Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Hiriko eta landako munduen arteko erlazioari buruz Txinan egindako nazioarteko foroan parte hartu du Euskadik

2019.eko azaroak 14

Lurralde Plangintzako sailburuorde Arantza Leturiondok eta Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze zuzendari Ignacio de la Puertak hiri/landa arteko erlazioari buruzko nazioarteko lehenengo foroan parte hartu dute. Foroa azaroaren 11tik 13ra egin da, Songyang-en, Txinan. Ekitaldian 17 herrialdetako 200 ordezkari politiko, aditu eta ikertzaile baino gehiago izan dira.

Batzar orokorrean lurralde-plangintzako Euskadiko esperientzia aurkeztu zen, bai landa- eta natura-eremuan bai hirikoan, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan (LAG) bildutakoa.

Euskadiko lurraldearen % 93 ez dago urbanizatuta eta % 20 babestuta dago Natura 2000 Sarean sartuta dagoenez gero. Gure lurraldearen tamainari eta ezaugarriei esker, landa/hiri erlazio etengabe baten aurrean gaudela esan dezakegu, elkarrekin bizi direna eta nahitaez elkarren osagarri izan behar dutena, eta horretarako baldintzak ezarri behar dira egin daitezkeen erabilera eta jardueretarako, eta betiere klima-aldaketatik eratorritako mehatxuak eta arriskuak kontuan hartuta.

Azpiegitura berdeek funtsezko rola betetzen dute landa/hiri artean ezarri beharreko erlazio berri horretan, ekosistemen zerbitzuak lurralde osora hedatzea ahalbidetzeko.

Oinarri horiekin, lurralde-plangintzan bildutako gidalerroek argi eta garbi defendatzen dute tokiko ekonomiari berriro ekitea, ekonomia sozialagoari eta solidarioagoari, baita nekazaritza eko-arduraduna indartzea ere, hiriak elikagaiez hornituko dituena.

Euskal ordezkaritzak bi debate-mahaitan parte hartu du gainera, eta haietan aztergai izan dira ondokoekin lotutako alderdiak: bio-eskualdeen kontzeptua, lurraldearen kudeaketa-eredu iraunkor eta berri gisa; emakumeen papera balioen transmititzaile gisa landa-munduan; eta landa-eremuen susperraldia, berrikuntzaren, artearen eta kulturaren bitartez, ondare arkitektonikoak eta kultural materialak eta immaterialak duten balioa nabarmenduz.

Nazioarteko elkarraldia amaitzean “2019 Songyang Consensus” akordioa sinatu dute, non sei konpromiso identifikatzen diren:

  1. Balioen sistema berreraikitzea landa-munduko bizitasuna berreskuratzeko
  2. Landa-eremuko ekonomiaren garapen-eredua sistematikoki berritzea
  3. Landa-eremuko kultura inguruetako sustrai eta arimatzat aintzatestea
  4. Bai landako kokalekuak bai hirikoak ezinbestekoak direla onartzea garapen iraunkor bat bermatze aldera
  5. Landako baliabideak gizartearen garapenerako funtsezkoak direla berrestea
  6. Landa-eremua eta landa/hiri arteko erlazioa suspertzeko jardun egokien garapena, dokumentazioa eta hedapena sustatzea

Ordezkaritzak ONU Habitat-ekin izango duen elkarraldi batekin amaituko du bere bisitaldia Txinara. Elkarraldia Pekinen egingo dute hurrengo World Urban Forum (WUF10) prestatzeko, 2020ko otsailean Abu Dabin izango dena.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak