Berriak Kultura
Eu

Jaurlaritzak 5.480.000 euro bideratuko ditu euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko (2011-04-19(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko apirilak 19

Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko den Agindua onartu du, Hedabideak izeneko deialdia alegia. Deialdi honetan begiz jotako xedeari aurre egiteko, 5.480.000 euro erabiliko dira.
Hedabideak deialdiak hedabideen 2011ko jarduna hartuko du kontuan, hau da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa, eta beraren helburua da euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzea.
Laguntzak emateko, Aginduak honela sailkatzen ditu hedabideak:
- A taldea: euskara hutsezko eguneroko prentsa inprimatua, barne hartzen dituena bai euskararen esparru geografiko osoan zabaltzen diren egunkariak bai udalerri eta eskualde jakinetan zabaltzen diren egunkariak. Euskara hutsezko eguneroko prentsa inprimatuaren talde honetarako 2.000.000 euro erabiliko dira.
- B taldea: euskara hutsezko aldizkari inprimatuak. Hemen euskararen esparru geografiko osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak (pentsamendua, zientzia, musika, natura, haur eta gazteei zuzendutakoak...) sartzen dira, bai eta udalerri, eskualde edo lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak ere. Talde honetarako 2.050.000 euro erabiliko dira, honela banatuta: 1.250.000 euro informazio orokorreko aldizkarietarako eta aldizkari espezializatuetarako, eta 800.000 euro informazio orokorreko aldizkarietarako.
- C taldea: nagusiki gaztelania darabilten egunkariek prestatu eta zabaldutako euskara hutsezko gehigarriak. Honako kasu honetan, eskatzailea eta onuraduna gehigarria zabaltzen duen egunkariaren edizio-enpresa izango da. Gehigarri hauek argitaratzeko 250.000 euro erabiliko dira.
- D taldea: emititu ahal izateko beharrezkoak diren gaikuntza tituluen jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak. Atal honetarako 250.000 euro erabiliko dira.
- E taldea: emititu ahal izateko beharrezkoak diren gaikuntza tituluen jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren telebistak. Talde honetarako 550.000 euro erabiliko dira.
- F taldea: Internet bidezko hedabideak eta berri-agentziak. Atal honek euskara hutsezko egunkari eta aldizkariak hartzen ditu, zati batean edo osorik euskaraz ari diren irratiak, eta notiziak euskaraz ematen dituzten berri-agentziak. Talde honetarako 380.000 euro erabiliko dira.
Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok nahi dituen beste eskabide-orri aurkezteko aukera izango du, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan