Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak harrera egin die 2019an jardunean hasi diren Ikerbasqueko ikertzaileei

2019.eko azaroak 26
  • Guztira, 41 zientzialari gehitu zaizkio Ikerbasqueri 2019an; horietatik 13 euskal herritarrak dira
  • Ekitaldian, Lehendakariak, ebaluazio fase baten ondoren Research Associate programan sartu diren 12 ikertzaileak ere aitortu ditu
  • Diplomak banatzeko ekitaldian, Lehendakariarekin batera, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburu Ikerbasqueko presidentea eta unibertsitate, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoen arduradunak ere izan dira
  • Egun, Ikerbasquek nazioarteko esperientzia duten 270 ikertzaile ditu kontratatuta, 34 herrialdetakoak; unibertsitateetan nahiz I+G arloko euskal zentroetan dihardute lanean

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru, Euskadiko unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan lanean ari diren edo jardungo duten jakintza-arlo guztietako zientzialariei aitorpenak banatzeko ekitaldia egin da gaur arratsaldez, Lehendakaritzaren egoitzan: horietatik 41, Ikerbasque Research Professor etaResearh Fellows programen bitartez sartu berri diren ikertzaileak dira; aitortutako beste 12 pertsonek kategoriaz aldatu eta ikerketa-karrera Euskadin finkatzeko aukera izango dute, Research Associate deialdiaren bitartez.

Ekitaldian, halaber, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak parte hartu dute, Euskadiko unibertsitate, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoen arduradunak tarteko zirela.

Ikerbasqueren Research Fellows eta Research Professors programek, ikerketako talentua erakarri eta horri bertan eusteko helburu argia dute: alde batetik, atzerrian lanean diharduten zientzialariak erakartzea da helburua, arreta berezia eskainiz karrerako uneren batean kanpora joandako euskal ikertzaileak Euskadira itzultzeari; eta bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei ibilbidea finkatzeko aukerak eskaintzea. Gaur Lehendakariaren eskutik aitortza jaso duten 41 ikertzaileen artean, 13 (ia herena) euskal herritarrak dira, eta azken hauetatik zortzi, Euskadira itzuli dira.

Nazioarteko esperientzia luzea eta lidergo-gaitasuna duten ikertzaile kontsolidatuei zuzendutako ResearchProfessors deialdiaren bitartez, 2019an 15 fitxaketa berri egin dira. Ikertzaile hauetako bat Rafael Yuste da, mundu mailan den neurozientifikorik onenetako bat. Yustek bideokonferentzia bidez hartu du parte, Amerikako Estatu Batuetan baitago une honetan.

Bestalde, Research Fellows programa, hainbat jakintza-arlotako 40 urtetik beherako adituak Euskadira ekarri eta bertan atxikitzeko eta zientzialari eta ikertzaileen “harrobi” bat sortzeko diseinatuta dagoen ekimena da. Research Fellow programari esker, 2019an 26 pertsona sartu dira Ikerbasquera, horietatik 14 –erdia baino gehiago- emakumeak.

Deialdi horien osagarri gisa, berriki Research Associate programa abiarazi da, aurreko bi kategorien arteko zubi-lana egin eta ikertzaile gazteei zein zientzialari kontsolidatuei egungo eskaintzak osatzea xede duena, ikertzaile-karrerako etapa desberdinak gainditzen laguntzeko asmoz. Deialdi honen bidez 12 ikertzaile hasi dira lanean aurten. Horietako batek, Asis Palazonek, Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC, European Reasearch Council) 2 milioi euroko ERC dirulaguntza entzutetsua eskuratu du.

Gaur egun, Ikerbasquek 270 ikertzaile ditu kontratatuak Research Professor, Research Associate eta Research Fellow deialdien bidez, eta guzti-guztiek Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman txertatuta dihardute lanean. Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroak hainbat jakintza-arlotako adituen ekarpenez profitatzen ari dira dagoeneko, zientzia esperimentaletatik giza-zientzietaraino, medikuntza, ingeniaritza eta ikaskuntza teknikoak edota gizarte-zientziak barne.

Ikerbasque, autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek duela zenbait urtez geroztik ikerketa zientifikoaren alde egin duten apustua indartzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren ekimen baten emaitza da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean islatuta geratu dena. Euskadi I+G+b arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin horretan lagundu nahian, ikerketa arloko talentua erakartzeko gunea izatea da IKERBASQUEren jardunaren ardatz nagusia.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Ikerbasque
    2019.eko azaroak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @yusterafa: Ikerbasque reception at Lehendakaritza. My thanks (in min 14'). Eskerrik asko, Ikerbasque! https://t.co/geyiCrkY1s

Ekitaldiko kargudunak