Eu

Artolazabal: “Gure aurrekontua langabeziaren % 10etik beherako murrizketan eta gizarte-kolektibo ahulenentzako arretan oinarritzen dugu”

2019.eko azaroak 12
  • Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren aurrekontua 2020rako 1.021.589.450 €-koa da, langileen kapitulua alde batera utzita, eta 1,4 milioi euroan areagotu da
  • “Gure helburua da ahalik eta pertsona-kopuru handienaren lan-aktibazioa lortzea, eta Lanbideren egitekoa funtsezkoa da lan-sare eraginkorra sortzeko”
  • “2020ko ekitaldia funtsezkoa izango da, kohesioan, erantzunkidetasunean, berdintasunean eta gizarte-inbertsioan aurrera egiteko; horretara, 84 milioi euro baino gehiago bideratuko ditugu”

VG  2019 11 12

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren aurrekontua 2020rako 1.021 milioi eurokoa da (1.021.589.450 €), langileen kapitulua alde batera utzita, eta 1,4 milioi euroan areagotu da. Artolazabalek aurkeztutako kontuen helburu nagusiak honako hauek dira: langabezia % 10etik behera murriztea, gizarte-kolektibo ahulenei arreta ematea, familia, gazteria eta adinekoak sustatzea, familia eta lana bateratzea eta migrazio-mugimenduen kudeaketa. “Xedea ahalik eta gizarte-kohesio handiena lortzea da”, esan du Beatriz Artolazabalek.

Beatriz Artolazabal sailburuak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean, bere sailaren kontuen proiektua aurkeztu du, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordearekin, Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiarekin eta Iñaki Arrizabalaga Zerbitzuen zuzendariarekin batera.

 Artolazabalek honako hau jotzen du helburu nagusitzat: “langabezia-tasa % 10etik behera finkatzea, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako duen giltzarria, betiere nazioarteko gorabehera ekonomikoen aurrean erne eta prestatuta egonik; hori egingarria da, izan ere, gorabehera horiek badaude ere, joera positiboa finkatzen da”. Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren aurrekontu-jarduketa nagusiak honako hauek dira: kolektibo ahulenak, familiak, adinekoen eta zahartze aktiboaren sustapena, gazteria, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak, iraupen luzeko langabeen artean enplegua sustatzea, kulturartekotasuna eta immigrazioa, hirugarren sektore soziala eta boluntariotza.

 “Ekintza horiek guztiek gizarte solidarioa, kohesionatua, jasangarria eta lehiakorra eraikitzeko oinarriak eratzen dituzte. Euskadi modernoa eta aurreikuslea, Europako Batzordeak eta Parlamentuak ezarritako gizarte-zutabeetan oinarritzen dena. Aurrekontu honen helburua da herrialde gisa aurrez aurre ditugun erronka demografikoei aurre egitea”, esan du Beatriz Artolazabalek.

 

Artolazabal sailburuaren hitzen arabera, “familiarentzako eta haurtzaroarentzako laguntza-politika Gobernu honen erronka nagusietako bat da, eta aurrekontu hauek hura hobetzeko apustu irmoa egiten dute. Lehenik eta behin, aurrekontu-proiektu honek enpleguaren alde lan egiten du, kalitateko enpleguaren alde. Aurrekontu errealista da”.

Enplegua eta Lanbide

“Gure helburua da ahalik eta pertsona-kopuru handienaren lan-aktibazioa lortzea; horretarako, Lanbideren lana funtsezkoa da tartean diren eragile guztien artean lan-sare eraginkorra sortzeko, ekosistema egonkorra eskaintzeko eta hark pertsonei beren enplegagarritasunean eta lan-merkatuan txertatzen laguntzeko. Gure asmoa da erabiltzaile bakoitzak laguntza eta arreta pertsonalizatua izatea enplegura jotzeko edo hura hobetzeko”, esan du sailburuak.

Ekosistema berri hori elikatzeko eta sareko lanari eta erakundearteko eta gizarteko elkarlanari edukia emateko, 6 milioi euroko partida berria gaitu dugu.  2020ko ekitaldirako Lanbideren aurrekontua 886,7 milioi eurokoa (886.743.000 euro) da. Alegia, 1,7 milioi euro gehiago (1.776.000 euro), aurreko ekitaldiaren aldean.  Gainera, kontuan hartu behar da ia 8 milioi euroko partida bat, bulego-sare jasangarriagoa lortzeko eta arreta lagunkoiagoa eta hurbilagoa eskaintzeko Lanbideren bulego-sarean inbertsioak egiteko. 

Aurrekontuaren xehakapenean, Lanbideren aurrekontuko 469,15 milioi gizarte-inklusiora bideratzen dira. Haietatik, 449,5 milioi DSBE eta EPO prestazioak ordaintzeko dira.  Aldeko testuinguru ekonomikoaren ondorioz, DSBEaren onuradunak lan-mundura igaro ahal izan dira (urriko datuak aintzat hartuta, 53.000 dira hartzaileak); gainera, baliabideak hobeto kudeatzean, partida hori egungo beharrera egokitu ahal izan da.  Hori inklusioaren eta enpleguaren politikak sendotzen inbertitu da. Suspertze ekonomikoa aukerak ematen ari zaie kolektibo ahulenei edo kaltetuenei”, esan du Artolazabalek.

Lanbideren aurrekontueko 275,77 milioi enplegu-programetara bideratzen dira; alegia, % 7,4ko igoera, batik bat enplegua eta lan-munduan txertatzea sustatzeko zerbitzuetan. Atal honetan, gaitasun digitalen programa berria nabarmentzen da; hura lan-merkatutik kanpo geratu dena eta laguntza-sarerik ez duena lan-munduan berriro txertatzeko laguntzara bideratzen da. 

Halaber nabarmentzekoa da iraupen luzeko langabeei arreta emateko gizarte-inpaktuko bonuen programa abian jarri izana; hartan, bereziki kontuan izango da genero-ikuspegia eta aktiboetan inbertitzeko laneratzeko enpresentzako laguntza-lerro berriaren ikuspegia. “Neurri horien bidez, euskal gizarteak dituen edo izan ditzakeen beharrei erantzun nahi zaie, ezegonkortasun ekonomikoko unean”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

Prestakuntza

Prestakuntza dela eta, Lanbidek 114,35 milioi euro bideratuko ditu prestakuntza-ekintzetara, eta 3,56 milioi gehiago bideratuko ditu, aurreko ekitaldiaren aldean. Ehunekoei dagokienez, % 3,2 gehigarria dakar. Eremu horretan, “kontuan izan behar da Hobetuz Lanbiden sartu dela; horrek prestakuntzara bideratutako baliabideak optimizatu eta hobetuko ditu”.

Artolazabalek honako hau esan du: “Lanbideren digitalizazio-proiektuak aukera emango du hobekuntza nabarmena egiteko kudeaketan; horretarako, 700.000 euro bideratuko dira.  Lanbiden 2020an zehar garatuko ditugun programa eta neurrietan, bereziki ahultasun-egoeran dauden pertsonei ematen diegu arreta, besteak beste, gazteei, emakumeei, 55 urtetik gorakoei, iraupen luzeko langanbeei eta desgaitasuna duten pertsonei. Haien beharrei erantzungo dieten politika bereziak ezartzen ditugu, enplegu batera jotzeko aukera izan dezaten”.

Gazteriaren eremuan, Sailaren helburua da gazte-emantzipazioari bide ematea; horretarako, Gazte Bermea programaren bidez, 6,5 milioi euro inbertituko ditugu, langabezian dauden gazteen prestakuntzarako eta kontrataziorako. Arlo horretan, Gazte Bizhitza gazte-informazioaren zerbitzua sustatzen dugu; hura hezkuntzan, enpleguan eta etxebizitzan oinarritzen da”, esan du Artolazabalek.

Gazte-enpleguaren atalean berariaz nabarmendutako programek honako partida hauek dituzte: Hezkuntza-mundutik lan-mundura igarotzeko programa: 3 milioi €; Gazte-itzulerarako programa:  1,5 milioi euro, eta Ekintzailetza sustatzeko programa: 500.000 euro.

Enplegu-arloan, Artolazabalek tokiko enplegu-planak nabarmendu ditu. Haiek 22.000.000 euroko inbertsioa dute, eta kolektibo ahulenak sustatzen dira: gazte langabeak, 55 urtetik gorakoak, langabezian dauden emakumeak eta iraupen luzeko langabeak. “Plan horiek honako hauetan oinarritzen dira: enplegua sustatzea; kontrataziorako laguntzak; toki-garapeneko beste ekintza batzuk, eta proiektu estrategikoak. Haiekin, ia 4 mila enplegu sortzen dira”.

“Badakigu zer egoera zailean dauden euskal eskualde batzuk; beraz, tokiko enplegua sustatzeko ekintzen ildo bat gaitu dugu lehentasunez jarduteko guneetan, 10 milioi euroko zuzkidurarekin. Nire ustez, duela hamarkada batzuk profesionalek, erakundeek eta entitateek hasitako lanari esker, posible da gizarte inklusiboa, Euskadi inklusiboa eta garapen jasangarrirako helburuetan oinarritzen dena, baina, oraindik, urrats asko ditugu emateko”, esan du.

 

2020ko ekitaldirako, Artolazabalek honako hau iragarri du: “desgaitasunaren eremuan enpleguaren aldeko apustu irmoa; horretarako, enplegu-zentro berezietara eta laguntza-unitateetara bideratutako zenbatekoa areagotuko da, lanpostuei eutsi eta gehiago sortzeko. Horretarako, 9,1 milioi euroan areagotu da partida hori, eta 50,6 milioi eurokoa da enplegu-zentro berezietarako, eta 5 milioi bideratzen ditugu laguntza-unitateetara, ia % 20ko igoerarekin".

Gizarte-inkusioa

Artolazabalek iragarri du 2020ko ekitaldirako diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) zenbatekoa % 2 areagotuko dela. “Testuinguru ekonomikoaren hobekuntzak ekarri du DSBEaren hartzaileak lan-merkatuan sartzea, eta hartzaile-kopuru hori jaitsi izanak aukera eman du 2020ko ekitaldirako partida horren zati bat oraindik prestazioa jasotzen duten pertsonak lan-munduan txertatzeko politikak sendotzeko balio izatea. Arlo horretan, 1,8 milioi euroko partida nabarmendu behar da, lanaurreko egoeran dauden pertsonen segimendua eta laguntza finantzatzeko, euskal udalekin elkarlanean”.

Era berean, gizarte-larrialdietarako laguntzen partidak finkatu dira, eta 27,5 milioi eurokoak dira. “Euskal familia batzuek bizi duten pobrezia energetikoaren egoera aintzat hartuta, eta GLLen zati handi bat kontzeptu horietara bideratzen dela jakinik, beste 400.000 euro esleitu ditugu, gastu energetiko horiei aurre egiteko”.

Gizarte Politikak

“Gizarte-politiken eremuan, kohesioan, berdintasunean eta gizarte-inbertsioan egin nahi dugu aurrera, pertsona orok bere bizi-proiektua errealitate bilakatu ahal izateko. Gizarte-politiken eremuan, aurreko ekitaldiko zuzkidurak hobetu ditugu, 2 milioi euro gehiagorekin (% 1,34).  Igoera hori, funtsean, aipatu dizkizuedan herrialdeko bi erronka handiri aurre egitera bideratzen da: erronka demografikoa eta migrazio-erronka”, esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

 Ez-egonkortutzat jotzen diren zerbitzu eta prestazio ekonomikoen garapen-proiektuetara bideratutako funtsak 20 milioi euro ditu; haietatik, 14 Eusko Jaurlaritzak eman ditu. Funtsak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zabalkundea bermatzen du eta jarraipena ematen dio.

Artolazabalek familia-politikak aipatu ditu eta honako hau nabarmendu du: “ 2020ko ekitaldia funtsezkoa izango da erantzunkidetasunean, berdintasunean eta gizarte-inbertsioan aurrera egiteko, eta 84 milioi euro bideratuko ditugu eremu horretara. 2020. urtean, kontziliazio erantzunkidearen aldeko apustu irmoa garatuko da. Areagotu egin da kontziliaziorako zenbatekoa, 20,5 milioi euroan. Kontziliaziorako Laguntzen Dekretuaren aldaketa onetsita, bi gurasoen baimenak parekatzeaz gainera, familia ahulenentzako zenbatekoak ere areagotzen dira eta, gainera, eskabideen tramitazioa sinplifikatzen da”.

“Gizartearen sentsibilizazioan eragin behar da kontziliazio erantzunkideari dagokionez; horretarako, enpresei lagundu behar zaie kontziliaziorako bide ematen duten neurriak ezartzen.  2020an Kontzilia 30 ekimenaren esparruan hasitako lana egonkortuko da. Neurri horren eta beste batzuen bidez, jarraitzen da Euskadin soldata-arraila murrizteko Estrategiari eta Ekintza Planari babesa ematen”, esan du.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza dela eta, 2020rako 33,5 milioi euroko inbertsioa izango du. “Legegintzaldi honetarako telelaguntzaren zerbitzuan ezarritako helburua lortuta, jarraitzen dugu zerbitzua hobetzen, Europa mailan erreferente gisa jarrai dezan, eta adinekoek aukeratzen ez duten bakardadeari helduko diogu, funtsezko elementua baita gurea bezalako gizarte zahartuan”, esan du Artolazabalek Legebiltzarrean.

Eusko Jaurlaritzak telelaguntzarako 2020an bideratutako aurrekontua 9 milioi eurokoa da. 2020rako, “betiOntelelaguntza 56.000 erabiltzaileri zabaltzea aurreikusten da. Nabarmentzekoa da hirugarren sektore sozialeko erakundeentzako laguntza; laguntza horiek 6 milioi eurotik gorakoak dira, eta 200.000 euro areagotu da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako laguntzak finantzatzeko partida, harik eta 1,3 milioi eurora iritsi arte.

Migrazio-mugimenduak

“Migrazioa ageriko errealitatea da, eta, kultura-aniztasuna gero eta handiagoa dela aintzat hartuta, fenomeno horrek aurrez aurre dugun gakoetako bat dakar. 2020ko euskal aurrekontuan aurreikusitako inbertsioa 6 milioi eurotik gorako kopuruan ezartzen da; alegia, % 6tik gorako igoera egon da. 2020. urterako erronka da 2018-2020rako Herritarren, Kulturartekotasunaren eta Immigrazioaren Eremuan Jarduteko V. Planean jasotako ekintzekin jarraitzea eta haien abiaraztea osatzea”, esan du Artolazabalek.

Migratzaileen integrazio erreala eta eraginkorra nabarmentzen ditugu, eta, kulturartekotasunean lan egiten duten erakundeekin batera, behar berriei arreta ematea sustatuko dugu. 2020an, iragaitzazko migratzaileentzako baliabideak sendotuko ditugu, eta Harrera programa sustatuko dugu, Euskadin finkatu nahi duten migratzaileei zuzenduta: pertsonei laguntzen zaie gure lurraldean ematen dituzten lehen urratsetan, harreraren, informazioaren eta prestakuntzaren bidez”.

Aniztasunaren politikak direla eta, honako arlo honetako jarduketak nabarmentzen dira: immigrazioa, LGTBI  eta ijitoak, pertsona guztien bizikidetzari bide emateko, eta nabarmendu egiten dira Biltzen-Kultura arteko Integrazioaren eta Bizikidetzaren Euskal Zerbitzua, 1,1 milioi eurorekin, eta Berdindu zerbitzua, 447.220 eurorekin, zeina zerbitzu berria eguneratuz hobetuko baita.

2020rako Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren aurrekontuak, Artolazabalen hitzen arabera, honako hauek bermatzen ditu: enplegu-kota handiagoak, kalitate handiagokoak; lan-kontziliazioko politiken hobekuntza eta laguntza eta Familiaren aldeko eta Haurtzaroari laguntzeko gizarte-ekimenaren proposamena; erronka demografikoa gainditzen laguntzen duena; kolektibo ahulak gizarteratzeko eta haien inklusiorako konpromisoa; adinekoei laguntzeko ekintzen garapena, zahartze aktiboa sustatzearen bidez. Hemen, zaintzaileei zuzendutako estrategia hasten dugu; lan-kolektiboen eta enplegura jotzeko prozesuan daudenen prestakuntza etengabea; gure gazteentzako lan irmoa, haien emantzipazioan eta bizi-proiektuaren zehaztapenean lagunduz, eta migratzaileentzako laguntza solidarioa, bizitza baten bilaketa-prozesuan”.

2020rako aurrekontu soziala eta jasangarria aurkezten dugu, Europaren gizarte-eraikuntzaren printzipioak jaso eta gainditzen dituena, eta arreta berezia eskaintzen diegu gizarteko sektore ahulenei, enpleguan eta gizarte-prestazioen arretan oinarrituta eta familiari eta pertsonei laguntza emanez”, esan du Artolazabal sailburuak, amaitzeko.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2019.eko azaroak 13

    Me gustaria saber que iniciativas van a desarrollar para las madres cuidadoras que llevan cuidando en soledad 30 y 40 años a sus hijos
    Nosotras sufrimos desigualdad y doble discriminacion

Ekitaldiko kargudunak