Berriak Lehendakaritza
Eu

Planeta aldatu ahal izateko Garapen Iraunkorrerako 17 Helburuekin konpromisoa hartzeko eskatu die gazteei Lehendakariak

2019.eko azaroak 16
  • Euskadiko ehun gaztek baino gehiagok parte hartu dute Goals Power Lab-en lehenengo edizioan garapen iraunkorrerako helburuak lortzen gazteek betetzen duten rol protagonista bultzatzearren.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal lagun zuela, Agenda 2030 Goals Power Lab jardunaldian parte hartu du; partaidetzarako eta hausnarketarako gune bat, Euskadiko gazteei zuzendua Agenda 2030ekiko ezagutza, sentsibilizazioa eta konpromisoa sustatzeko. 

Gazteriaren Nazioarteko Erakundeak (OIJ), UNICEFek eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako jardunaldi hau Bilboko Euskalduna Jauregian egin da, eta Euskadiko ehun gaztek baino gehiagok parte hartu dute bertan.Gainera, Frantziako Akitania Berriko eskualdeko 30 bat gazte izan dira, Euroeskualdearen bitartez izena eman dutenak. Jardunaldi honen helburua Garapen Iraunkorrerako Helburuak lortzen gazteek duten rol protagonista bultzatzea da.

Bere aldetik Lehendakariak azpimarratu duenez, pertsonek aldatzen dute mundua; eta horregatik eskatu die jardunaldian parte hartu duten gazteei konpromisoa Garapen Iraunkorrerako 17 Helburuekin, konpromiso pertsonal ugari elkartzearen menpe baitago planetaren etorkizuna. Horrekin lotuta, Lehendakariak nabarmendu egin du instituzioen, enpresen eta Unibertsitateen ekintzak duen balioa; konpromisoa, ordea, pertsona bakoitzarengandik hasten dela azpimarratu du. “Pertsona bakoitza sortzailea, berritzailea izan daiteke, hazkunde eta garapen iraunkorrean lagun dezake; edo geldirik gera daiteke. Ez zaitezte geldirik geratu”, adierazi du.

Ekimena, Goals Power Lab izena hartu duena, OIJ eta UNICEF erakundeen proposamen bat da; eta Euskadi da berau gauzatzen den aurreneko Autonomia Erkidegoa. Jardunaldi honekin, hedapenerako, lankidetzarako eta baterako sorkuntzarako gune bat eratu nahi da, gazteen ezagutza, sentsibilizazioa, konpromisoa eta ekintza sustatzera bideratua, Garapen Iraunkorrerako Helburuak lortzeko. Jardunaldi hauen azken produktu gisa txosten digital interaktibo bat egingo da eta eskuragarri egongo da parte-hartzaileentzat eta prozesuan inplikatutako Autonomia Erkidegoentzat.

Agenda 2030 ekintza-plan global bat da, ONU buru duena, eta garapen iraunkorrerako 17 helburu planteatzen ditu bost alderdi hauen alde: pertsonak, bakea, planeta, oparotasuna eta elkarlana.

Lehendakariak azpimarratu duenez, "Agenda 2030" mundu mailako konpromiso bat da, eta Eusko Jaurlaritzak bere ekarpena egiten du barne-kudeaketa 17 helburuekin lerrokatuz, konpromisoa gizarte osora hedatuz; eta konpromiso horretan aitzindari izanda mundu mailan. “Hiru bide ditugu elkarri laguntzeko: 17 helburuak onartzea, konpromiso hori gure egitea eta gure Herrialdearen identitatea munduan ezagutzera ematea. Horrekin eraikiko dugu Mundu hobeago bat eta Euskadi hobeago bat”, adierazi du.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa da garapen iraunkorraren helburuak ezagutaraztea eta errealitate bihurtzea, gizarte kohesionatuagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa egiten lagunduko baitute. Sailburuak gazteak animatu ditu inplikatzera, konprometitzera eta  euskal politika publikoekin kritikoak eta zorrotzak izatera, baina batez ere autokritikoak eta autozorrotzak izatera; izan ere, adierazi duenez, "benetako iraultzak aldaketa sinple baina iraunkorren ondorio dira".

Parte hartzen, Lehendakaria eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal izan ezik, UNICEFeko zuzendari exekutibo Francisco Javier Martos eta OIJeko idazkari nagusi Max Trejo Cervantes ere izan dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak