Berriak Lehendakaritza

Kultura, hazkuntzaren oinarri

2011.eko apirilak 18

Donostiako San Telmo Museoan, lehendakariak azpimarratu du kultura oso garrantzitsua dela askatasuna eta tolerantzia lortzeko

“Kultura gizartearen hazkuntzaren oinarria da, kultura sustatzea da askatasuna eta tolerantzia bermatzeko biderik onena”, adierazi du lehendakariak. Helburu horiek lortzeko, “kalitatezko hezkuntza-sistema izateaz gain, beharrezkoa da sormena bultzatzea eta kultura hedatzea”, eta “gizarteari kultura hurbiltzeko” azpiegiturak sortu behar direla azpimarratu du.

“San Telmo Museoa Euskadiko museorik eredugarriena izateko helburuarekin jaio da”. Lehendakariak adierazi duenez, museo honek “gure historiaren ezaugarri berezienak berrikusten ditu, beste zentro kultural batzuetara eta herrialdeko beste museo batzuetara bidaltzen gaitu gehiago sakontzeko, posible bada”. “Funtsezko erreferentzia da gure gizartea, gure bilakaera eta gure herrialdea ezagutu nahi dituztenentzat, baita gure eskaintza kulturala ikusi nahi dutenentzat ere”, erantsi du.

Patxi López lehendakariak Donostiako San Telmo museoko erakusketa iraunkorra bisitatu du, museoak bihar irekiko baititu ateak bisitariak hartzeko. Lehendakariaz gain, Odón Elorza Donostiako alkatea eta María Jesús Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatua ere han izan dira.

Patxi Lópezen hitzetan, “berebiziko” garrantzia du erreferentzia kultural berriak eta “ezagutza eta jakingura intelektuala sortzen dituztenak” agertzeak. Lehendakariak San Telmo Museoak hutsune handia bete duela gogorarazi du; izan ere, Euskadiko historiari buruz egiten duen analisian euskal gizartearen konplexutasun “handia eta zabala” kontuan hartzen duen istorio bat idazten du eta.

San Telmo Museoaren erakusketa iraunkorrak 3.000 metro karratu hartuko ditu ia, gizabanakoak gizartean izan duen bilakaera du ardatz, eta aukeratu diren piezek, ikus-entzunezko elementuek eta baliabide interaktiboek euskal gizarteak sortu zenetik gaur egun arte izan duen bilakaeraren inguruan diskurtso bat osatzen dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak