Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernuak aurrekontuen negoziazioa zabalik du talde parlamentario guztiekin

2019.eko azaroak 19

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia lagun zituela.

Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du Gobernuak irekita duela aurrekontuen negoziazioa talde guztiekin. Gainera, gogorarazi du Azpiazu sailburua Elkarrekin Podemosekin bildu zela joan den astean, eta jakinarazi du aste honetan bilduko dela EH Bildurekin eta, berriro, Elkarrekin Podemosekin. Era berean, Alderdi Popularrarekin biltzeko data bat adosteko ere lanean ari direla adierazi du. "Gobernuaren borondatea da Aurrekontuen proiektua hiru alderdi politikoekin partekatzea", adierazi du.

“Euskadiko toki erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko Dekretua”

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak jakinarazi dutenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du Euskadiko toki erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko Dekretua, lehentasunezko helburutzat hartuta euskara ohiko erabilera orokorreko lan-hizkuntza bilakatzea beren jardunetan, eta udalerrien funtzionamendua euskaraz izatea ahalbidetzea. Gainera, dekretuak instituzioen arteko harremanetan ere sustatu nahi du euskararen erabilera. “Euskararen erabilera udalerrietan eta udalerrietatik bultzatzea da helburua. Laneko hizkuntza eta herritarrei zerbitzu emateko hizkuntza izatea nahi dugu, baita toki eremuan ere”, adierazi du Erkorekak.

Bestalde, Bingen Zupiria sailburuak ziurtatu du legealdi honetan euskara normalizatzeko ahaleginak erabilera soziala sustatzera bideratu direla; eta nabarmendu du toki-erakundeek funtsezkoak izan dezaketela eta izan behar dutela sustapen horretan. "Udaletan eta udalerrietan euskararen erabilera bultzatzeko garrantzi handiko dekretua onartu dugu", adierazi du.

Zentzu horretan, Erkoreka sailburuak nabarmendu du, Dekretu horrekin garai berri bati ematen zaiola hasiera, non toki erakunde bakoitzak erabaki ahal izango duen lanerako eta herritarrekin erlazionatzeko zein hizkuntza erabili. “Hori guztia, betiere, udal instituzioarekiko harremanean herritarrek hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea bermatuta, inolako diskriminaziorik egin gabe”, azpimarratu du. Horrekin lotuta, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak nabarmendu duenez, Dekretu honekin bultzada bat ematen zaie udal eskumenei euskararen sustapenean.

Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna

“Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna”ren testuinguruan ‒datorren astelehenean azaroaren 25ean‒ Erkoreka bozeramaileak Eusko Jaurlaritzaren izenean aditzera eman du gaitzespen irmoa indarkeria sexistaren adierazpen ororen aurrean, baita gizarte igualitario bat eraikitzeko konpromisoa ere, emakumeen aurkako indarkeriarik gabea. “Berretsi egiten dugu lanean jarraitzeko konpromisoa emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte libre baterantz aurrerapausoak ematearren eta, berme handienekin, indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzearren”, adierazi du.

Hori bai, diziplina anitzeko erantzun bat planteatu du Erkoreka sailburuak, Gobernuko arlo guztiak inplikatuta prebentzioan eta premiei erantzunak ematen emakumeek beren bizitza garatzen duten edozein eremutan. Konpromiso horren erakusgarri gisa, Josu Erkoreka sailburuak besteren artean aipatu du Berdintasunerako Euskal Legea aldatzeko proposamena, berdintasuna indartzeko eta emakumeen aurkako indarkeria errotik erauzteko helburuz.

Gainera, Erkoreka sailburuak mezu bat helarazi du, babesa eta solidaritatea erakusteko halako egoerei aurre egiten ari zaien emakume guztiengana; eta herritarrak animatu ditu emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean jarrera aktiboa eta gaitzespena erakuts dezaten azaroaren 25erako deitu diren mobilizazioetan parte hartuta.

Enpresaren sektorerako laguntza-programak

Bere aldetik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak jakitera eman duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du aurrekontu-kreditua handitzea enpresaren sektorerako laguntza-programetan ‒INDARTUrako eta BIDERATUrako 2 milioi euro eta 2,15 milioi euro hurrenez hurren‒ guztira 4,1 milioi euro gehigarrirekin.

Indartu programari dagokionez, eremu desfaboratuetan inbertsioak egiten dituzten enpresentzat, Tapia sailburuak nabarmendu duenez, gainditu egin dira itxaropenak eta, hortaz, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailak laguntzen diru-kopurua handitzea erabaki du ahalik eta inbertsio handienari atxikitzeko helburuz.

Bideratu programari dagokionez, krisian dauden enpresak berregituratzen eta suspertzen laguntzeko, Arantxa Tapiak azaldu duenez, aurkeztutako berregituraketa-planen arabera, zuzkidurak 4 milioi 550 mila eurokoak izango direla zenbatetsi da; hortaz, 2.150.000 euro gehitu behar zaizkie laguntza horietara bideratutako fondoei. Tapiak esandakoaren arabera, 2019ko deialdian enpresen ohikoak baino kasu gehiago egon dira, zeinak, zailtasun-egoeran egonda, hasierako akordio batera iritsi diren enpresaren eremuan eta bete egin dituzten, era horretan, Bideratu laguntzetan parte hartzeko ezinbestekoak diren irizpideak.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2019.eko azaroak 19

    Comentario de Twitter:
    🔵 Gobernuak aurrekontuen negoziazioa zabalik du talde parlamentario guztiekin ➡︎ https://t.co/S1p8AP7vkB https://t.co/vEVILH00Kk

Ekitaldiko kargudunak