira informala izango duen gaurkotasuneko bertsioan.
Eyca
European Youth Card Association-en (EYCA) –Europako Gazte Txartelen Elkartea– sartzen da Gazte Txartela; hura gobernuz kanpoko erakundea da, irabazi-asmorik gabea eta Europako 36 herrialdetako 6 milioi gazte baino gehiagori European Youth Card-a ematen dieten 38 erakunde kiderena.
Haiek guztiek eginkizun bera dute: “gazte gehiagori laguntzea gizarte-, kultura-, hezkuntza- eta ekonomia-mailan mugikorrak izaten, Europako gazte-txartelaren kalitatezko zerbitzuen bidez, eta, horretarako, gazte-politika hobea izaten laguntzea, gazte guztiak mugikor eta aktibo dituen Europaren ikuspegiarekin”.