Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Eusko Jaurlaritzak 110.000 euro onartu ditu Elkargiri eta Basque Culinary Centerri bideratutako bi diru-laguntzaren bidez Kultura eta Sormen Industriak bultzatzeko (Gobernu Bilera 2019-11-12)

2019.eko azaroak 12
  • Elkargik 60.000 euroko laguntzaren bidez KSI Berritzaile programan parte hartzen duten enpresen finantzaketa erraztuko du; Basque Culinary Centerrek, berriz, Erdialdeko Finlandia eskualdeari aholkularitza emango dio gastronomia bultzatzeko

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Euskadiko Kultura eta Sormen Industriak sustatzeko bi diru-laguntza onartu ditu bere gaurko bileran. Laguntza horietako lehena, 60.000 eurokoa, Elkargi elkarteari zuzenduta dago, eta KSI Berritzaile programaren barruan enpresen finantzaketa administratzeaz arduratuko da. Bigarrenik, 50.000 euroko diru-laguntza bat onartu da Basque Culinary Centerrentzat, Erdialdeko Finlandia eskualdeari aholkularitza emateko, gastronomia ardatz duen garapen ekonomiko eta sozialeko proiektu baten barruan (gastronomia sektore estrategikoetako bat da euskal KSIen barruan).

KSI Berritzaile programa Euskadiko KSIen esparruko enpresei zuzenduta dago, kultura-sektoreetan (arte eszenikoak, ikusizko arteak, ikus-entzunezkoak, edizioa, musika edota kultura-ondarea) edo sormen-sektoreetan (arkitektura, diseinua, gastronomia, hizkuntza-industriak, artisautza, moda, publizitatea, bideo-jokoak...) aukera-espazioak sortzeko eta garatzeko helburuarekin. Proiektua honako ardatz hauen arabera garatzen da: berrikuntza teknologikoa, antolaketa-ereduaren berrikuntza eta enpresen finantza-gaikuntza. Proiektu horren barruan, Elkargi Elkarrekiko Berme Sozietatea, Gobernu Kontseiluak onartutako diru-laguntzari esker, enpresen finantza-gaikuntzaren ardatza garatzeaz arduratuko da.

Basque Culinary Centerri dagokionez, diru-laguntza Creadis 3 proiektuari lotuta dago. Proiektu horren helburua da Europar Batasunaren baitan barruti adimendunak sortzea, Kultura eta Sormen Industriak bultzatuz. Euskadi buru duen eta 2017-2021 aldian garatzen ari den ekimen honetan Europako bost eskualdek eta Estatu batek parte hartzen dute: Euskadi, Erdialdeko Finlandia, Valonia, Mendebaldeko Grezia, Emilia-Romania eta Eslovakia.

Proiektu honen barruan, Euskadi eta Erdialdeko Finlandia eskualdea elkarlanean ari dira gastronomia ardatz duen proiektu baten inguruan. Horrela, Euskadik aholkularitza emango dio Finlandiako eskualde horri, lurraldean gastronomia nola bultzatu jakiteko, garapen ekonomiko eta sozialaren ardatz bihurtzeko; izan ere, gastronomia indartu nahi dute Erdialdeko Finlandian eta sormen sektore hori estrategikoa da Euskadin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko