Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Lezo eta Jundizko terminal logistiko intermodalak garatzeko protokoloa (2011-04-19(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko apirilak 19

Erabakia, Sustapen Ministerioaren eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko lankidetza-protokoloa sinatzeko baimena ematen duena. Salgaien trenbide bidezko garraioa bultzatzeko plan estrategikoaren barruan salgaiak garraiatzeko oinarrizko sarean sartutako terminal logistiko intermodalak garatzea du helburu.

Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman du, salgaien trenbideko garraioa bultzatzeko plan estrategikoko salgaien oinarrizko sarean sartuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko terminal logistiko intermodalak garatu ahal izateko Sustapen Ministerioarekin adostutako lankidetza-hitzarmena sinatzeko.

Jundizko terminala eta Lezokoa dira Planak Euskadin aurreikusi dituen terminalak eta ondorioz protokoloan sartuta direnak.

Terminal horietako bakoitzerako, Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak terminalaren bideragarritasun logistikoa eta ekonomikoa ebaluatzeko behar diren azterlanak egingo dituzte, eta bideragarri badira, egokiena den sustapen- eta kudeaketa-eredua zehaztuko dute.

Terminalen sustapen eta kudeaketarako, ahal dela, ekimen publikoa eta pribatua uztartzen dituen eskema bat baliatuko da.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak bere gain hartuko ditu terminala lurralde eta hirigintza aldetik ondo txertatzeari buruzko azterlanak, bai eta merkatu logistikoaren gainekoak ere.

Lan horiek Sustapen Ministerioaren esku jarriko ditu ondoren, Estatu osorako proiektu bateratua sasoiz gara dezan.

Lan horiek oinarri hartuta, eta betiere protokoloaren indarraldia amaitu baino lehen -indarraldi hori urtebetekoa izango da, baina beste urtebete luzatzeko aukerarekin-, Sustapen Ministerioak terminalen bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlan bat egingo du, eta, kasuaren arabera, horiek sustatu eta kudeatzeko formularik egokienak proposatuko ditu, bai eta trenbidearen eta logistikoaren ikuspuntutik eraginkorrena izango den diseinu funtzionala ere.

Salgaien trenbideko garraioa bultzatzeko plan estrategikoa

Sustapen Ministerioaren helburu behinenetako bat da trenbideko salgaien garraioa sustatzea eta intermodalitatea garatzea, garraio-sistema orekatu eta iraunkor bat lortu ahal izateko. Eta politika hori garatzeko, Ministerioak salgaien trenbideko garraioa bultzatzeko plan estrategikoa egin du (PEITFM). Plana 2010eko irailaren 14an egin zen sektoreko konferentzian aurkeztu zitzaien autonomia erkidegoei.

Planaren barruan salgaien oinarrizko sare bat zehazten da. Sare horrek autonomia erkidego guztietako terminal logistikoak hartzen ditu bere baitan, trenbidea katea logistikoan erabat txertatzeko asmoarekin.

Terminal intermodal berri horiek benetako zentro logistiko izateko pentsatuta daude, eta horrek esan nahi du garraioari halako balio erantsi bat eman ahal izango diotela; horretarako, errepideko eta trenbideko sarbideei arreta berezia eskainiko zaie, bai eta zentroen barne diseinuari ere, hartara ibilgailuek egin beharreko maniobrak eta alferrikako kostu operatiboak murriztteko.

Terminal logistiko intermodalen zehaztapenak, Sustapen Ministerioarekin eta beste autonomia erkidegoekin koordinatuta erabaki dira, arlo horretan zerikusia duten eragile ekonomiko eta sozialek ere parte hartu dutelarik. Eusko Jaurlaritza bat dator planaren printzipioekin eta uste du onena dela gure lurraldean egitekoak diren terminal logistiko intermodalak garatzen laguntzea.

Horregatik, lankidetza-protokolo bat sinatuko du, Lezoko eta Jundizko terminalen garapenaren inguruko elkarlana nola mamitu zehazteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan