Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernantza Demokratikoaren Institutuak (Globernance) eta Jaurlaritzak txosten bat aurkeztu dute Euskadiko armen merkataritza eta esportazioari buruz eta esportazioen gardentasun eta kontrola hobetzen Euskadiko erakundeek hartu beharreko rolaz

2019.eko azaroak 18
  • Agiri hori Gobernantza Demokratikoaren Institutuak ondu du (Globernance), Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren mandatu bati erantzunez
  • Txostenak ondorioztatu du ez Eusko Jaurlaritzak ez Eusko Legebiltzarrak edo Euskadiko erakundeek ez dutela eskumenik itsas merkataritzaren eta interes orokorreko portuen gainean, ezta kanpo-merkataritza, arma eta arma-industria sektoreetan ere
  • Txostenak proposatzen du neurri egokia izango litzatekeela autonomia-erkidegorako merkataritza-jardunbide onei buruzko Jokabide edo/eta Gardentasun Kode bat sortzea, beren gogoz hari atxikitzen zaizkion Euskadiko arma-sektoreko enpresetan aplikatzekoa

Eusko Jaurlaritzak eta Gobernantza Demokratikoaren Institutuak (Globernance) txosten bat aurkeztu dute Euskadiko arma-merkataritza eta, gaiari buruzko beren  eskumen urriak baliatuz, esportazioen gardentasun, kontrol eta indarrean den zuzenbide-antolamendua betetzea hobetzen Euskadiko erakundeek joka dezaketen rolaz.  

Agiri hori Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuari egindako mandatu bat da, eta gaur goizez aurkeztu dute Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, Paul Ortega  Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak eta Juanjo Álvarez, José Luis Iriarte, Cayetana Santaolalla eta Unai Belintxon txostenaren egileek.

Eusko Jaurlaritzako arduradunek adierazi dute nahitaezkoa dela araudiaren arabera armen esportazioaren gaineko gardentasun, jarraipen eta kontrol-estandar gorenak aplikatzea eta, hartara, ekarpen erabakigarria egiten zaiola giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea larriki urratzen den testuinguruetan dauden pertsonen segurtasun, bake eta giza eskubideen eta bizitzaren babesari.

Gainera, baieztatu ere dute gaur aurkezten den txostena Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Politiken Koherentziarako Erreferentzia Esparruan kokatzen dela, 2016ko apirilean Gobernu Kontseiluak onartutakoa. Gogorarazi dute, halaber, politiken koherentzia Euskadi 2020 - Gobernu Programan biltzen dela, 171. Konpromisoan: “Garapenerako Lankidetza (GL) eta erakunde arteko koordinazioa bultzatu”, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari esleitzen dio GL bultzatu eta dinamizatzeko rol hori EJren barruan, Garapenerako Lankidetzaren 2018-2021eko Aldirako IV. Gida Planean ere biltzen dena.

Txostena

Beste gai batzuen artean, gaur aurkeztutako txostenak arma-merkataritzaren eta interes orokorreko portuen eskumen- eta zuzenbide-esparrua aztertzen du, beharrezkoa baita Europar Batasunaren barruan gai horren gainean autonomia-erkidegoak duen eskumena eta rola argitzeko. Bigarrenik, armen merkataritzari, haien esportazioari eta Giza Eskubideak zein Giza Zuzenbidea ez urratzeko gardentasun- eta kontrol-neurriei aplikatzen zaien arauzko zuzenbide-esparrua aztertzen du, baita Nazio Batuen edo EBren zehapenen pean diren herrialdeetara armak esportatzeari eta Euskadiko erakundeek kontrol-mekanismoak ezartzeari zein dagokion ere.  

Azken alderdi horri buruz, agiriak nabarmendu du gutxi direla giza eskubideen babeseko gaien inguruan Kode Etiko edo Jokabide Kode irekia eta publikoa duten sektore horretako Euskadiko enpresak. Aldi berean, agiriak proposatzen du EAEko erakundeek Oinarrizko Jokabide eta Gardentasun Kode bat diseinatu edo/eta sortzea merkataritzako jardunbide onei buruz, ekimen horrekin beren gogoz bat egiten duten sektore horretako Euskadiko enpresetan aplikatzekoa.

Egileen arabera, kode horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Giza Eskubideen eta Giza Zuzenbidearen Behatoki bat sor daiteke, edo merkataritza onaren Jokabide Batzorde bat, Herri Administrazioetako ordezkariek, sektoreko enpresek, bezeroek/erabiltzaileek eta gizarte zibilak osatua.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak