Berriak Osasuna
Eu

Euskadin Suizidioa Prebenitzeko Estrategiaren zabalkundearen buru izango den batzordea eratu da

2019.eko azaroak 20

Osasun sailburuak iragarri duenez, erakundeen arteko organo horren epe laburreko lehentasuna Osakidetzako historia kliniko elektronikoan Arrisku Suizidaren Kodea sortzea izango da

Batzorde berean, 2013-2020ko Osasun Planaren garapenaren inguruko urteko ebaluazioaren berri eman du Nekane Murgak

 

Osakidetzako historia kliniko elektronikoan Arrisku Suizidaren Kodea delakoa ezartzea Euskadin Suizidioa Prebenitzeko Estrategiaren Koordinazio eta Segimendu Batzordearen epe laburreko lehentasun nagusia da.

Hala iragarri du gaur Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordearen aurrean eginiko agerraldian; hartan, pasa den ekainean Euskadin suizidioaren eragina murrizteko onetsitako estrategiaren eduki eta helburuen berri eman du. Sailburuarekin batera, José Antonio de la Rica Euskadiko koordinatzaile soziosanitarioak eta Andrea Gabilondo psikiatrak ere hitz egin dute, José Andrés Martín Zurimendi psikiatrarekin batera dokumentuaren egile izan den lantaldeko koordinatzaileek.   

Koordinazio eta Segimendu Batzordeak pasa den astean egin zuen eraketa-bilera, eta hura da estrategiaren ezarpenaren buru izateko eta hark aurreikusten dituen 57 neurriak betetzen direla egiaztatzeko arduraduna. Organo horretan, honako hauek parte hartzen dute: Eusko Jaurlaritzako Osasun, Segurtasun, Hezkuntza eta Justizia sailak; hiru foru-aldundiak; Eudel, eta Osakidetza, bai eta Biziraun  bizirik irten direnen elkartea eta FEDEAFES-Buru Gaixotasuna duten Pertsona eta Senide Elkarteen Euskadiko Federazioa ere.

Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Elkarteak (IASP) oraintsu saritu duen estrategiaren helburua da noranzko bikoitzean aurrera egitea: suizidiorako arriskua dakarten jokabideen detekzio goiztiarra, berehala eta koordinazioz jarduteko; eta suizidioa gizartean ikusaraztea eta, horrela, estigmak eta tabuak apurtzea eta bizirik irteten diren pertsonak zaintzea. Eta, horretarako, prebentziorako, esku hartzeko eta postbentzioko sistema integratua eta eraginkorra ezartzea, osasun publikoaren ikuspegitik Euskadin suizidioaren jokabidearen intzidentzia, nagusitasuna eta eragina murriztuko dituena.

Agerraldian ezagutzera eman denez, Osasun Sailak eta UPV/EHUk elkarlanean dihardute, datorren 2020-2021 ikasturtetik aurrera suizidioaren prebentzioaren eremuan lehen unibertsitate-titulua eskaini ahal izateko.   

             

OSASUN PLANAREN URTEKO EBALUAZIOA

Sailburuak, halaber, Legebiltzarreko batzorde berean egin du agerraldia, urtero 2013-2020ko Osasun Planaren garapenaren inguruan egiten duen ebaluazioaren berri emateko, planean bertan onartutako eta zehaztutako konpromisoa betez.

2018ko jarduera-txostenak jaso dituen aurrerapen nagusien artean nabarmentzekoak dira honako eremu hauetakoak: bularreko eta koloneko minbiziaren baheketa, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako arreta, minari heltzea edo aurretiazko borondateen adierazpena.

Osasunaren sustapen- eta prebentzio-eremuan, azpimarratzekoa da erakartzeko ekimenak gauzatzea, besteak beste, Suizidioa Prebenitzeko Estrategiaz gainera, SANO Haur Obesitatea Prebenitzeko Estrategia, Euskadiko Plan Onkologikoa edo Bihotzez Kodearen erregistroa.

 

2019ko azaroaren 20a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak