Berriak Osasuna
Eu

Nekane Murga sailburuak Euskadin osasun-arloan egin diren aurrerapenak azpimarratu eta etorkizuneko erronkak finkatu ditu

2019.eko azaroak 25
  • Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, gogoeta egiteko eta diskriminazio mota oro albora dadin jarduteko deia egin du Murgak.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Nekane Murgak hitzaldi bat eskaini du gaur goizean, Bilboko Carlton hotelean, Forum Europa-Tribuna Euskadi izenekoan. Sailburuak bi esparru handitan egituratu du bere hitzaldia: osasun-arloan lortutako emaitzak eta etorkizuneko erronkak.

Eman duen hitzaldian, lehen mailako arretaren alde egindako apustua eta prebentzio-politiken garrantzia azpimarratu ditu sailburuak. Halaber, C hepatitisaren baheketa egingo dela iragarri du, eta gripearen aurkako txertaketaren garrantzia azpimarratu du. Nekane Murgak, gainera, enplegu egonkorra eta kalitatekoa eta esparru soziosanitarioa sustatzen jarraitzeko erronka ezarri du.

OSASUN-ARLOKO EMAITZAK

Sailburuak, Osasun Sailaren 2020rako aurrekontu-proposamena aipatu duenean, 3.941 milioi eurora iritsiko dela azpimarratu du, eta aurrekontu osoaren % 32,2 izango da. Zehaztu duenez, “Eusko Jaurlaritzak pertsona bakoitzeko 1.801 euro bideratuko ditu osasun-arlora. Estatu osoan osasun-arloan egingo den inbertsio-zifrarik handiena da”.

Prebentzioaren arloan, Saila elikadura osasungarria, txertaketa-kanpainak eta baheketa-programak sustatzeko egiten ari den lana azpimarratu du Murga sailburuak. Horri dagokionez, datorren urtean Eusko Jaurlaritza C hepatitisa desagerrarazteko lehen urratsak egiten hasiko dela iragarri du. Adierazi duenez, “C hepatitisaren baheketa egingo dugu, eta bi ardatz izango ditugu: arriskuan dauden taldeen baheketa eta baheketa oportunista. Era horretan, gure gobernu-programan jasotako konpromisoa beteko dugu”.

Osasuneko sailburuak, halaber, Eusko Jaurlaritzak lehen mailako arretaren alde egindako apustua azpimarratzeko baliatu du bere hitzaldiaren tarte luze bat. Esparru horretan,, Nekane Murgak azpimarratu du 2020ko ekitaldirako aurrekontuan jasotako inbertsio arrunten % 30 lehen mailako arretara bideratuko direla. Adierazi duenez, “azpiegituretan egin beharreko inbertsioa hirukoiztu egingo dugu. Ildo horretan, osasun-zentro berriak eraikitzea, daudenak modernizatzea eta lehen mailako arreta ekipamendu berriez hornitzea da gure asmoa”.

ETORKIZUNEKO ERRONKAK

Murga sailburuak adierazi duenez, gizartean osasunari lotutako edozein esparru azken 36 urteetan aurreko 500 urteetan baino neurri handiagoan aldatu da. Ildo horretan azpimarratu duenez, Osakidetza etengabe eraldatzeko gai izan da bere historia osoan, eta hori izan da haren gakoetako bat. “Eraldatu garen bitartean, kalitateko arreta eskaini dugu, eta euskal gizartearen konfiantzari eustea lortu dugu”, zehaztu du.

Osasun Sailaren eta Osakidetzaren erronka nagusien artean, kalitateko enplegua sendotzen eta plantillari egonkortasuna ematea ahalbidetuko duten lan-eskaintza publiko berriak antolatzen jarraitzeko konpromisoa azpimarratu du Nekane Murgak.

Sailburuak, halaber, datorren urtean sistema soziosanitarioak koordinatzeko organo eta figura guztien egitura-alderdiak, antolamendu-alderdiak eta laguntza-alderdiak zehaztuko dituen Dekretua aterako dela iragarri du. Gainera, azaldu duenez, proiektu hori garatzen den aldi berean, baliabide soziosanitarioen katalogoa eta osasun-sektorearen eta gizarte-sektorearen artean adostutako finantzaketa-eredua zehaztuko dira.

Murga sailburuak ziurtatu du Osasun Sailak arreta biztanleen % 100i eskaintzen jarraituko duela eta osasunaren prebentzio eta sustapenaren, segurtasun klinikoaren eta zentro guztien kalitatearen alde egingo duela. Adierazi duenez, “gure helburua Euskadin dugun osasun-zerbitzu publiko, unibertsal eta kalitateko hau bermatzen jarraitzea da”.

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA

Osasuneko sailburu Nekane Murgak Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna aipatu du, eta gogoeta egiteko eta bakoitzak bere eragin-esparruan diskriminazio mota oro albora dadin jarduteko deia egin du.

Sailburuak, halaber, Osakidetzako profesionalek egiten duten zaintza iraunkorra nabarmendu du, eta, ildo horretan, “Genero-indarkerian jarduteko gida” berriaren edizioa azpimarratu du. Bestalde, datozen hilabeteetan Osakidetzak genero-berdintasuneko lehen plana izango duela aipatu du. Adierazi duenez, “niretzat, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko lehen emakume sailburua naizen aldetik, bereziki garrantzitsua da. Mugarri izango den plan horretan, oso inplikatuta sentitzen naiz, zinez”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak