Eu

Basque Digital Innovation Hubek eraldaketa digitalaren arloko erreferentetzat parte hartu du Europako industriaren digitalizazioari buruzko foroan

2019.eko azaroak 13

Basque Digital Innovation Hub “Digitising European Industry Stakeholder Forum” deritzon europar topaketaren hirugarren edizioan parte hartzen ari da Madrilgo IFEMAn, 2019ko azaroaren 13tik 15era bitartean, digitalizazioaren arloko Europako ekimenik garrantzitsuenen maila goreneko ordezkarien parte-hartzeaz.

Aurtengo edizioa Europako Batzordeak eta Espainiako Gobernuko Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak antolatu dute, Adimen Artifizialari eta 2020az geroztik Digital Innovation Hubek Europako ETEen digitalizazioan izango duten eginkizunari arreta emanez.

Testuinguru honetan, Cristina Oyón SPRI Taldea-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Ekimen Estrategikoen arduradunak Europako industria digitalizatzeko ekimen publiko-pribatuei buruzko ezagutzan sakontzeko panelean parte hartuko du. Panela ostegunean egingo da, azaroak 15, 17:30etatik aurrera, eta bertan, Cristina Oyónek bertaratutakoekin partekatuko du BDIH abian jarri izanaren esperientzia. Fabrikazio Aurreratuaren arloko Basque Industry 4.0 deritzon RIS3 espezializazio adimenduneko euskal estrategiari atxikitako ekimen honek enpresa-sareari berrikuntza digitalak esperimentatzen laguntzea du helburu.

Gainera, Europa osotik gerturatu diren 1.000tik gora pertsonak bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte BDIHk ETEei eskaintzen dizkien zerbitzuak, biltzarreko erakusketa-eremuko 15 standetako batean izango baita ikusgai.

BDIH fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sarea da, enpresen eskueran dagoen prestakuntzarako, ikerketarako eta 4.0 teknologia digitalen testatze nahiz baliozkotzerako azpiegitura. Sare honetan, enpresa industrialek eta, bereziki, ETEek erronka digitalei aurre egiteko behar dituzten gaitasun teknologikoak eskuratzeko sarbidea eta laguntza lortzen dituzte. I+G arloko euskal zentro teknologikoak, Lanbide Heziketako Ikastetxeak eta Unibertsitateak dira BDIHren jabekideak, den-denak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen barruan eta Eusko Jaurlaritzaren babespean, SPRI Taldearen bitartez, eta nazioarteko beste Digital Innovation Hub batzuekin loturak sendotzeko bokazio argiarekin.

Sare honek lotzen dituen aktiboak dira Euskadiko ETEei dagokien fabrikazio aurreratuaren inguruko azpiegiturak, laborategiak, ekipamenduak, softwarea eta gaitasun zientifiko-teknologikoak. Ezagutza trinkoagoko eta balio handiagoko fabrikazio-jardueren mesedeko digitalizazio-ahalegin hauen harira, BDIH eraldaketa digitalaren arloko europar erreferente bilakatu da.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Cristina Oyón SPRI Taldea-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Ekimen Estrategikoen arduraduna