Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Lide Amilibia: “Euskal gizarte-zerbitzuak osasuntsu daude”

2019-11-11
  • Gizarte Politiketako sailburuordeak bi azterketa berriren ondorioak aztertu ditu: 2018ko Gizarte Premien Inkestarenak eta Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Estatuko Elkartearenak

VG 11 11 2019

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema osasuntsu dago, eta hori deigarria da batik bat gure ingurunearekin erkatzen badugu”, esan du Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, bere sailaren estatistika-organoaren inkestek eta Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Estatuko Elkartearen  txostenek emandako datuak aztertzean.

 

Lide Amilibiak 2018ko Gizarte Premien Inkestaren datuen xehetasunak eman ditu; inkesta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren estatistika-organoak egin du, eta gizarte-zerbitzuen eskariaren estatistika aztertzen du. Euskal legeriak ezarritako tresna bat da. “Haren ondorioak oso baliagarriak dira,  gizarte-politikak kudeatzeko eta modulatzeko”, azpimarratu du sailburuordeak.

 

Azterlanak honako hau nabarmentzen du: “mendekotasun berezia duten pertsonei ematen zaien arreta hobetu egin da 2018an; ia hamar puntutan areagotu da, eta erabateko mendekotasuna edo mendekotasun larria duten pertsonen % 66 baino gehiagotara iritsi da. Halaber, kolektibo horri arreta emateko asteko orduen kopuruak gora egin du, eta, batez beste, 77,4 ordu dira.

 

“Halaber mendekotasunari arreta emateko sistemaren prestazioetako sarbidea ere hazi egin da. Beste albiste on bat da mendekotasun handiena duten pertsonen etxebizitzetan arkitektura-oztopoen presentziaren inpaktua murriztu egin dela, eta % 15etik beherakoa dela”, esan du Amilibiak.

 

Erkaketa

“Inkestako datuak asteon berretsi dira, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Estatuko Elkarteak eginiko autonomia-erkidegoen arteko erkaketa-txosten batean; bertan, Euskadi lehen postuan dago inbertsio publikoan, mendekotasunari arreta emateko sistemaren barruan”, esan du Amilibiak.

 

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren txostenak bakardadearen eta tristeziaren arazoen inpaktuaren beherakada txikia aztertzen du; % 15,5era jaitsi dira. Baina oraindik esanguratsuak dira 65 urtetik gorako biztanleen artean. “Inkestak honako hau hartzen du ardatz: bakardadea eta tristezia zazpi aldiz handiagoa dela mugaketak edo mendekotasun berezia dituzten pertsonen artean, mugaketa horiek ez ditugunekin erkatuta”, esan du Gizarte Politiketako sailburuordeak.

 

Bestalde, handia ez bada ere, jatorri, arraza edo erlijioagatiko gizarte-gaitzespenaren pertzepzioak pixka bat gora egin du, eta % 2,3koa da. Ondorio gisa, txostenak ziurtatzen du gizarte-arazo larriek “2010ean orduan hasi zen murrizketa moderatuaren joerari eusten” diotela.

 

Xehetasuna

Txostenak, bestalde, gizarte-emantzipaziorako prozesuak ere aztertzen ditu, eta egungo etxetik independizatu nahi duten, baina, motibo ekonomikoak direla eta, hala egin ezin duten pertsonen proportzioaren murrizketa erregistratzen du. Ehunekoa % 5,7ra jaitsi da. Halaber, % 4,2ra murriztu da arazo ekonomikoak direla eta nahi beste seme-alaba ez dituen etxe-kopurua, “baina joera horrekin batera ez dago jaiotza-indizeen igoerarik”, esan du sailburuordeak.

 

Eskainitako datuen artean, gizarte-zerbitzu publikoetara jotzen duten atzerritarren etxeen proportzioa % 38,8ra jaitsi da. Biztanleen % 7,7k laguntza-prestazioen sistemaren babesera jotzen du.  DSBE-EPO-GLL sistema eskariaren arretaren % 82,7an mantentzen da.

 

Lide Amilibiak honako hau nabarmendu du: “deigarria da Estatuko gainerako autonomiekiko aldea, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Estatuko Elkartearen txostenak ere nabarmentzen duenez; gure datuak eta Espainiaren batez bestekoa bestelakoak dira. Espainian pobrezian bizi diren biztanleen % 8 baino gutxiago gizartean txertatzeko gutxieneko errenten onuradun da. Espainiako elkarte horren datuen arabera, Euskadin pobreziaren mailatik beherako biztanleriaren hiru laurden euskal laguntzen onuradun dira”.

 

Euskal biztanleak pixkanaka zahartzen doazenez, etxean zaintzeko zerbitzuen eskaria gero eta handiagoa da, eta telelaguntzari lotutako arretaren aurrerapen handia nabarmentzen da; etxeen % 4,3ra heltzen da. “betiOn zerbitzuak, ohartarazteko medailoi erabilgarriak, handitzen jarraitzen du”, esan du, pozik, Eusko Jaurlaritzako gizarte-politiketako arduradunak.

 

Autonomia pertsonala

Autonomiarako eta mendekotasunari arreta emateko laguntzetara jotzen duten etxeen proportzioa ere % 3,9ra arte handitu da. Ordea, behera egin dute % 3,4 familia-laguntzetara jotzen duten etxeek.  Krisialdian murriztu ondoren, orain % 67,9ra arte handitu da gabezia-egoerak bizi dituzten etxeetan dauden eta ikastetxe edo haurtzaindegietara doazen 5 urtetik beherakoen kopurua. Halaber, murriztu egin dira eskola-arazo larriak, eta % 3,9 dira.

 

Lide Amilibiak honako hau nabarmendu du: “egiturazko lan-bazterketak jarraitzen du esanguratsua izaten, baina hobekuntza nabarmena du. Nahiz eta 2018an beherakada ia % 25ekoa izan, oraindik detektatzen dira eraginpean dauden 91.168 pertsona”. Inkesta horren arabera, 16 eta 64 urte bitarteko biztanleen % 0,3 baino ez da lan-baimenik gabeko atzerritarra. Azkenik, enplegura jotzeko eskari aktiboa mantentzen ez duen lan-bazterketako egoeran dagoen pertsona-kopurua % 29,7 da. “Gogorik eza hori kezkagarria da, eta politika aktiboekin egin beharko zaio aurre, lan-merkatutik egiturazko irteerarik egon ez dadin”, esan du Lide Amilibiak, amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)