Berriak Lehendakaritza
Eu

Gizonduz ekimenaren barruan gizon politikariekin egindako lana praktika on bezala aurkeztu dute Europan

2019.eko azaroak 20
  • Emakundek eta EUDELek gauzatutako proiektuak praktika onen aipamena jaso du, Europako Parlamentuko eta Europako Batzordeko kideen aurrean aurkeztuko diren esperientzia berritzaileen artean
  • Euskal ekimenak gizonezko politikarien kontzientziazioa, inplikazioa eta eragina sustatzea du helburu, emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunaren alde

Atzo, azaroak 19 (asteartea), EUDELen eta Emakunderen ordezkaritza tekniko batek “#InvolveMen: Redefining masculinities” mintegian hartu zuten parte Bruselan; maskulinotasunei buruzko mintegi hori Europako Udalerri eta Eskualdeen Batzordeak (CEMR) antolatu du. Programa diseinatzeko, lankidetzan aritu dira CEMR-ren kide diren EUDEL eta Suediako Udalerrien Elkartea.

CEMRk gizonei eta genero berdintasunari buruz antolatzen duen lehen mintegia da; horren xedea da gizonak inplikatzeko ekimen berriak bilatu eta Europako udalerrietan partekatzea, eta gizartean nagusi diren maskulinotasun-aginteei aurre egitea.

Foro honetan, EUDELek eta Emakundek praktika on gisa aurkeztu dute Emakunderen Gizonduz ekimenak 2017 eta 2018 bitartean gauzatutako proiektua, gizon politikarien talde eredugarria osatzeko; tartean daude berdintasuna bultzatzeko konpromisoa duten Euskadiko gizonezko zenbait alkate eta Eusko Jaurlaritzako zenbait goi kargu. 

Aurkezpenean bideo bat  proiektatu da, lehen esperientzia pilotuan parte hartu duten gizon politikari batzuen testigantzekin, besteak beste, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Portugaleteko alkate Mikel Torres eta Mungiako alkate Ager Izagirreren testigantzekin; hiru alkate horiek EUDELen Batzorde Eragileko kide dira. Era berean, bideoan jasota daude Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriaren testigantza eta Etxebizitza sailburuorde Pedro Jaureguirena.

Gorka Urtaranek, Gasteizko alkate eta EUDELen elkarteburuak, oso modu positiboan baloratzen du ekimenean izan duen parte-hartzea: Berdintasuna lortzea eta emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea lehentasun politikoa eta soziala dira, eta gizonezkook ere lan horretan inplikatu behar dugu gure burua. Funtsezkoa da kargu publikoek trebakuntza jasotzea eta modu pertsonal eta politikoan parte hartzea. Gizonduz ekimenak lagundu egiten digu eraginkorragoak izaten, gizon hautetsien artean eta emakumezko lankide hautetsien artean aliantzak ehuntzen. Gizonezko gehiago animatu nahi ditugu berdintasunaren aldeko bideari ekin diezaioten”.

Trebakuntza, hausnarketa eta iritzi-trukea egiteaz gainera, lehen lantalde honetan berdintasunaren alde inplikatzeko lehen ekintza zehatzak identifikatu ziren, horiek esparru politikoan abiarazteko asmoz.

Euskal ekimena garapen fasean dago oraindik, baina asmoa da Euskadiko udaletako gizon hautetsien artean hedatzea udal agintaldi honetan. Emakundek gidatuta, Gizonduz programaren bitartez, eta EUDELekin lankidetzan, asmoa da berdintasunaren aldeko tokiko gizon hautetsien lehen taldeak osatzea Euskadiko lurralde eta eskualdeetan.  

#InvolveMen Europako mintegia

Mintegia CEMRk Bruselan duen egoitzan egin da, eta bertan bildu dira Europako Parlamentuko, Europako Batzordeko eta Belgikako hiriburuan dauden ordezkaritza nazional eta eskualdekoen bulegoetako arduradunak eta langileak, gizarte-bitartekaritzako erakundeen ordezkariak eta gizarte zibileko bestelako erakundeetakoak, CEMR eta Berdintasunerako Batzorde Iraunkorra barne.

Helburua izan da gizonezkoei eta maskulinotasunari lotutako gaiak planteatzea, genero-berdintasunari dagokionez, genero-berdintasuneko politiketarako ikuspegi estrategikoagoa bultzatzeko xedez. 

Gizon politikariekin berdintasunaren alorrean jorratzen ari den lan-ildo hau neurri berritzailea da, eta agerian uzten du estereotipo maskulinoei aurre egiteko garrantzia, gizonezkoak genero-berdintasunaren aldeko lanean inplikatzeko beharrean oinarrituta, xede-talde gisa.

Nazioarteko foro honek xede horretan aurrera egiteko topaketarako, analisirako eta hausnarketarako espazio gisa balio izan du, eta Europako udal eta eskualde batzuetan dagoeneko martxan dauden praktika on batzuk eskaini nahi ditu.

Informazio gehiago, CEMR-ren webgunean https://www.ccre.org/

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Beste gonbidatu batzuk
  • Ander Bergara