Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 45.000 euroko diru-laguntza baten bidez lagunduko du Euskarabentura espedizioa (Gobernu Bilera 2019-11-12)
- Azken edizioan, uztailean, 16 eta 17 urteko 120 gaztek parte hartu zuten eta 780 kilometro baino gehiago egin zituzten
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 45.000 euroko diru-laguntza onartu du, bere gaurko bileran, Euskarabenturarentzat. Euskararen lurralde osoa zeharkatzen duen espedizio baten bidez gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko sortu zen Euskarabentura, eta joan den udan bigarren edizioa egin zuen. Horrela, uztailean zehar, 16 eta 17 urteko 120 gaztek, Euskadikoak, Nafarroakoak eta Iparraldekoak, baita diasporakoak ere, 780 kilometro baino gehiago egin zituzten 31 etapatan.
Egitasmoak hiru helburu nagusi ditu: gazteen artean euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea; gazte euskaldunen sare berri bat sortzea eta aberastea; eta euskal ondare natural, historiko eta kulturalaren transmisioa bermatzea. Orotara 50 jarduera baino gehiago programatu ohi dira 31 etapetarako. Ekintza anitzetan era guztietako gaiak jorratzen dira: euskara, soziolinguistika, feminismoa, genero eta sexu identitate-aniztasuna, etorkinen egoera, gizarte-ekonomia, kultura, ondare historikoa, larrialdi ekologikoa, basogintza... Aldiro-aldiro hainbat arlotako profesionalak espediziora batzen dira beren ezagutza eta esperientzia partekatzeko: dantzariak, bertsolariak, kazetariak, idazleak, etab.
Ekimen honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa du, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren zein Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez. Horrez gain, Akitania Berria/Euskadi/Navarra Euroeskualdearen laguntza jasotzen du, bai eta foru aldundiena Nafarroako Gobernuarena eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarena ere.
Galtzaundi elkartea
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 8.000 euroko diru-laguntza onartu du Galtzaundi euskara elkartearentzat, ‘Ahalduntze lurrak ereiten. Euskaldunak ahalduntzeko proposamenaren gakoak, Tolosaldean’ izeneko programa garatzeko. Proiektuaren helburua da herriz herriko euskaltzale talde eraginkorra trebatzea eta Tolosaldeko hizkuntza errealitateaz jabearaztea eta berau ulertzeko gakoez ohartaraztea da.