Berriak Segurtasuna

Euskadin 4.659 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren laguntza etxeko edo genero indarkeriagatik

2019.eko azaroak 24

Bortxa telefonoa mugikorrerako aplikazio bihurtu da aurten

Etxeko edo genero indarkeriaren biktima diren 4.659 emakumek jasotzen dute gaur egun Ertzaintzaren nolabaiteko babesa Euskadin. Ertzaintzak Bortxa APPa jarri du abian aurten, eta telefono mugikorrerako aplikazio horren bidez biktimak etengabe harremanetan egon daitezke ertzain-etxeekin eta laguntzarako eta sorospenerako zentro espezializatuekin. Guztira 386 emakumek erabiltzen dute jada telefono pertsonalean integratuta duten aplikazio hori. Ertzaintzak lagatzen duen Bortxa telefonoa aplikazio hori onartzen ez duten telefonoak dituzten 74 pertsonak erabiltzen dute. Urruntzeko edo babesa emateko epaileen aginduek 3.291 emakumeri eragiten diete. Horrez gainera, 85 biktimak beti edo tarteka, arriskuaren arabera, bizkartzainekin ibili behar izaten dute. Kontrol telematikoko eskumuturrekoa 46 erasotzailek daramate.

Gaur egun GI/EIren ondorioz poliziaren babes-espedientea duten emakume biktimak, Segurtasun Sailak kontabilizatuta dituenak, honela banatzen dira lurraldeen arabera: Bizkaian 2.356, Araban 752 eta Gipuzkoan 1.551. 2018ko azaroan babes-neurriren bat zuten emakumeak 4.565 ziren guztira: Bizkaian 2.304, Araban 789 eta Gipuzkoan 1.472.

Ertzaintzak 2000. urtetik ditu araututa emakumeen kontrako tratu txarrei aurrea hartzeko eta aurre egiteko jarduketa-prozedurak. Egungo protokoloak 2006an jarri ziren abian. Horien artean nabarmentzen da Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV /EHU) batera prestatu zen eta Europan aitzindaria den arriskuak ebaluatzeko sistema. Arriskua neurtzeko prozedura hori behin baino gehiagotan berrikusi eta hobetu da, azken aldiz 2013an.

Ertzaintzak kasu berri bat hautematen duen bakoitzean, informatikoki erregistratzen du etxeko indarkeriako edo genero indarkeriako (EI/GI) espediente batean. Une horretatik aurrera, Ertzaintzak babes aktiboa ematen dio biktimari, esleituta duen arrisku-maila eta epaileak kasua ebatzi duen alde batera utzita.

EI/GI espediente bakoitzak kasuaren historial osoa biltzen du kronologikoki: elkarrizketak, salaketak, epailearen aginduak edo beste aplikazio informatiko batzuetako datuak, besteak beste.

Kasurik larrienetan epaitegietako tramiteak errazteko eta babes handiagoa ematera iristeko, tratu txarrak jasan dituen emakumeari epaitegira laguntzen diote agenteek lehenengo tramiteak egitera joaten denean. Bestalde, gizarte-zerbitzuekin harremanetan egoteko bidea dago tratu txarrak izaten direnean seme-alaba adingabeei arreta emateko.

Autobabeserako prestakuntza

Arriskua lau mailatan sailkatzen da: oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia. Ebaluazioa jarraitua izaten da, eta alda daiteke, beraz, biktimaren edo erasotzailearen inguruabarrak aldatzen badira. Biktima guztiei ezartzen zaien lehenengo segurtasun-neurria autobabeserako prestakuntza izaten da, eta saio pertsonal batean bideo bat ikusten dute eta informazio-liburuxka bat jasotzen dute. Lehenengo urrats horren ondoren, telefono bidez egiten da jarraipena aldian behin.

Bortxa tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei Ertzaintzak eskaintzen dien larrialdiko telefonoa da. Telefonoak lotura zuzena du larrialdi-kasuetarako Ertzaintzaren koordinazio-zentroarekin eta bere kasuaz arduratzen den ertzain-etxearekin.

Ertzaintzak urte hasieran jarri zuen abian Bortxa APPa. Biktimaren telefonoan integratzen den aplikazio horrek ertzain-etxeekin, Ertzaintzaren koordinazio-zentroekin eta SOS Deiak zerbitzuarekin azkar komunikatzeko aukera ematen du.

Gainera, tratu txarren edo sexu-erasoen biktima diren emakumeei laguntzeko egunean 24 ordutan erabilgarri dagoen Eusko Jaurlaritzaren 900 840 111 telefono-zerbitzura berehala jotzeko aukera ematen du. Eta alarma-aktibazioaren bidez, besteak beste, GPS lokalizazioa aktibatzen da.

Gaur egun 386 emakumek dute euren telefono pertsonalean integratuta aplikazio-mota hori: Bizkaian 216k, Araban 85ek eta Gipuzkoan beste 85ek. Biktimaren telefono pertsonalean ezin denean APP hori instalatu, Ertzaintzak prestazio horiek guztiak dituen Bortxa telefono bat uzten dio. Gaur egun era horretako 74 aparatu daude banatuta: 41 Bizkaian, 11 Araban eta 22 Gipuzkoan.

Neurrien katalogoan zaintza-lanak ere sartzen dira, eta kasurik larrienetan bizkartzaina ere jartzen da, beti edo tarteka, arriskuaren arabera. Une hauetan 85 biktimak dute babes hori: Bizkaian 66k, Araban 11k eta Gipuzkoan beste 8k. Iaz guztira 66 emakumek zuten bizkartzaina.

Erasotzaileentzako eskumuturrekoa

Kasu batzuetan, eta epailearen aginduz, erasotzaileari eskumuturreko elektroniko bat jartzen zaio urruntze-agindua betetzen dela ziurtatzeko. Ertzaintzak kudeatzen ditu gailu horien alertak koordinazio-zentroen bidez. Une hauetan era horretako 46 eskumuturreko daude aktibatuta: Bizkaian 32, Araban 5 eta Gipuzkoan 9. Orain dela urtebete era horretako 30 eskumuturreko zeuden aktibatuta guztira: Bizkaian 24, Araban 2 eta Gipuzkoan 4.

Tratu txarrak jasaten dituen emakumea babesteko beste disuasio-neurri bat epaileak babeserako edo urruntzeko emandako agindua da. Gaur egun 3.291 agindu daude indarrean Euskadin: Bizkaian 1.524, Araban 503 eta Gipuzkoan 1.264. Iaz 3.023 emakumerengan zuten eragina, eta horietatik 1.410 Bizkaian bizi ziren, 449 Araban eta 1.164 Gipuzkoan.

Ertzaintzak arlo honetan egiten duen lanaren kalitatea kanpoko erakundeek ebaluatzen dute. Era berean, Ertzaintzak biktimei ere galdetzen die emandako arretaren berri izateko.

Polizia-kidegoen arteko koordinazioa

Ertzaintzak lankidetza-protokoloak ezarri ditu udalekin eta mankomunitateekin, eta lankidetza egonkorra du beste polizia-kidego batzuekin informazioa trukatzeko.  Lankidetza hori funtsezkoa da batik bat beren bizitokia behin-behinean edo behin betiko lurralde batetik bestera aldatzen duten biktimen kasuetan.

Bestalde, Ertzaintzak etengabeko harremana du beste erakunde batzuekin biktima diren emakumeei ematen zaien arreta hobetzeko erakundeen arteko akordioaren jarraipen-batzordearen esparruan, eta etengabea da Eusko Jaurlaritzako sailen eta Emakunderen arteko harremana ere

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)