Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Autonomo, ETE eta ekintzaileentzako laguntzak

2011.eko apirilak 20

Industriak hogei ekimen jarriko ditu abian eta 70 milioi baino gehiago jarriko ditu autonomoentzako, ETEetan enplegua sustatzeko eta ekintzaileei laguntzeko

Xabier Garmendia sailburuordeak EAJri eskerrak eman dizkio hauteskundeen aurretik enpleguari buruz emandako ideiengatik, baina gogora ekarri dio, aldi berean, Industria Saila dagoeneko aplikatzen ari dela neurri horietako asko, baita beste hamar neurri gehiago ere, enplegua sustatzeko. Industria Sailaren laguntzen osagarri, beste zenbait laguntza emango dira beste sail batzuekin koordinatuta; esaterako, zirkulatzaile-premiarentzako abaletan 600 milioi emango elkarrekiko berme-baltzuen bitartez, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak beste zenbait laguntza emango ditu.

Enpresa txiki eta ertainetan enplegua sustatzeari, ekintzaileei laguntzeari eta autonomoei babesa emateari dagokienez, Eusko Jaurlaritzak abian jarritako industria-politikari esker, hogei programa jarri dira abian, 60 milioi eurotik gorako inbertsioarekin.

Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendia jauna prentsaurreko batean azaldu da gaur Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila aplikatzen ari den neurrien berri emateko, aurten abian jarritako zenbait programa barne.

Garmendiak gogora ekarri ditu ETEei, autonomoei, mikroETEei eta ekintzaileei (AFI, Gauzatu eta abar) laguntzeko arrakasta handiz garatzen ari diren programetako zenbait, eta, gainera, orain gutxi abian jarritako zenbait ekimen berritzaile aurreratu ditu. Hala nola MiniResiste eta Compite programak, Ekintzaile berria, Acelera programa eta ekintzaile barneko laguntza...

Orobat, sailburuak hizpide hartu ditu azken egun hauetan EAJk datozen tokiko hauteskundeetarako dituen hautagaiek enplegua sortzeko proposamen gisa adierazitako ideia batzuk. Sailburuordeak gogora ekarri duenez, Eusko Jaurlaritza une honetan aplikatzen ari da neurri horietako asko, eta gainera Sailak beste hamar programa ditu indarrean helburu horiek garatzeko.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila gazteen enplegua, ekintzailetza eta ETEak sustatzeko aplikatzen ari den neurrien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

1.) MiniResiste: 2010ean ekimen horrek laguntza eskaini zien industria-sektoreko eta merkataritza- eta turismo-sektoreko mikroETEei eta autonomoei. Zehazki, 2,7 milioi euroko laguntza jaso zuten, finantza-kudeaketarako prestakuntza eta tresnak jasotzeko. Programa esperientzia pilotu gisa garatu zen, eta bi hilabetean bakarrik (iazko urrian eta azaroan) 519 enpresarentzako laguntzak onartu zituen, guztira 2.698.000 euroko zenbatekoarekin.

2.) Compite: Euskal enpresen lehiakortasuna hobetzeko jardunen garapena bultzatu du programa honek, 43 milioi eurotik gorako zenbatekoarekin. Horretarako, Sailak SPRIren bitartez, 15 milioi euroko aurrekontua ekarri du. Guztira, 414 enpresaren 271 proiektu izan dira programaren onuradun 2010ean.

3.) AFI (Inbertsioaren eta Zirkulatzaile-premiaren Finantziaziorako Laguntza): programa honek arrakasta handia izan du autonomoen eta enpresa txikien artean, eta orain, 2011n alegia, garrantzizko nobedade bat dakar, zirkulatzaile-premiari ere lagunduko baitio. ETEei aplikatutako interes-tasek jasotzen dituzte diru-laguntzak. Azken urtean, 254 enpresa izan dira laguntza horren onuradun, Jaurlaritzak egindako 3,5 milioi euroko ekarpenari esker. Hala, 122 milioi euroko inbertsioa sustatu da guztira. 2011n, Sailak 4,7 milioi euroko aurrekontua onartu du.

4.) Nazioartekotze-bekak: 2011n, Sailak % 75ean handitu du euskal unibertsitate-tituludunak nazioartekotzako beken kopurua. 4.255.556 euro jarri ditu programa honetarako. Jaurlaritzaren Kontseiluaren azken bileran onartu zen.

5.) Gauzatu-Industria: Oinarri teknologikoko ETEak eta/edo ETE berritzaileak sortu eta garatzeko laguntzak emateko programa honen esparruan, 2010. urtean 53 proiektu onartu ziren, 92,3 milioi euroko inbertsioa aurkeztu zen eta diruz laguntzeko moduko 75,9 milioi euroko inbertsioa egin zen. Programa horren bitartez 721 lanpostu sortu ziren, eta lanpostu horiek guztira 23,67 milioi euro lortu zituzten itzuli beharreko aurrerakinetan.

6.) Ekintzaile programa: Programa hau berritu egin da orain gutxi, Eusko Jaurlaritzak, SPRIk eta Luzarok ETE sortu berriei maileguak emateko hitzarmenaren bitartez. Kredituak eskaintzen zaizkie baldintza onuragarrietan epeari, interes-tasari eta eskatzaileek aurkeztu beharreko bermeei dagokienez. Emandako maileguen gehieneko zenbateko nominala 5,5 milioi euro izango da. Interes-tasa honako hau da: sei hilabeterako euriborra + % 1,25 (gaur egun, euriborra + % 6 jotzen da egokitzat).

7.) Acelera programa: Programa sortu berria da, eta hazteko ahalmena edota ahalmen handia duten enpresa gazte berritzaileei ('gazela-enpresak') laguntzea du helburu nagusitzat. Sailak 2.250.000 euro bideratzen ditu programa horretara.

8.) Enpresak sortzea EBZk baliatuz: Programa honen bitartez finantza-laguntza eskaini nahi diegu industria-berrikuntzako edo loturiko zerbitzuetako enpresa-proiektu berriei, EBZ baten (enpresa- eta berrikuntza-zentroa) tutoretzapean, ideia heltzeko eta enpresa abian jartzeko faseetarako, dela banako sustatzaileen bitartez dela ekintzaile barneko ekintzen bitartez, dagoeneko finkatuta dauden enpresen baitan. Programa horrek 2 milioi euroko aurrekontua dauka.

9.) Enpresak sortzea Unibertsitateak baliatuz: 2011n garatu da programa hau, Unibertsitateei (EHU, Deustukoa, Mondragon, Tecnun) laguntzeko oinarri teknologikoko enpresak edo enpresa berritzaileak sortzea ekarriko duten negozio-ideiak sortzen. Programak 454.000 euro jaso ditu aurten.

10.) Enpresak sortzea zentro teknologikoak baliatuz: 2011n sortu da programa, korporazio teknologikoei (IK4 eta Tecnalia) laguntzeko oinarri teknologikoko enpresak edo enpresa berritzaileak sortzea ekarriko duten negozio-ideiak sortzen. Jaurlaritzak 225.000 euroko aurrekontua du ekimen honetarako.

11.) EBZk (Enpresa eta Berrikuntza Zentroak): Enpresa eta Berrikuntza Zentroen (Bic Berrilan, Saiolan, Cedemi, Beaz, CEIA) Euskal Sarea da agente nagusia eta funtsezko eragilea prozesu osoan; zentro horien bitartez, ekintzaileen jarduera berritzaileari laguntzeko tresna nagusiak antolatzen dira. Aurten 1,2 milioi euro jaso dute Eusko Jaurlaritzaren eskutik.

12.) Intraemprende programa: 2011n sortu zen, enpresei enpresa proiektu berritzaile berriak ekarriko dituzten ideiak sortzeko metodologiak ezartzen laguntzeko. Aurten Jaurlaritzak 500.000 euro jarri ditu proiektu horretarako.

13.) Kutxekiko hitzarmenak: 2010eko uztailean, SPRIk, BBK-k, Kutxak, Vitalek eta La Caixa-Microbankek hitzarmen batzuk sinatu zituzten, urteko indarraldia dutenak eta berritzeko aukerarekin, mikroenpresentzako, autonomo-negozioentzako eta autoenplegu-proiektuentzako finantziazioa errazteko zenbait eremutan, diruzaintzaren soluzioen eremuan adibidez. Gainera, inbertsioen eta zirkulatzaile-premiaren finantziazioa eta leasingeko, rentingeko eta abaletako eragiketak ahalbidetu nahi dira programa horren bitartez, baita finantziazioko zenbait zerbitzu eman ere, hala nola salmentetarako soluzioak, ordainbideen sustapena, helbideratzeak eta abar.

14.) Team Academy: Programa honen bitartez liderrak garatu nahi dira, ikuspegi eta estrategia partekatuak sortu eta komunikatzeko gai diren pertsonak alegia. Finlandian sortu zenez geroztik Team Academyk ikasteko darabilen metodologia originaletik abiatuta, jakintza eta esperientzia erabiltzeko gai diren ekintzaileen taldeak sortzeko eta jarraian enpresa-jarduera baten garapenean eraldatzeko asmoarekin sortu da Euskadin. Jaurlaritzak 200.000 euro bideratu ditu ekimen horretarako.

15.) Venture Academy: Hazteko ahalmena duten proiektu berritzaileak dituzten enpresak merkaturatzeko plataforma da, coaching saioen bitartez konpainiei inbertsioa erakartzen laguntzen diena, etorkizunean eragin ekonomiko handiko enpresa bihur daitezen eta nazioarteko proiekzioa eduki dezaten. Iaz sortu zen, eta 60.000 euroko aurrekontua du.

16.) Oinordetzako-belaunaldi-errelebuko programa: Enpresen oinordetza-prozesuak eta belaunaldi-erreleboa ordenaz eta plangintza bati jarraituz egin dadin lortzeko sortua, enpresa horien eskura finantza-baliabideak jarriz eta balioa desegiteko arriskuak saihestuz. Laguntza ekonomikoa 400.000 euro da guztira, 10 langile baino gehiagoko enpresentzat. Gainera, merkataritza-sektoreak -mikroETEek eta autonomoek bereziki-700.000 euroko beste programa espezifiko bat dute eskura, saltokietan oinordetza errazteko eta ekintzailetza sustatzeko. Kasu honetan, SPRIk 109 saltoki-eskualdatze eta 51 enpresa-oinordetza erraztu zituen iaz (2009an, 73 eta 40 izan ziren, hurrenez hurren), eta, horri esker, bi urtean 3.370 enpleguri eustea lortu zuen. 2011n aurreikusita dago 275 saltoki-eskualdatze gauzatuko direla, baita ETEetan 50 oinordetza erraztu ere.

17.) Saltoki-arloko 'Renove': Merkataritza Ekipamenduak Modernizatzeko Programak edo saltokien 'Renove' programak merkataritza-sektoreari lagundu dio (kontuan hartzekoa da mikroETEak gehiengoa direla sektore horretan) 4.737.000 euroko diru-laguntza batekin, eta horrek aukera eman du guztira 37,5 milioi euroko inbertsioa mobilizatzeko Euskadiko 1.628 dendatan.

18. Merkataritza Bikaina Programa honi esker. Euskadi merkataritzari bikaintasuna aplikatzeko ibilbide oso bat ezarri duen lehen autonomia-erkidegoa izan da. 2010ean milioi 1 euroko aurrekontua izan zuen, eta 2011n 1,5 milioira igoko da. Dagoeneko 250 dira eraldatze-prozesuan dauden saltokiak, eta 2010ean 9k lortu dute Merkataritza Bikainaren ziurtagiria.

19.) Business Angelsen sareei laguntzea: Programa hau 2010ean sortu zen, euskal ETEei ematen zaizkien zerbitzuen profesionalizazioan laguntzen duten sare horiei laguntzeko, inbertsio pribatuen edo publikoen elkarteak izan daitezkeenak, betiere honako helburu hau partekatu behar dutela aintzat hartuta: enpresa-proiektu berrietan parte hartzea, hau da, inbertitzaile eta ekintzaileen arteko elkargunea izatea. Aurten Sailak 200.000 euro bideratu ditu ekimen horretara.

20.) Enpresa Lehiatila: Enpresa bat sortzeko administrazio-prozesuak sinplifikatu eta arrazionalizatzeko, eta, horrela, epeak murriztu eta informazio- eta komunikazio-teknologiak txertatzeko, Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu du hiru merkataritza-ganbarekin, Enpresa Leihatila garatzeko. Jaurlaritzak 160.000 euro bideratu ditu programa horretara.

21.) Kultura Ekintzailea zabaltzeko eta Enpresa Espiritua sustatzeko programa. Ekintzaileei dagokienez euskal gizartean jarrera positiboa lortzeko eta enpresaburu ekintzailearen irudiarekiko errekonozimendua indartzeko asmoarekin sortu zen programa. Garapen-agentziei, EBZei eta zentro teknologikoei laguntzen die, eta guztira 300.000 euroko aurrekontua dauka.

Ekimen horiekin batera, ekintzailetza sustatzeko beste ekimen asko ere badira; hala nola Ekintzailetzaren Foro Nazionala (Ekintzailetza Foroa). Foro hori iaz sortu zen gai horrekin zerikusia duten agente guztiak harremanetan jartzeko, ekintzaileekin hasi eta finantzatzaileekin edo garapen-agentziekin bukatu. Aurten, bigarren edizioak 400.000 euroko aurrekontua izango du.

Interneten ekintzailetza indartzeko web-orri bat ere sortzen ari da eta eskuliburu bat landu da: 'Enpresa bat sortzeko hamar urrats', ekintzaileei enpresak osatzeko bidea erraztearren.

Orobat, Sailak ere baditu beste programa batzuk teknologian, berrikuntzan eta informazioaren gizartean egindako inbertsioari laguntzea xede dutela; enpresa txiki eta ertainak dira programa horien onuradun. Resiste programa ere aipatu behar da; finantza-berregituraketari laguntzeko laguntza-programa global horri esker 621 sozietate biltzen dituzten 75 enpresa-taldetako 35.500 enplegu baino gehiago salbatu ahal izan dira.

Abalak Elkarrekiko Berme Baltzuen bitartez

Ekonomia eta Ogasun Sailarekin lankidetzan, ETEen zirkulatzaile-premia eta inbertsioak finantzatzeko Eusko Jaurlaritzaren abal-programa ere nabarmendu behar da, Elkarrekiko Berme Baltzuen, Elkargi eta Oinarriren bitartez.. 600 milioiko ekarpena egin da abaletan. 2011. urtean, gainera, ETEen finantzaketa eta berfinantzaketa indartu egingo da EBBen eta Eusko Jaurlaritza nahiz Kreditu Ofizialeko Institutuaren arteko lankidetzarekin, ICO-EBB programaren bitartez.

Era berean, beste Sail eta erakunde batzuk ere ekimenak garatzen ari dira Industria Sailarekin lankidetzan, betiere ETEak finantzatzen laguntzeko asmoz. Hona hemen garrantzitsuenak: trakzio-enpresen txoke-abalak (hiru Foru Aldundien laguntzarekin) eta enpresak finantzatzen laguntzeko beste tresna batzuk. Halaber, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ere programa ugari ditu bere eskumen-esparruaren baitan.

 

 

Iruzkin bat
  • @COIIG
    2011.eko apirilak 26

    Comentario de Twitter:
    #ingenieros #emprendedores #empleo Industria destina una veintena de iniciativas y mas de 70 mil http://www.irekia.euskadi.net/es/news/5837

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)