Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arriolak Euskadin hiru terminal izango dituen aireportu-ereduaren aldeko apustua egin du

2011.eko apirilak 15

Kudeaketa-eredu mistoa defendatu du, tartean diren erakunde guztiak hartuko dituena, eta euskal erakunde ekonomikoa parte-hartzea izango duena

Iñaki Arriolak euskal herritarren, enpresen eta interesen onerako diren aireportuen kudeaketarako tresna guztiak bere gain hartzearen aldeko apustua egin du gaur Legebiltzarrean. Eta horren xedea da hiru euskal aireportuen kudeaketa integral eta koordinatua lortzea, elkarren osagarri izateko dauzkaten baliabideak eta bakoitzaren espezializazioak baliatuz, azken finean, aireportu-baliabideak optimizatzeko, eta Euskadirentzat hiru terminaleko aireportu baten aldeko apustua eginda.

Jaurlaritzaren helburua da pixkanaka eredu hori ezartzeko bidean aurrera egitea, hiru aireportuen potentzialitateak garatu eta sendotzeko aukera guztiak aprobetxatuz.

Halaxe erantzun dio Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak Eusko Legebiltzarrean aireportu-ereduari buruz egin zaion interpelazioari.

Arriolak esan du Jaurlaritza guztiz bat datorrela Eusko Legebiltzarrak transferitu beharreko eskumenen artean hiru aireportuen kudeaketa hartzen zuen 1995eko akordioarekin. Horrela, bada, Arriolak esan du aireportu-sistemaren kudeaketa erreformatzeko prozesua 2010 urtearen amaieran abiarazi zen, eta sistema gehiago deszentralizatzeko aukera emango du.

Hala eta guztiz ere, "egungo eredua erreformatzeko ez dago zertan "tabula rasa" egin; zeren eta egungo ereduak ere baditu hainbat abantaila eta horiek kontuan edukitzea komeni da; esaterako, finantzaketa gurutzatua, Forondako eta Hondarribiko aireportuak martxan izatea ahalbidetzen duena". Eta AENAk eskaintzen dituen giza-baliabideak eta baliabide teknikoak alferrik ez galtzearen alde agertu da.

"Jaurlaritzak defenditzen duen kudeaketa-eredua eredu mistoa da, zerikusia duten erakunde guztiak hartuko dituena, eta euskal erakunde ekonomikoa parte-hartzea izango duena. "Aireportuen eta aireportu horien inguruen sinergiak, espezializazioak eta berezitasunak kontuan izango dituen eredu bat, aukerak eta baliabideak ahal bezainbat aprobetxatzeko" azaldu du.

Horiek horrela, Loiuko aireportua hegaldi erregularretan eta turismo eta negozioetako abiazioaren garapenean espezializatuko litzateke; Forondako aireportua merkantziak garraiatzeko hegaldietan; eta merkantziekin lotutako zentro logistiko gisa lan egingo luke, hegazkinen mantentze-zerbitzuak eskainiko lituzke, eta turismo eta negozioetako abiazioa garatuko luke, aukerarik sortzen bada, ozeanoz gaindiko hegaldiak barne; eta Hondarribiko aireportua hegaldi erregularretarako erabiliko litzateke, batez ere, abiazio-eskola gisa, eta turismo eta negozioetako abiazioa garatzeko.

Jaurlaritzaren ustez, eredu horrek Euskadi osorako kudeaketa-organo bat izan beharko luke, eta bertan AENAk, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, udalek eta erakunde ekonomiko nabarmenek hartuko lukete parte, aireportu bakoitzaren kudeaketa-helburuak zehazteko eta erabakiak hartzeko:

  • Plan estrategikoak eta plan zuzentzaileak idatzi eta onartu.
  • Aire-ibilbide berriak onartu.
  • Aireportuetako inbertsio handiak: eraikin, terminal eta pistak.
  • Aireportuetako tasak eta tarifak onartu.
  • Beste erakunde batzuekiko komunikazioa bideratu.
  • Zirkulazio-tarteak, lurreko laguntza-zerbitzuak (maletak, jatekoak, etab.), hegazkinen mantentze-lanak eta aire-konpainiei eskaini beharreko jarduera osagarriak.
  • Aireportuko eta inguruko jarduketak.
  • Eta aireportuen erabiltzaileei eskaini beharreko zerbitzu osagarriak (merkataritzarako lekuak, aparkalekuak, hegan egiteko eskolak, etab.)

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan