Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak harrera-herrialdea izateko bere eskaintza adierazi du

2019.eko azaroak 26

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan agertu da, Osasuneko sailburu Nekane Murgarekin batera.

Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi du Jaurlaritza prest dagoela harrera-herrialde izateko eta larrialdi-egoeran erreskatatutako pertsonei harrera egiteko. Erkoreka sailburuak azaldu duenez, Frantzia, Alemania, Italia, Portugal eta Espainia dira Aita Marin iritsitako azken migratzaileen banaketa beren gain hartu duten herrialdeak, nahiz eta banaketaren zifrak argitu gabe dauden. Gainera, tripulazioa eta erreskatatutako pertsonak egoera onean daudela adierazi du Erkorekak. "Aita Mari eta Itsas Salbamendu Humanitarioko tripulazioak egin duen lana gogoratu eta eskertu nahi dugu", adierazi du.

Era berean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak positiboki baloratu du larrialdi humanitarioko egoera honetan Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean izandako lankidetzaren eta komunikazioa. "Egoera ondo konpontzeko garrantzitsutzat jotzen dugu", gaineratu du.

ALKOHOLAREN, TABAKOAREN ETA NIKOTINAREN ARLOKO SEINALEZTAPENARI BURUZKO DEKRETUA

Bestalde, Osasuneko sailburu Nekane Murgak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak alkoholaren, tabako-produktuen eta nikotina aska dezaketen gailuen arloko seinaleztapena arautzen duen Dekretu berria onartu duela, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legearenerregelamendu bidezko garapenaren barruan. Zehazki, alkoholdun edarien, tabako-produktuen eta nikotina aska dezaketen gailuen publizitatea, sustapena, salmenta, hornidura eta kontsumoa mugatzeko neurriei buruzko informazio-kartelen ezaugarriak eta kokapena arautzen ditu Dekretuak. Horretarako, hainbat kartel-eredu ezarri dira. Kartel horiek, debekuez gain, osasun-ohartarazpenak jasoko dituzte, eta, nolanahi ere, ageriko lekuetan ipini beharko dira. Murga sailburuak azpimarratu du dekretu berriak tresna berri bat eskainiko duela adierazitako Legean ezarritako norabidean aurrera egiteko, hots, euskaldunen osasun eta ongizate indibiduala eta kolektiboa hobetzeko eta oso errotuta dauden, baina osasunerako kaltegarriak diren usadio eta ohituren inguruko kultura-aldaketa bat bultzatzeko.

ITZARRI BGAE-RAKO EKARPENA

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, euskal langile publikoen Itzarri BGAErako ekarpenak % 1,5era igotzea onartu du Gobernu Kontseiluak. Azaldu duenez, gaur egun soldataren % 1eko ekarpena egiten zaio aurreikuspen-planari; beraz, % 0,5eko igoera aplikatuko da urtea amaitu aurretik. Adierazi duenez, “era horretan, Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean lau sindikatuekin hartutako konpromisoa beteko du Eusko Jaurlaritzak”. Datorren urteari begira, sailburuak azpimarratu du soldatetan % 2ko igoera aplikatzeko eta Itzarri BGAErako ekarpenak % 2ra igotzeko konpromisoa jaso dela aurrekontuan.

UNIBERTSITATEKO IKASLEEN NAZIOARTEKO MUGIKORTASUNA

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, halaber, jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Euskadiko unibertsitateetako eta arte- eta kirol-irakaskuntzen goi-mailako ikastetxeetako ikasleen nazioarteko mugikortasunerako Programa onartu duela. Erkoreka sailburuak azaldu duenez, “Erasmus Plus Programaren” Europako finantzaketa ez da % 100era iristen, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak esku hartu egingo du ikasleei nahi duten nazioarteko programan ikasten laguntzeko.

GAURKOTASUNEKO GAIAK

Estatutu Berriaren testuari dagokionez, Josu Erkoreka sailburuak azpimarratu du Jaurlaritzak ez duela espekulatuko Autogobernuaren Lantaldean gertatzen ari denarekin. "Alderdi politiko guztiak daude eserita, ez Gobernua. Bost alderdi politikoek lanean jarraitzen dute, inor mahaitik altxatu gabe ", adierazi du.

2020ko Aurrekontuen negoziazioari buruz, Bozeramaileak nabarmendu du Elkarrekin-Podemos izan dela negoziatzeko eta adosteko borondate handiena erakutsi duena. "Akordioa posible da, eta hori ona da", adierazi du. Halaber, gaur goizean eh Bilduren proposamen bat jaso dutela jakinarazi du.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak