Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Euskadik hartuko du ingurumen-kudeaketaren EMAS europar sariak banatzeko ekitaldia

2019-11-18

Euskadik hartuko du -zehazki Bilbo hiriak- EMAS (Eco-Management and Audit Scheme-ren ingelesezko siglak: kudeaketa eta auditoria ekologikoaren programa) sariak emateko hurrengo zeremonia. Europar Batasunak sortutako sari hauen helburua da erakunde publiko eta pribatuen ingurumen-kudeaketako ereduak aitortzea. Edizio honetako gala Guggenheim Museoan egingo da, eta espero da 300 pertsona inguru biltzea, horien artean saria lortzen saiatuko diren erakunde finalisten arduradunak, aukeran dauden 5 kategorietakoak: mikroenpresak eta enpresa txikiak; enpresa ertainak; enpresa handiak; erakunde publiko txikiak eta mikro tamainakoak; eta erakunde publiko ertain eta handiak.

2005az geroztik, EMAS sariak gai konkretu batera zuzentzen dira; bada, 2019ko edizio honetan, hautagaitzak inspiratu behar dituen gaia “EMAS aldaketaren motor gisa” izan da. Frogatu behar izan dute euren ekoizpen-sistemetan ezarritako ekimen eta neurriak lagungarriak direla garapen jasangarrira zuzendutako trantsizioa gauzatzeko.

EMASi buruz

EMAS Europar Batasunaren borondatezko araudi bat da, ingurumena kudeatzeko sistema bat ezarri duten eta etengabeko hobekuntzarako konpromiso bat –auditoria independenteen bidez egiaztatua- hartu duten erakundeak aitortzen dituena.

Hain zuzen ere EMAS Erregistroari atxikitako erakunde pribatu txiki, ertain eta handien eta erakunde publikoen bikaintasun-jardunbideak aitortzeko xedez, Europako Batzordeak EMAS sariak ematen ditu bi urtetik behin, hau da, ingurumen-kudeaketaren arloko sari prestigiodunenak; 2019ko edizioan, sariak Bilbon banatuko dira. Aurreko edizioetan, EMAS sariak emateko ekitaldia hiri hauetan izan da: Valleta, Malta (2017); Hannover, Alemania (2014); eta Brusela, Belgika (2012).

Ekitaldia Bilboko Guggenheim Museoan izango da, azaroaren 25eko arratsaldean, eta bertan bilduko dira Europar Batasuneko hainbat herrialdetako erakunde finalistak. Horien artetik, bost saridunak aterako dira.

Bilboko ekitaldira Euskadin EMAS Erregistroari atxikita dauden 83 enpresa eta erakundeetako ordezkariak ere egongo dira gonbidatuta. Zerrenda osoa kontsulta daiteke Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren webgunean.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)