Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluak onartu egin du “Kidego eta Eskalen Lege-Aurreproiektua”, eta Gobernuari eskatu dio hura izapidetu bitartean enplegu publikoa finkatzeko prozesu bereziak jasotzeko (Gobernu Bilera 2019-11-12)
- Arau berri horrek Euskadiko administrazio orokorreko eta Gobernuko erakunde autonomoetako langile funtzionarioen lanpostuetara jotzeko eskatzen diren eginkizun eta titulazioak modernizatu eta eguneratuko ditu
- Kontseiluak eskatuta, Gobernuak, izapidetzen ari den bitartean, enplegu publikoa finkatzeko prozesu bereziak jasoko ditu, datorren urtetik aurrera euskal administrazio publikoek iragarri dituzten LEP ugariak deitzen direnean indarrean egon dadin
- Kontseiluaren oniritziaren bidez, lege berria onesteko eta urtea amaitu aurretik Legebiltzarrera bidaltzeko tramitazioaren amaierako fasean sartu da
Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Gobernu Kontseiluari jakinarazi dio Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluak gaur “Kidegoen eta Eskalen Lege Aurreproiektua” onartuko duela. Horrela, Euskadiko administrazio orokorreko eta Eusko Jaurlaritzako erakunde autonomoetako lanpostu bakoitzerako eskatzen diren eginkizun, titulazio eta ikasketa-eremuak aginduko dituen etorkizuneko legea onesteko eta urtea amaitu aurretik Eusko Legebiltzarrera bidaltzeko tramitazioaren amaierako fasean sartuko da.
Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua Euskadiko hiru erakunde-mailen eta euskal funtzio publikoko sindikatu nagusien arteko topaketarako foroa da: ELA, LAB, UGT eta CCOO. Haren deialdia derrigorrezkoa da, funtzionarioengan eragina duten arauak onesten direnean. Euskadiko administrazio orokorrean eta Eusko Jaurlaritzako erakunde autonomoetan lan egiten duten 6.000 pertsona ingururengan eragina izango duen etorkizuneko “Kidegoen eta Eskalen Legea”ren kasua da.
“Kidegoen eta Eskalen Lege Aurreproiektua” arau oso laburra da: 2 kapitulu ditu, 19 artikulu, 2 xedapen gehigarri, xedapen iragankor 1 eta xedapen indargabetzaile 1. 2004ko egungo legea ordezkatuko du, eta haren helburua da, zehazki, egungo talde eta azpitaldeak modernizatzea, lanpostuetako titulazio berri eta lanbide-profiletara egokitzeko.
ENPLEGU PUBLIKOA FINKATZEKO PROZESU BEREZIAK
Etorkizuneko “Kidegoen eta Eskalen Legea” izapidetzeko amaierako fase horretara iritsi da, funtzio publikoan gehiengoak diren 4 zentral sindikalekin 6 hilez sakon negoziatzen jardun ondoren. Negoziazio horren ondorioz, lege horretan sartuko dira aurtengo urtarrilean Legebiltzarrari bidalitako “Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektua”k enplegu publikoa finkatzeko aurreikusten dituen prozesu bereziak. Zehazki, 19. eta 20. xedapen iragankor berak sartuko dira, prozesu berezi horiek 2020tik aurrera Euskadiko administrazio publiko guztietan hasiko diren LEPetan –milaka plaza deituko dira– martxan jarri ahal izateko.
Horrela, langile publikoen bitartekotasun-izaera % 40tik gorakoa denean, euskal administrazio publikoek “sartzeko txanda bereizia" sortu ahalko dute, lanpostu horretan gutxienez bitarteko esperientzian 8 urte egiaztatzen duten pertsonentzat. Zehazki, xedapenek honako hau adierazten dute: “behin eta salbuespen gisa deitu ahalko dute (…) beren kidego, eskala, espezialitate edo kategoriei dagozkien postu edo plazetan enplegu publikora sartzeko hautaketa-prozesuak egiteko, egiturazko plazetan aldi baterako enplegua finkatzeko beharrezko neurri gisa”. “Proba bakarra izango da, praktikoa, deialdi bakoitzeko postuen prozedura, eginkizun eta ohiko zereginekin zerikusia duena”. Proba baztertzailea izango da, lehiaketa-oposizioaren prozesuetan.
Eusko Jaurlaritzaren xedea da, horren bidez, dagoeneko euskal administrazioetarako lan egiten duten milaka pertsonaren talentua aprobetxatzea eta, indarrean dagoen lege-esparruaren barruan, erakundeetan egonkortasuna bultzatzea. Helburua da Euskadiko administrazio publiko guztiak prestatzen ari diren hurrengo oposizioetan barneko laneko urteetan eta prestakuntzan eskuratutako ezagutza kapitalizatu ahal izatea eta, aldi berean, berdintasuna, merezimendua eta oposizioa egiten duten pertsonen gaitasuna bermatzea.
2 KIDEGO ETA 54 ESKALA
“Kidegoen eta Eskalen Lege Aurreproiektua”ren bidez, egungo talde eta azpitalde profesionalen kopurua sinplifikatu nahi da, eta malgutasuna eman nahi da, lanbide-titulazioetan dauden etengabeko aldaketen aurrean lanpostuen eskakizunak aldatu eta eguneratu ahal izateko. Horrela, lege hau onetsi ondoren, 2 lanbide-kidego baino ez dira egongo eta, bi horien barruan, 54 eskala sartuko dira:
- Kidego orokorrak: administrazio-jarduerari lotutako eginkizunak betetzen dituzte, besteak beste: izapidetzea, kudeatzea, gauzatzea, aholkularitza ematea, ikuskatzea, programatzea, kontrolatzea, erregistroa, jendeari arreta ematea, laguntza ematea… Kidego horrek 4 eskala profesional izango ditu: administrazioko goi-mailakoa, administrazio-kudeaketakoa, administraziokoa eta administrazio-laguntzailearena.
- Kidego bereziak: lanbide baten edo lanpostu jakin batzuen ezagutza berezia behar duten eginkizunak betetzen dituzte. Kidego horrek 50 eskala profesional izango ditu: ontzigintza, farmazia, industriala, meatzeak, nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorea, haziak, arrantza, itzulpengintza, albaitaritza, juridikoa, kartografikoa, medikuntza, hirigintza…
Lege hori onesten denetik aurrera, Gobernuak, dekretu bidez, eskala bakoitzean bete beharko diren eginkizunak eguneratuko ditu, bai eta orain sortu edo aldatzen den bakoitzera jotzeko eduki beharreko ikasketa-eremuak edo titulazioak ere.
EGOKITZAPENA 6 HILETAN
Eusko Legebiltzarrak “Kidegoen eta Eskalen Lege” berria onestean, sei hileko epea egongo da, egungo talde eta azpitaldeak Euskadiko administrazio orokorreko eta erakunde autonomoetako kidego eta eskala berrietan sartzeko. Gainera, Eusko Jaurlaritzak aldizkako dekretuak egingo ditu lanpostuen zerrenden eta aldi baterako lan-poltsen edukia sortutako kidego eta eskala berrietara egokitzeko.
-
2020-02-28
Correo que es una opción para personal interino pero con criterios justos y equitativos con respecto al resto de la población teniendo en cuenta que el origen de las interinidades no siempre es consecuencia de un proceso de oferta de empleo público sino que se puede haber accedido desde Lanbide.