Berriak Kultura
Eu

1.280.000 euro informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko (2011-04-19(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko apirilak 19

Kulturako sailburuaren proposamenez, gizarte-bizitzan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko den Agindua onartu du Euskalgintza izeneko deialdi honetarako 1.280.000 euroko aurrekontu-partida erabiliko da.
Agindu honen xedea da gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko lanean diharduten pertsona fisikoek edo juridiko pribatuek 2011n burutuko dituzten egitasmoei zuzenduriko diru-laguntzak arautu eta dei egitea.
Laguntza deialdi honek 2011n burutuko diren egitasmoak baino ez ditu gogoan hartuko. Hori dela-eta, deialdi honetara biltzen diren egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edota gizarteratu beharreko jardunak, zerbitzuak eta produktuak 2011ko abenduaren 31 baino lehen eskaini, eman edota gizarteratuko dira.
Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen egitasmoak:
- Aisialdi-taldeen jardunean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak: aisialdirako begiraleei zuzendutako prestakuntza eta material-prestakuntza; eskola-ordutegitik kanpo dauden jardunen garapena.
- Ezagutzatik erabilerarako jauzia egite aldera, harreman-sareetan euskararen erabilera sustatu eta indartzeko egitasmoak, bai ahozkoan bai irakurri-idatzian, zenbait gizarte-talderi zuzendutakoak lehenetsiz: haur eta gazteak, euskaldun berriak.
- Haur eta gazteen aisialdiko kirol ekintzetan euskararen erabilera areagotu, sustatu eta indartzeko egitasmoak.
- Euskara ez dakiten euskal herritarrak euskarara hurbiltzea eta beroriei euskaraz sortu eta burututako jardunaren berri ematea helburu duten egitasmoak.
- Euskararen ondareari buruzko informazioa jaso, gorde edota digitalizatu eta hedatzea helburu duten egitasmoak.
- Euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak.
- Euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak.
- Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak.
- Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak: irakurketa- eta idazketa-trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura-gidak.
- Emakumeen euskarazko sormen kulturala bultzatzea helburu duten egitasmoak: hitzaldiak, erakusketak eta tailerrak.
- Etorkinen artean euskararen erabilera sustatzera zuzendutako jarduerak eta proiektuak bultzatzea helburu duten egitasmoak.
- Euskaraz landu eta plazaratutako kalitatezko ekarpenak bikaintasunaren irizpideen arabera bultza eta babesteko egitasmoak.
- Euskarazko jostailu, joko eta denbora-pasak.
- Euskararen Aholku Batzordeak "Euskara 21. Itun Berritu Baterantz. XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak" izeneko hausnarketaren ondorengo lan-ildo estrategikoak lagungarri izanik, aurreko atalean zein Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen dituen laguntza-motetan laguntza gai ez diren bestelako egitasmoak.
Begiz jotako xedeari aurre egiteko 1.280.000 euro erabiliko dira eta laguntza-mota hau egitasmoen gauzatze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuei partez aurre egitera dator. Nolanahi ere, kanpoan utziko dira honako hauek: egitasmoa erdaraz egiteari dagozkion gastuak eta patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak.
Egitasmo orok gastu eta sarrera-aurrekontu orekatua izan behar du, ezinbestean. Ondorioz, aurrekontu orekaturik ez duen egitasmoa kanpo utziko da. Egitasmo orok, gainera, gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du, ezinbestean. Ondorioz, finantzaketa-maila horretara iristen ez den egitasmoa kanpo utziko da. Finantzaketa hori gastu-aurrekontuaren % 45, gutxienez, izango da, merkaturatu eta salduko diren produktuak burutzea helburu duten egitasmoen kasuan, eta gastu-aurrekontuaren % 35, gutxienez, gainerako kasuetan.
Aurreko puntuan aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauez osatuta egongo da: eskatzailearen diru-ekarpenak, zerbitzu-salmentatik eskuratutakoak, produktu-salmentatik eskuratutakoak, publizitatetik eskuratutakoak edo entitate pribatuetatik jasotakoak.
Defizitarioak diren egitasmoei bakarrik eman ahal izango zaie diru-laguntza, hots, aurreikusitako gastuak, eskatzaileak ezinbestean jarri beharreko finantzaketa propioarekin berdindu ezin dituzten egitasmoei. Ondorioz, defizitarioak ez diren egitasmoak kanpo utziko dira.
Euskalgintza deialdiaren bidez eskuratutako diru-laguntza bateragarria da beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 21. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gainfinantzaketarik gertatu dela ikusten bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da. Murrizketa hori gainfinantzaketaren bestekoa izango da.
Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok nahi dituen beste eskabide-orri aurkezteko aukera izango du, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan