Eu

Beatriz Artolazabal: “Kontziliazioaren inguruan enpresen erkidegoa eratzen ari gara, Kontzilia 30 programaren esparruan, Euskadi erantzunkideagoa izan dadin”

2019.eko azaroak 14
  • Euskalit-Kudeaketa Aurreratuaren “Kudeaketa Aurreratuko Europako 25. Astea” Bilboko Euskalduna jauregian.
  • Hastag-ak: #semanaeuropea19 / #europarastea19 #congresogestión / #kudeaketabiltzarra eta euskalit.net/semana webgunea
  • “Garrantzitsua da seme-alaben eta etxearen beraren zaintzan gizon langileen erantzunkidetasuna bultzatuko duten estrategiak sustatzea”
  • “Kontua da kontziliazio erantzunkideak ongizatea eragiten duela eta enpresari eta plantillei onurak dakarzkiela transmititzea”

 

Bilbo, 19-11-14

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, honako hau azpimarratu du: “Kontzilia 30 programaren garapen-maila altua; izan ere, errealitate bilakatuko du Euskadik familiaren eta enpresaren artean bateratzeko eta erantzunkidetasunerako eredu aurreratua eskaintzeko helburua”. “Kontziliazioaren inguruan enpresen erkidegoa eratzen ari gara, Kontzilia 30 programaren esparruan, Euskadi erantzunkideagoa izan dadin. Duela bi urte, 3 enpresak hartzen zuten parte planean eta, dagoeneko, 30 enpresak baino gehiagok”, esan du Artolazabalek, Kudeaketa Aurreratuko Europako 25. Astean”; hura Euskalit-Kudeaketa Aurreratua garatzen ari da, atzotik, Bilboko Euskaldunan.

 

Lan-topaketak, gaur, ostegunean, Kontzilia 30 proiektuaren ingurukoak dira; proiektua Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak jarri du abian, euskal enpresetan familia eta lana bateratzeko jardunbide egokiak sustatzeko, eta Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak aurkeztu du. Halaber, Denbora Sarea aurkeztu da, eta AFAE-Euskadiko Familia Ekintzak garapen jasangarrirako helburuei dagokienez kontziliazio erantzunkidearen inguruan duen ideia azaldu du.  Bestalde, Más Familia fundazioak honako gai hau aurkeztu du: “Telelanaz gainera, lan malgurako modu berriak”. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak honako hitzaldi hau eman du: “Berdintasuna enpresetan; berrikuntza eta hazkuntza ekonomikoa”, 50-Hacking Longevity plataformarekin batera.

 

“Euskaliten biltzarrek jardunbide egokien berri ematen dute, hainbat eremutan. Esperientziak trukatzea eta entzuteko aukera beti dira erabilgarriak, hain aldakorra dugun mundu honetan lanerako modu eta prozesu berriak aztertzeko. Eta, gaur, beren pertsonez zaintzen dakiten enpresei buruzko ikuspuntuez hitz egitea, entzutea eta trukatzea dagokigu; horiek enpresa osasuntsuak dira”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

“Kontzilia 30 euskal enpresei aholkularitza emateko esperientzia pilotua da, norberaren bizitza, familia eta lana bateratzeko neurriak ezartzeko. Programaren bigarren etapan parte hartu duten enpresek 4.130 enplegu sortzen dituzte; haietatik, % 40 (1.678) emakumeek betetzen dute eta % 60 (2.472), gizonek”, esan du Artolazabalek. Kontzilia 30 esperientzia honako balio hauetan oinarritu da, besteak beste: ikaskuntza kolektiboa; esperientzia eta ezagutza partekatzea; parte hartzeko prozesuak; konpromisoa partekatzea eta proiektuetan sinestea; jarrera proaktiboa; talentuari eustea; malgutasuna; sentsibilizazioa; lanaren autoantolaketa; irtenbide sortzaileak; enpresarentzako eta plantillarentzako onurak, eta konfiantza eta konpromisoa.

 

“Administrazio publikoen aldetik ordutegiak arrazionalizatu behar dira, eta garrantzitsua da seme-alaben eta etxearen beraren zaintzan gizon langileen erantzunkidetasuna bultzatuko duten estrategiak sustatzea. Konfiantzan eta konpromisoan oinarritutako kudeaketa-ereduak behar dira. Azken batean, kontua da kontziliazio erantzunkideak ongizatea eragiten duela eta enpresari eta plantillei onurak dakarzkiela transmititzea”, esan du Artolazabalek.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak