Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadik 21 hilabeteko hazkunde jarraitua izan du turisten sarrerari dagokionez, eta historiako martxorik onena izan da

2011.eko apirilak 20

Lehen hiruhilekoan, turisten sarrerak % +5,4 egin du gora eta ostatu-gauen kasuan iaz baino % +7,2 gehiago izan dira. 

Martxoan turismoak gora egin du berriro ere, nahiz eta aurten Aste Santua ez den martxoan izan.  

428.567 sarrera izan dira; beraz, 2011. urteko lehen hiruhileko hau historia osoko lehen hiruhilekorik onena izan da, 2008koa (422.568) eta 2010ekoa (406.587) gaindituta. 

Euskadik hazkundearen bideari eutsi dio turisten sarrerari dagokionez eta marka guztiak gainditu ditu. 2010. urtea euskal turismoaren historia osoko urterik onena izan ostean, 2011. urte hau ere antzera hasi da. 

Eustat Euskal Estatistika Institutuak gaur argitaratu dituen datuen arabera, euskal hotel-establezimenduetara 428.567 turista iritsi dira lehen hiruhilekoan, hau da, 2010. urtean baino % +5,4 gehiago. Eta ostatu-gauei dagokienez, lehen hiruhilekoan 771.267 erregistratu dira, iazko aldi berean baino % 7,2 gehiago. 

Hori horrela izanik, lehen hiruhileko hau historia osoko onena izan da. 2008. urtekoa (422.568 turista izan ziren) eta iazkoa (406.587 turista) ere gainditu ditu. Eta ez hori bakarrik. Zifra horien arabera, azken hilabete hau historiako martxorik onena izan da, 175.399 sarrera izan baititu. Beraz, orain arte izan dugun martxorik onena, 2007. urtekoa erraz gainditu du, 6.000 sarrera gehiagorekin. 

Datu hori oso garrantzitsua; izan ere, aurten Aste Santua ez da martxoan izan, apirilean baizik, eta horrek efektu zuzentzailea eragin dezake baina efektu hori ez da negatiboa izan; aitzitik, Euskadin turismoak gora egiten jarraitu du. 

Euskadik azken 21 hilabeteetan turista-sarreren hazkundea izan du, 2009ko uztailaz geroztik. Datu bikain horiek Eusko Jaurlaritzak egindako estrategia berriekin uztartzen dira. 2010. urtean marka turistiko berria diseinatu zen, baita 'Euskadi goza ezazu' 'claim' (lelo) berria ere. Era berean, Jaurlaritzak Marketin Plan berria du, sustapen-politika berriekin eta Euskadiko turismo-produktuen definizio berri batekin, gure potentziala sendotzeko aukera emanez. Horrekin batera, Euskadi atzerrian sustatzeko Turespañarekin izandako lankidetzaren emaitza positiboak nabarmentzen dira; hain zuzen, martxo honetan berritu da lankidetza hori eta 2011. urterako zenbatekoa bikoiztu egin da. 

Bereziki nabarmentzekoa da Gasteizen izandako hazkundea, azken hilabete honetako ostatu-gauen % +22 eta turisten sarreren % +16 baitagokio; zifra horiek bat datoz batez besteko egonaldiarekin, % 5 hazi baita eta orain 1,82 gaueko egonaldia da. Bilbok ere gora egin du hilabete honetan, % +17 ostatu-gauetan eta % +16 sarreretan; aldiz, Donostian % 7ko jaitsiera izan da bi kontzeptuetan. 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 20a 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan