Eu

Women Leaders Global Forum-ean Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du 2021eko aurrekontuaren %15ak genero ikuspegia kontuan hartzeko erronka

2019.eko azaroak 15

WOMEN LEADERS GLOBAL FORUM-EAN EUSKO JAURLARITZAK BERE GAIN HARTUKO DU 2021EKO AURREKONTUAREN %15AK GENERO IKUSPEGIA KONTUAN HARTZEKO ERRONKA  

Eusko Jaurlaritza Reykjavik-eko Women Leaders Global Forum izenekoan egongo da azaroaren 18, 19 eta 20an. Bertan, 2021eko Euskadiko aurrekontuaren %15ak genero ikuspegia kontuan hartzeko erronka hartuko du bere gain. Foroak, euren lan esparruetan kristalezko sabaiak kentzeko eta genero berdintasuna indartzeko lan egiten duten politika, gizarte eta ekonomia arloko liderrak elkartuko ditu.

Emakume Liderren Foro Globala arlo horretan mundu osoan egiten den topaketa garrantzitsuena da. Hiru lan eguneko egitaraua Gudni Th. Jóhannesson Islandiako Presidenteak irekiko du. Topaketaren xehetasunak https://reykjavikforum.global/programme/ helbidean aurkitu daitezke.

Aukera hori, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailburuak joan den martxoan Islandiara egin zuen bisitaren ondoren sortu da. Bisita horretan Finantza Ministroarekin, Islandiako Legebiltzarreko Aurrekontu Batzordeko Presidentearekin eta Reykjavik-eko Udaleko Aurrekontu Zuzendariarekin elkartu zen. Islandiak lehenengo lekua betetzen du 144 herrialde sailkatzen dituen Munduko Ekonomia Foroaren Genero Arrakalari buruzko Indize Globalean.

Asteartean, azaroaren 19an, Katrin Jakobsdóttir Islandiako lehen ministroak eta Silvana Koch-Mehrin Women Political Leaders elkarteko presidente eta sortzaileak irekiko dute Foroa.

Ondoren, topaketa bat egingo da, eta, bertan, XXI. mendeko hirugarren hamarkadan liderrek dituzten erronka nagusiak aztertuko dira. Horien artean, klimaren aldaketa, migrazio-mugimenduak, adimen artifiziala, merkataritza gerrak, eta abar daude. Saio horretan, beste batzuen artean, Gita Gopinath Nazioarteko Diru Funtseko ekonomialari buruak eta Julia Gillard Global Institute for Women 's Leadership erakundeko presidente,  Australiako Lehen Ministro ohi (2010-2013) eta Women World Leaderseko Kontseiluko (CWWL) kideak, hartuko dute parte.

Ondorengo saioetan, Kosovo, Nigeria, Estatu Batuak, Finlandia, Maroko, Norvegia, Txile, Italia, Zipre, Zimbawe, Kanada, Siria, Suedia, Kenya, Kroazia, Armenia, Ruanda, Ghana, Lituania, Alemania edo Pakistaneko ordezkariek euren herrialdeetako esperientziak partekatu eta bakarka edo taldean landu beharreko erronkak eurenganatu ahal izango dituzte. Une hori egokia izango da Euskadiren esperientzia eta berdintasunaren aurrean bere gain hartzen duen erronka ezagutarazteko eta helarazteko. Horrela, konpromiso hori bere gain hartuz, Euskadik bat egiten du Foroak aldaketa positiborako ekosistema sortzeko duen helburuarekin, urtebeteko denbora tartean ekintza zehatzak eta neurtzeko modukoak indarrean jarriz.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa parte hartzera gonbidatutako pertsona Yurdana Burgoa Ogasun eta Ekonomia Saileko Kabinete zuzendaria da, eta hark aurkeztuko ditu 2020an Euskadiko aurrekontu proiektua aurrera eramateko egindako lana eta emakumeen eta gizonen arteko ekitateari eta berdintasunari dagokienez eman den jauzi kualitatiboa.

Aurten, Ogasun eta Ekonomia Sailak, Jaurlaritzako Sailen, erakunde autonomoen eta partzuergoen 100 txosten inguru jaso ditu, eta horietan, soldata arrakala murriztera, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitera eta berdintasunaren alde lan egitera zuzenduko diren jarduketak zehazten dira. Osakidetzak eta EITBk lehen aldiz bidali dute informazio hori. Txosten horietatik ondorioztatzen da aztertutako aurrekontuaren %10,5ak genero ikuspegia sartzen duela 2020ko plangintzan (1.236M/€).

 

 

Vitoria-Gasteizen, 2019ko azaroaren 15ean

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak