Berriak Herrizaingoa
Eu

900 840 111 telefonoaren zerbitzu berria laneko jazarpena jasaten duten emakumeei laguntza ematea izango da

2011.eko apirilak 18

Zerbitzu berria ezagutzera emateko egin den informazio-gidaren 25.000 ale banatuko dira

Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren 900 840 111 zenbakiko telefono-zerbitzuak, lan esparruan jazarpena edo sexu-jazarpena jasaten duten emakumeei laguntza emango die. Zerbitzu berria telefono honek orain arte eskaintzen zituenei gehitu behar zaie.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko baliabide anitz kudeatzen ditu. Horietako bat, 900 840 111 zenbakiko Telefono Zerbitzua da. Profesionalak daude ariaren bestaldean eta eguneko 24 orduetan dago erabilgarri; zerbitzua isilpekoa eta doakoa da. Biktimarekiko laguntza eta sorospen emozionala lantzen dituzte, aholkuak ematen dizkiete (genero-indarkeria egoeren aurrean egin beharrekoaren berri ematen dute) eta emakumezkoak bere ingurune hurbilean eskura dituen baliabideen inguruko informazioa (gizarte, osasun, auzitegi eta polizia zerbitzuak, e.a.) ematen dute. Hemendik aurrera aipatutako zerbitzu guzti hauei beste bat gehituko zaie, lanean sexu-jazarpena edo sexua dela eta nolabaiteko jazarpena jasaten duten emakumeei laguntza ematearena, hain zuzen.

Informazio-gida

Baliabide berri honen inguruko informazioa biktimei helarazteko, aste honetatik bertatik aurrera, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak informazio-gida baten 25.000 ale lan esparruko agente eta bitarteko ezberdinen artean banatuko ditu. Bertan azaltzen da normalean nola  jazotzen diren halako egoerak eta horien aurrean biktimek zer egin dezaketen, nora jo, eman beharreko pausoak, e.a. Gainera, biktimek 900 840 111 Telefono Zerbitzuaren sorospena ere izango dute eta haren bidez, laguntza, eutsitasuna, informazioa eta orientazioa eskainiko diete.

Gidak sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpenaren definizio zehatzak ematen ditu Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Erabilgarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege organikoak jasotzen duenaren arabera. Lege honek ulertzen duenez, sexu-jazarpena da sexu-izaerako jokabide bat sortzea, ahozkoa, ahozkoa ez dena edo fisikoa, xede nahiz ondore izateagatik pertsonaren duintasunaren aurka egitea, batez ere, larderiakoa, apalesgarria edo ofentsakoa den ingurua sortzen denean. Era berean, sexuan oinarritutako jazarpena da pertsona jakin baten sexuarekin zerikusia duen edozein jokabide, xede nahiz ondore izateagatik pertsonaren duintasunaren aurka egitea eta larderiakoa, apalesgarria eta ofentsakoa den ingurua sortzea.

Sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena emakumeen aurkako diskriminaziozko jarrerak dira eta baita genero-indarkeria egiteko erak ere. Nolanahi ere, halako indarkeria ekintzak normaltzat jo dira lan munduan eta ikustezin egin dira. Hori dela eta, gaurtik aurrera banatuko diren gidetan abusuzko egoera horiek identifikatzen laguntzen duten jarrera-adierazleak zein diren zehazten dira. Horrez gain, jasaten dituzten emakumeek, lan bizitzan eta bizitza pribatuan izango dituzten ondorioak ere aipatzen dira. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak horretarako sortuko duen  24 orduko Telefono Zerbitzutik biktimei eman diezaioketen laguntza, orientazioa eta baliabideen berri ematen du aipatutako gidak.

Laburbilduz, ekimen honekin, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak, gizartean maiz ematen diren indarkeria egoeren aurrean sortzen diren zalantzak argitu eta horiei aurre egiten erakutsi nahi da. Jasaten dituzten emakumeek hurbil sentituko duten jarera batekin, beraiei sorospena eta orientazioa ematea dute xede.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko