Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak, aurten, lehen mailako arretako profesionalak askatasunez aukeratzeko dekretua onetsiko du

2019.eko azaroak 14

Neurri horren bidez, herritarrek askatasunez aukeratu ahalko dute zer erizainek edo emaginek ematen dieten arreta, dagoeneko familia-medikuarekin egiten den bezala 

Nekane Murga sailburuak, Nursing Now Euskadi jardunaldien inaugurazioan, erizainen lanbidea osasun-sisteman “funtsezko oinarria” dela nabarmendu du

Osasun Sailak, urtea amaitu aurretik, lehen mailako arretako profesionalak askatasunez aukeratzeko dekretua onetsiko du; horren bidez, herritarrek askatasunez aukeratu ahalko dute zer erizainek edo emaginek ematen dieten arreta, dagoeneko familia-medikuarekin egiten den bezala. Hala iragarri du Nekane Murga Osasun sailburuak, Nursing Now Euskadi jardunaldien inaugurazioan; jardunaldiak gaur antolatu dira, Bilbon, erizaintzari ikusgaitasuna emateko eta profesional horien gaitasunak sustatzeko moduak aztertzeko.

Nursing Now Osasunaren Mundu Erakundearen eta Erizaintzako Nazioarteko Kontseiluaren ekimen globala da, eta Euskadi pasa den maiatzean atxiki zitzaion. Jardunaldiak Osasun Sailak eta Osakidetzak sustatzen dituzte, eta, haietan, Bidebarrieta Liburutegian, erizaintzari ikusgaitasuna emateko inplikatuta dauden eragileak batu dira. Besteak beste, Araceli Garín UPV/EHUko Graduko eta Graduondoko errektoreordeak eta Adelaida Zabalegui Nursing Nowk Espainian duen arduradunak parte hartu dute.

Inaugurazioan, Osasun sailburuak berretsi egin du Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun-sisteman erizaintzako langileen gaitasun eta jarduerak sendotzeko duten konpromiso irmoa. Hori horrela, Nekane Murgak gogorarazi du Euskadi ez dela hutsetik abiatzen; izan ere, 2015etik, hainbat estrategiatan ari da lanean, Osakidetza barruan erizainen lanbidea sendotzen eta garatzen laguntzeko.

Oraintsu abian jarri diren ekintzetako batzuk batik bat lehen mailako arretan oinarritzen dira. Eskariaren kudeaketa-eredu berria nabarmendu behar da; pixkanaka garatzen ari da Osakidetzako ESI guztietan, erizaintzako langileek zuzenean zer prozesu akuturi eman diezaieketen arreta identifikatzeko. Era berean, aste honetan bertan, lehen mailako arretako erizaintzako beste 23 plaza gehiago esleituko dira, laguntza-maila hori sendotzeko Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategian konprometitu bezala. Plazak honela banatuta daude: 1 Debagoiena ESIa, 3 Araba ESIa, 1 Arabako Errioxa ESIa, 1 Barakaldo-Sestao ESIa, 2 Barrualde-Galdakao ESIa, 2 Bidasoa ESIa, 3 Bilbao-Basurto ESIa, 2 Debabarrena ESIa, 5 Donostialdea ESIa, 3 Uribe ESIa. 

Sailburuak, halaber, Osakidetzak biztanleen esleipenaren alde eginiko apustua nabarmendu du; horrela, herritar bakoitzak erreferentziazko erizain bat izango du esleituta. Neurri hori sendotzeko, lehen mailako arretako profesionalak askatasunez aukeratzeko dekretua onetsiko da; urte-amaierarako argitaratuta egongo da, iragarri duen bezala. Era berean, Osasun Saila eta Osakidetza erizaintzarako medikamentuen eta osasun-materialaren indikaziorako, erabilerarako eta banaketarako dekretuaren garapenean ari dira lanean.

Nekane Murgak nabarmendu du erizainaren lanbidea “funtsezko oinarria” dela edozein osasun-sistematan, eta, beraz, haren bilakaerak eta garapenak “lanbidearen osasuna hobetzen lagunduko duela”.

NURSING NOW EUSKADI JARDUNALDIAK

Euskadin, Nursing Now kanpaina hainbat eragile eta sektore batzen dituen talde eragile batek sustatzen du. Osakidetzaz gainera, beste erakunde batzuk ere badaude ordezkatuta, besteak beste, unibertsitatea, gizarte- eta osasun-sektorea, profesionalen elkargoak edo pazienteak beraiek. Honako helburu nagusi hauek ditu:

  • Erizainak herritarrentzat erreferentziazko profesional sanitario gisa aitortzea.
  • Erabakiak hartzean haien parte-hartzea sustatzea.

Gaur “Ikusgaitasuna eta Lidergoa” izenburupean antolatu diren jardunaldien bidez, erizaintzako profesionalak lider dituzten jardunbideak eta arrakastadun proiektuak partekatu nahi dira, eta lanbide horren ikusgaitasunari bide emango dioten funtsezko elementuak aztertu nahi dira.

Parte-hartzaileen artean, honako hauek nabarmendu behar dira, besteak beste: Teresa Moreno Carlos III.a Osasun Institutuko Osasun Zainketetako Ikerketa Unitateko (Investén-isciii) arduraduna, Juncal González Médicos Sin Fronteraseko erizaina edo Blanca Fernández-Lasquetty erizain doktorea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak