Segurtasuneko sailburuak aldarrikatu du Meteorologiako eta Itsas Salbamenduko eskumenak eskualdatzea eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorrean erabat integratzea
Meteorologia txarrak kostaldean eragiten dituen inpaktu-motak eta horrek larrialdietan duen eragina aztertzen ari dira hainbat aditu “Alerta Kostaldean” jardunaldian
Donostia, 2019ko azaroak 20.
Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak Meteorologiako eta Itsas Salbamenduko eskumenak eskualdatzea eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorrean erabat integratzea aldarrikatu du gaur ‘Alerta Kostaldean’ jardunaldiaren inaugurazio-ekitaldian. Jardunaldia Segurtasun Sailak antolatu du Donostiako Aquariumean, itsasoak eta atmosferak kostaldean eragiten dituzten arazoak larrialdien ikuspegi integraletik aztertzeko.
Meteorologiako, ozeanografiako, itsas zientzietako eta uraren kudeaketaren arloko hainbat adituk parte hartu dute Donostian egindako ‘Alerta Kostaldean’ jardunaldian, eta meteorologia txarraren ondorioak jasaten dituzten sektoreekin zerikusia duten ekarpenak eta lanak aurkeztu dituzte.
Testuinguru horretan, Segurtasuneko sailburuak gogoratu duenez, “meteorologia lozorro administratibo zentzugabean jarraitzen duten transferentzietako bat da, eta jada behin betiko konponbidea eman behar zaio”. Bide batez, Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak egiten duen lana balioetsi du, “zerbitzurik estimatuenetako bat eta herritarrek gehien ezagutzen duten marketako bat da, baina oraindik eskualdatu gabe daukagu” adierazi baitu.
“Meteorologia eta itsas salbamendua erabat integratu behar dira Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorrean”, adierazi du Segurtasun Sailaren titularrak, eta bi transferentziak “ezin dira gehiago atzeratu”, azpimarratu du.
Donostiako Aquariumeko auditoriumean egin den jardunaldia Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anituak koordinatu du, eta parte-hartzaileak izan dira Jose Antonio Aranda Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziako Meteorologiaren arduraduna, Santiago Gaztelumendi Tecnaliako Meteorologia Atalaren zuzendaria, Rubén Santos Uraren Euskal Agentziako (URA) Uholde-arriskugarritasunaren arloko teknikaria, Adolfo Uriarte AZTIko balio-zuzendaria eta Nautika Eskolako (UPV/EHU) Irantzu Sotés eta Mercedes Maruri irakasleak.
Jardunaldiko gai nagusiak meteorologia txarrak eta itsasoaren egoerak kostaldearen erabiltzaileei eta kudeatzaileei, olatuen, denboraleen eta uholdeen ondorioz, hondartza, portu, errepide eta itsas pasealekuetan eragiten dizkieten arazoak izan dira.
Jardunaldiaren helburua, beraz, etorkizunera begira hobekuntzak egiteko abian dauden lan- eta azterketa-lerro nagusiak diziplina anitzeko ikuspegi batetik aztertzea eta azaltzea izan da, eskumenak dituzten eragile guztien artean, bai eta eragin horien arazoak jasaten dituzten erabiltzaileen artean ere, hobetu ahal izateko Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kostaldean aktibatzen dituen abisu horien, alerta laranjen eta alarma gorrien sistema.
Txostengileek eztabaidagai izan dituzten gaiak izan dira denboraleak, meteorologia, marea biziak, bokale eta estuarioetako ur-emari handiak eta, oro har, kostaldeko UAPEAk deitu izan direnak, hala nola, portu-agitazioa, portuak ixtea edo itsas pasealekuak eta dikeak gainditzen eta kolpatzen dituzten olatuak; hondartzetako segurtasun-ereduak erabiltzaile taldeek jasandako inpaktuaren arabera; eta itsasoaren maila igotzea klima-aldaketaren eraginez, datozen urteotan arriskua areagotuko duen arazoa izanik.
Jardunaldi teknikoari amaiera emateko egin den mahai-inguruan jardunaldira bertaratu direnek ere parte hartu dute.