Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza

3,5 milioi kilo antxoa porturatu dira, 2010ean arrantzatu zenaren %74,8

2011.eko apirilak 20

Pilar Unzaluk "Kantauri itsasoko altxorra" kanpaina aurkeztu du antxoaren kontsumoa bultzatzeko

Helburua, Kantauri itsasoko antxoa merkatuetan, jatetxetan eta  kontserba-industrian berriro ere sartzea da bost urteetan antxoaren arrantza debekatua egon eta gero. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Pilar Unzaluk, “Iritsi da Kantauri Itsasoko altxorra” kanpaina aurkeztu du jatetxetan, merkatuetan eta kontserba industrietan berriro ere bere espazioa berreskuratu dezan antxoaren arrantza 5 urtetan debekatua egon ondoren.

Pilar Unzaluk, Arrantza eta elikagaien industria sailburuordea den Jon Azkuerekin eta kontserba-industriako zein aterakuntza sektoreko ordezkariekin batera aurkeztu du kanpaina Donostiako portuan eta bere poza adierazi du aurtengo antxoa kanpainaren bilakaera dela eta, “dagoeneko, 2010ean Euskadin porturatu ziren antxoa kilo guztien %74,8 arrantzatu da”.

Sailburuak gogora ekarri du AZTI-Tecnaliak Kantauri itsasoko antxoaren populazioari buruzko ikerketetan oinarritu zela Eusko Jaurlaritza bai Espainiako gobernuaren aurrean baita Europan ere 2010ean antxoaren arrantza ireki zedin “presio handia” egiteko. Horrela onartu zen eta “gure arrantzaleei 7.000 tonako urteko harrapaketa-kopurua (TAC) egokitu zitzaion eta horietatik 4.742.599 kilo arrantzatu zituzten, lonjetan 12.916.400 euroko irabaziak lortuz gutxi gora behera. Harrapaketa horiekin itsasoaren eta antxoaren espeziearen sostengarritasuna eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzen ziren”.

Pilar Unzaluk azpimarratu duenez 2011. urterako Europar Batasunak 15.600 tonako TAC-a onartzea erabaki zuen, beti ere datu zientifikoetan oinarrituz; “kopuru horrek aurrera egiteko kemena ematen digu, dudarik gabe, espezie horren arrantzaren eta horrekin batera lehorrean sortzen duen ekonomia jardueraren normalizazioaren alde egiteko”.

Bide horretan, aurtengo antxoaren kanpaina honetan “Euskal portuetan 3.517.305 kilo antxoa lehorreratu dira eta, bataz beste, 2,66 eurotan saldu da kiloa. Harrapaketa bolumen horrek 2010. urtean Euskadiko portuetara iritsi zenaren %74,8 suposatzen du.

“Eta gure arrantzaleek ekaina amaiera arte jarraitu dezakete itsasoan, beraz horrek pentsarazten digu oso datu positiboak izango ditugula kanpaina amaieran bai aterakuntzarako, saregileentzako eta kontserba-industriarako” azpimarratu du.

Pilar Unzaluk adierazi duenez, “azken bi urte hauetako lanak Kantauri itsasoko antxoaren kontsumorako kanpaina egiteko aukera ematen digu, balorean jartzea industriaren zein gizartearen aurrean, batez ere, beste Itsaso batzuetako antxoarekin alderatuz gureak errekonozimendu eta gaitasun aberatsagoak dituelako”.

“Horregatik, arrantzaleengana, kontserba-industriarengana, banatzaileengana eta kontsumitzaileengana zuzendu gara gure arrantzaleek ekartzen duten antxoa, “Kantauri itsasoko altxorra” ¬ -kanpainaren leloak dion bezala-, kalitate handiko jakia dela eta, berriro ere, kontsumitzaileen eskura dagoela esateko. Eta hori baloratu egin behar dugu”, gaineratu du.

Kanpainaren testuinguruan, Eusko Jaurlaritzak arrantzale, kontserba-industria, banatzaile eta kontsumitzaileengana zuzendu da “kalitate bermatua duen produktu hori banatzen eta erosten lagundu dezaten”.

Oinarrizko azpisektorea

126 ontzik porturatzen dute antxoa Euskadin eta horietatik 55ek egoitza-portu dute gure uretan. Guztira 1.890 lanpostu sortzen ditu ontzietan eta, horietatik 825 Euskadikoetan. Hala ere, itsasoan gertatzen dena baino haratago doa bere eragina.

Hala da, aterakuntza azpisektorearen inguruan beste hainbat lan-jarduera daude, besteak beste, Euskadiko portuetan 64 saregileek egiten dutena. Horiek gabe ezinezkoa litzateke arrantza jarduera bere horretan mantentzea. Eta arrantzarekin lotura duten kontserba zein elikagai industrian ere 2.000 lanpostu inguru sortzen dira eta horietatik ehuneko 85 emakumeak dira.

Datu horiek argi eta garbi erakusten dute Euskadin behar-beharrezkoa dugula antxoaren ustiaketa sostengarria egitea, batez ere, natura baliabideen kudeaketa ona eginez.

Hori dela eta, elikagai horren baloreak azpimarratzeko, promozio kanpaina egiteaz gain Eusko Jaurlaritzak datorren maiatzaren 6, 7 eta 8ko Getariako Arrantza Azokako protagonista antxoa izatea erabaki du. Asteburu horretan, beraz, Antxoaren Eguna ospatuko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)