Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Euskadiren aztarna ekologikoak behera egin du eta Europako batezbestekoaren azpitik dago

2019.eko azaroak 14
  • 2001. urtetik, Euskadiren aztarna ekologikoa % 7 murriztu da

  • Euskadiko biztanleen kontsumoa lurraldearen bioahalmena baino handiagoa da; 2,65 planeta behar ditu gaur egun duen baliabideen demanda asetzeko

  • Energiaren kontsumoa Euskadiren aztarna ekologikoaren % 50 da

Euskadiren aztarna ekologikoa biztanle bakoitzeko 4,32 hektarea globalekoa da, hau da, 2001. urtean baino % 7 txikiagoa. Datu hori jasotzen da, hain zuzen, Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, gaur goizean Gasteizen aurkeztu duen txostenean. Kopuru horri esker, Euskadi Europaren batezbestekotik behera dago, baita Alemania, Suedia, Norvegia, Belgika, Herbehereak eta Austria estatu kideen batezbestekotik behera ere. Baina Arriola sailburuak honako hau adierazi du: “Euskadik, inguruko beste herrialdeek bezalaxe, ez ditu kontsumo-eredu jasangarriak”.

Aurkeztu den txosten horren arabera, energiaren kontsumoak sortzen du Euskadiren aztarna ekologiko handiena. Izan ere, energiaren kontsumoak aztarnaren % 50etik gora sortzen du; laborantzak % 17; arrantzak % 14 eta basoek % 10. Larreek eta azpiegiturek aztarnaren % 6 eta % 1 sortzen dute, hurrenez hurren.

Planetako biztanle bakoitzak bere kontsumorako beharrizanak asetzeko biologikoki ekoiztu den 1,63 hektarea globaleko azalera dauka (hag/bizt), baina euskal gizarteak 4,32 hag/bizt kontsumitzen du. Hau da, planetako biztanle guztiek Euskadiko biztanleen kontsumo-ereduak izango balituzte, planetan biologikoki ekoiztu den azalera 2,6 handiagoa izan beharko litzateke”, horixe azaldu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak.

Aztarna ekologikoak bi alderdi lotzen ditu: munduko biztanleek planetaren ekosisteman dauden baliabideen gainean egiten duten demanda eta Lurrak baliabide horiek birsortzeko duen ahalmen ekologikoa. Ekologikoki ekoiztuta dauden lurreko edo uretako eremuak (laborantzak, larreak, basoak edo uretako ekosistemak eta, aukeran, airearen bolumena) hartzen ditu kontuan, zeinak beharrezkoak diren baliabideak sortzeko eta biztanle-multzo bakoitzak, bere bizimoduaren arabera, sortutako hondakinak asimilatzeko erabiltzen diren.

Arriolak honako hau esan du: “Europak lurraren bioahalmenaren % 20 dauka, nahiz eta munduko biztanleen % 7 bakarrik izan. Aztarna ekologikoari dagokionez kontinente “zorduna” da, daukana baino azalera gehiago kontsumitzen duelako”.

Gaur egungo kontsumo-ereduaren ondorioz, azken hamarkada hauetan Europar Batasunaren aztarna ekologikoak izugarri egin du gora. 1961ean biztanleko 1.600 milioi hektarea global zituen, eta 2016an biztanleko 2.300 milioi hektarea global.

Euskadiko eta Europako egoera hori hobetzeko asmoz, Arriolak azaldu du karbono gutxiko ekonomia izateko prozesua azkartu behar dela eta ekoizpen- eta kontsumo-sistema efizienteagoak ezarri behar direla. Horretarako, ziklo jarraituak eta birsortzaileak egin daitezke, lehengaien eta energiaren kopurua murrizteko eta ekoizpen-prozesuetan hondakin eta emisio gutxiago egiteko. Sailburuaren esanetan: “Industrian eta beste sektore batzuetan aplikatzen bada hori, emaitza oso onak lortu ahal izango dira karbono-azalerek eta laborantzarako lurrek behar dituzten hektarea globalak murrizteko”.

Glosarioa:

Aztarna ekologikoa: ingurumen-eraginaren adierazlea da, munduko biztanleek planetaren ekosisteman dauden baliabideen gainean egiten duten demanda eta Lurrak baliabide horiek birsortzeko duen ahalmen ekologikoa kontuan hartuta ateratzen dena. Ekologikoki ekoiztuta dauden lurreko edo uretako eremuak (laborantzak, larreak, basoak edo uretako ekosistemak eta, aukeran, airearen bolumena) hartzen ditu kontuan, zeinak beharrezkoak diren baliabideak sortzeko eta biztanle-multzo bakoitzak, bere bizimoduaren arabera, sortutako hondakinak asimilatzeko erabiltzen diren.

Bioahalmena: ditugun baliabide naturalen kopurua, eta ekosistemek birsortzeko duten ahalmena. Baliabideak modu jasangarrian sortzeko planetak duen muga adierazten du. 1961. urtean 3,12 hektarea globalekoa zen, biztanleko; 2001ean 1,9 hektarea globalekoa biztanleko, eta 2016an 1,63 hektarea globalekoa, biztanleko.

Defizit ekologikoa: erregio edo herrialde baten bioahalmenaren eta aztarna ekologikoaren arteko aldea da. Biztanle-multzo baten aztarna horrentzako eremuaren bioahalmena gainditzen duenean sortzen da defizit ekologikoa.

5 iruzkin
  • @profesortbaker
    2019.eko azaroak 17

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: ℹ️ La Huella Ecológica de Euskadi disminuye y está por debajo de la media europea ➡︎ https://t.co/od2e9i86H7 https://t.co/hhj7

  • 2019.eko azaroak 15

    muchas gracias por la entrega de la documentación.

  • Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza
    2019.eko azaroak 15

    El documento completo se puede descargar desde la siguiente dirección: https://www.ihobe.eus/publicaciones/huella-ecologica-euskadi-2019-2

  • 2019.eko azaroak 15

    ¿CÓMO PUEDO OBTENER EL DOCUMENTO COMPLETO?

  • @DFSarabia
    2019.eko azaroak 15

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: ℹ️ La Huella Ecológica de Euskadi disminuye y está por debajo de la media europea ➡︎ https://t.co/od2e9i86H7 https://t.co/hhj7

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak