Berriak Lehendakaritza
Eu

Azaroaren 25eko adierazpena, “Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna” (Gobernu Bilera 2019-11-19)

2019.eko azaroak 19

Azaroaren 25a "Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna” da eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzak indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurrean gaitzespen irmoa adierazten du, bai eta emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizarte berdinzalea eraikitzearekin duen konpromisoa ere.

Gure ustez, erabat beharrezkoa da gogoraraztea emakumeen aurkako indarkeriaren sustraia emakume eta gizonen desberdintasuna dela eta, beraz, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraiki ahal izateko, berdintasunean lan egitea ezinbestekoa dela.

Emakumeen aurkako indarkeriak egiturazko izaera du, eta dimentsio eta bizitzako eremu guztietan du eragina. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak emakumeen aurkako indarkeriari ematen dion erantzuna diziplina artekoa da, eta bizitzako edozein eremutan emakumeen beharrak prebenitzeko eta haiei arreta emateko eskumenak dituzten gobernuko arlo guztiak inplikarazten ditu.

Gaur, Gobernuko sailen artean eta beste erakunde batzuekin batera koordinatuta lan egiten jarraitzeko dugun konpromisoa berresten dugu, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartean aurrera egin eta indarkeriaren biktima diren emakumeei ahalik eta berme gehienekin emateko arreta.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailean SATEVI - indarkeriaren biktima diren emakumeei 24 orduz informazioa eta arreta telefono bidez emateko zerbitzuaren bidez eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako prestazio ekonomikoen bidez jarraituko dugu lanean; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailean, etxebizitzarako sarbidea izateko bide ematen diegu; Osasun Sailean, arreta espezializatuaren bidez; Lan eta Justizia Sailean, Biktimei Arreta emateko Zerbitzuaren (BAZ) bidez, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Zentro Koordinatzailearen barruan, doako laguntza juridikoaren bitartez; Hezkuntza Sailean, hezkuntza-sisteman genero-indarkeriaren baterako hezkuntzarako eta prebentziorako Plan Gidariaren bidez edo zenbait programaren bidez –besteak beste, Nahiko, Beldur Barik…–; Segurtasun Sailean, emakume biktimei segurtasuna eta babesa emanez, eta emakume biktimei arreta emateko lanbide-heziketaren aldeko apustua eginez, Jabetuz bezalako prestakuntza-programen bidez. Hori guztia, Emakundek koordinatuta.

Gobernuak berretsi egiten du Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean eta 2030eko Garapen Jasangarrirako Agendaren 5. helburuan jaso den erronka handi horri erantzun egokia emateko etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa. Konpromiso hori berdintasunerako euskal legea aldatzeko proposamen berrian islatzen saiatuko da, berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeriaren amaiera finkatzeko.

Azkenik, egunero emakumeen aurkako indarkeriari erantzuteko zenbait eremutatik lan egiten duten profesionalen lana aitortzen du. Aldi berean, egoera horietan dauden emakume guztiei laguntza- eta elkartasun-mezua helarazten die. Era berean, herritarrak animatzen ditu egunero jarrera aktiboa eta emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko jarrera erakustera, eta, horretarako, eguneroko konpromisoak hartzera eta azaroaren 25erako herri eta hirietan deitu diren mobilizazioetan parte hartzera.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko