Eu

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Usoa Babes Fundazioa erakundea gizarte-interesekotzat aitortzen duen dekretu-proiektuari (Gobernu Bilera 2019-11-19)

2019.eko azaroak 19

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Usoa Babes Fundazioa erakundea gizarte-interesekotzat aitortzen duen dekretu-proiektuari; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, bere gizarte-ekintzako jardueren bidez, gizarte-zerbitzuen garapenean laguntzen duela irizten du, eta Gizarte Zerbitzuen Legean aurreikusitako eskubideak aitortzen dizkio.

Usoa Babes Fundazioa erakundeak adierazpen hori eskatu zuen; izan ere, garatzen dituen gizarte-ekintzako jardueren ondorioz, gizarte-intereseko erakundearen aitorpena merezi du. Erakundea Adimen Ezintasuna duten Pertsonen Arabako Elkartearen (APDEMA) babes-fundazio gisa eratu zen, 1985ean, eta, izendapenean zenbait aldaketa izan ondoren, gaur egun Usoa Babes Fundazioa izena du.

Fundazioaren helburua da desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza-neurriak gauzatzea, jarduteko gaitasuna aldatzeko prozesuan ezarri direnak edo beren desgaitasunarekin zerikusia dutenak, Fundazioari esleitu zaizkionak, bai prozesu judizialetan, bai interesunek prebentzio gisara, bai haiek ezartzeko lege-ahalmena duten pertsonek.

Fundazioaren beste helburu batzuk dira aurreikuspeneko erakunde, jarduera eta zerbitzu mota guztien eraketa, hobekuntza eta garapena sustatzea, eta, oro har, Fundazioaren xede diren pertsonak hobeto defendatzen eta babesten zuzenean edo zeharka laguntzen duen beste edozein ekimen sustatzea.

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen ibilbide historikoa du; izan ere, erkidego honetan 2014tik etengabe egiaztatu du bere jardueraren garapena. Arabako Lurralde Historikoan dihardu lanean, nagusiki.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko