Berriak Kultura
Eu

Jaurlaritzak 8.235.000 euro bideratuko ditu Euskadiko Ikus-entzunezkoen Ekoizpena finantzatzeko (2011-04-19(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko apirilak 19

Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoan ikus-entzunezkoen produkzioa sustatzeko finantzaketa-erregimenaren 2011rako deialdia egiten duen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du. Deialdian aurreikusitako diru-kopurua 8.235.000 euro dira.
Aginduaren helburua da euskal ikus-entzunezkoen sektorean ekoizpena, lehiakortasuna eta enplegua ikus-entzunezko proiektuak finantzatzearen bidez bultzatzeko sustapen lerroen erregimena eta baldintzak ezartzea. Horretarako, bi sustapen-lerro ezarri dira, interes-tasarik gabeko maileguen bidez eta kontratuak finantzatzeko maileguen bidez.
Programaren kostu orokorra 8.235.000 eurokoa da, eta urtez urte honela banatuko da: 5.000.000 euro Interes-tasarik gabeko mailegu itzulgarrien lerroan, eta 3.235.000 euro Kontratuak finantzatzeko maileguen lerroan. Biak ala biak aurrekontuetan aurreikusitako zuzkiduren kargura joango dira.
Euskadiko Autonomia Erkidegoko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzeko finantzaketa-araubidea 2007ko ekainaren 26ko 107/2007 Dekretuaren bidez araututa dago (abenduaren 16ko 214/2008 Dekretuaren bidez aldatua), eta bertan xedatzen da sustapen-lerrootara jo dezaketela ikus-entzunezko produkzio berriek eta, horien barruan, bai atalkakoak ez diren sorkuntza-lanek bai bestelako ekoizpenek.
Lanek ondoren aipatzen diren kultura-irizpideetatik hiru gutxienez, bete beharko dituzte; ikus-entzunezko animazio-lanen kasuan, gutxienez bi:
- Gidoia Euskadin girotuta egotea.
- Pertsonaia nagusietako batek, gutxienez, loturarik edukitzea euskal kulturarekin edo Europako kulturarekin.
- Gidoia euskaraz idatzita egotea.
- Gidoia jatorrizko literatura-lan baten egokitzapena izatea.
- Ikus-entzunezko ekoizpenaren argumentua artean edo artista batean oinarrituta egotea, edozein dela ere arte-diziplina, artista hori Euskal Herrikoa izan edo Europako beste herrialderen batekoa izan.
- Ikus-entzunezko ekoizpenaren argumentua oinarrituta egotea pertsonaia edo gertakari historikoren batean.
- Ikus-entzunezko ekoizpenaren argumentuak euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gai politikoak, sozialak edo kulturalak jorratzea.
- Ikus-entzunezko lanak Euskadiko ondare arkitektonikoa, arkeologikoa edo naturala baliatzea, Europako ingurumari kulturala islatzeko.
Lanen aurrekontuaren %40 inbertitu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten sortzaileak, pertsonal teknikoa eta artistikoa, bai eta profesional edo enpresek emandako zerbitzuak kontratatzeko.
Dekretuaren arabera atalkakoak ez diren ikusentzunezko sorkuntza lanak sustapen-modalitate bietara aurkez daitezke; bestelakoak, berriz, kontratuak finantzatzeko maileguetako modalitatera baino ez.
Atalkakoak ez diren ikus-entzunezko sorkuntza-lanen produktoreek finantziazio-modalitate biak erabili ahal izango dituzte batera, betiere, muga hauekin:
- Ikus-entzunezko proiektu bati ezin izango zaio esleitu, modalitate biak kontuan hartuta, 600.000 euro baino gehiago.
- Ez da onartuko subjektu batek dekretu honetako modalitateen bitartez jasotako dirutik 1.500.000 euro baino gehiago itzuli gabe izatea.
Modalitate biak bateragarriak dira beste edozein laguntza edo diru-laguntzarekin. dena den, esleitutako diru-laguntza publiko guztiek, dekretuan araututakoak barne, sekula ere ezingo dute gainditu laguntza jasotzen duen ikus-entzunezko produkzioaren erabateko kostuaren % 50, non eta ez den euskara hutsean gauzatzen edo ez diren produkzio esperimentalak, dokumentalak, animazio ataletako pilotoak eta aurrekontu txikiko produkzioak. Aipatu mugak gaindituz gero, laguntzaren zenbatekoa ahalik gehien murriztuko da, ezarritakoaren arabera. Horrelakorik gertatuz gero, gehienez murritz dakiokeen kopurua murriztuko zaio emandako diru-laguntzaren zenbatekoari.
Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, zenbait definizio:
a) Ikus-entzunezko produkzioa: telebistarako edo multimediarako egindako ikus-entzunezko lan produzitu berriak, bai atalkakoak ez direnak, bai bestelakoak.
b) Ikus-entzunezko lan produzitu berriak: emisio-eskubideak eskuratzen diren urtean edo hurrengoan produzitzen direnak.
c) Atalkakoak ez diren ikus-entzunezko sorkuntza-lana: film luzeak, sorkuntza-dokumentalak, atalkako edo multimediako lanen pilotuak eta film laburrak, hala zinemetan nola telebistan ematekoak. Era berean, multzo honetan sartuko dira izaera kultural edo esperimental irmoa duten ikus-entzunezko sorkuntzak, euskarria edozein izanik ere, eta bereziki, atalkako animazioak, honetarako formalki ezarritakoaren arabera.
Euskadiko ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzeko ezarritako bi finantzaketa-lerrotara jotzeko eskabideak aurkezteko epea hasiko da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta 2011ko uztailaren 15ean amaituko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan