Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Donejakue Bidea ezagutzeko bisitak antolatu ditu, azaroaren 17an, 23an eta 30ean

2019.eko azaroak 07
  • Munduko Ondarearen Nazioarteko Eguna dela-eta antolatuak, Debatik, Markina-Xemeinetik eta Gatzaga Buradonetik abiatuko dira.

 

Gasteiz, 2019/11/07       

Datorren azaroaren 16an ospatzen den Munduko Ondarearen Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, bigarren urtez jarraian, azaroko asteburuetan zehar Euskadiko Donejakue Bidea ezagutzeko bisita gidatuen programa antolatu du. Bisita horiek azaroaren 17an, 23an eta 30ean izango dira.

 Oraingo honetan, Donejakue Bideak duen kultura-ondare aberatsa ezagutarazteko asmoz, hiru ibilbide aukeratu dira, bat lurralde historiko bakoitzean: Deba eta Sasiolako Komentuaren arteko trazadura, Gipuzkoan; Barroeta dorrearen eta Markina-Xemeingo hirigunearen artekoa, Bizkaian; eta Gatzaga Buradonen hiribildu harresitua, Araban. Azken kasu honetan, jardunaldia osatuko da Bastidako hirigunea eta upategi bat bisitatuz.

Bisita gidatua Gipuzkoan

Lehen saioa, hilaren 17an, Gipuzkoan egingo da. Autobus bat abiatuko da Donostiatik, goizean goiz, Debarako norabidean. Herri honetako hirigunea ezagutu ondoren, bertaratzen direnek ibilaldi gidatu bat egingo dute Sasiolako komentu-ospitaleraino, Donejakue Bidearen zati ezezagun horrek ezkutatzen dituen altxorrak ezagutzeko asmoz. Tenplu interesgarri honetara bisita egin ondoren, autobusak taldea jasoko du eta, Gipuzkoako hiriburura itzuli aurretik, Mutrikuko Astigarribia auzoan geldialdia egingo du, Deba ibaiaren beste ertzean, hain zuzen ere.

Bisita gidatua Bizkaian

Bizkaiko txangoa egiteko, hilaren 23an, larunbatean, autobus bat abiatuko da Bilbotik, goizean, Barroeta dorrerako norabidean (Markina-Xemein). Dorretxea ezagutu ondoren, Arretxinagako San Migel ermita eta Xemeingo Santa Maria eliza monumentala bisitatzeko paseoari ekingo dio taldeak, Markinako Erdi Aroko hirigunera iritsi aurretik. Autobusa bazkaltzeko orduan itzuliko da Bilbora.

Bisita gidatua Araban

Azken bisitari dagokionez, Arabako Errioxa aukeratu da. Kasu honetan, Gasteiztik Gatzaga Buradonera abiatuko da autobusa, hilaren 30ean, larunbatean. Hiribildu harresitu hau ondo ezagutu ondoren, autobusak taldea Bastidara hurbilduko du eta bertako hirigunea eta upeltegi tradizional bat bisitatzeko aukera izango du Gasteizera itzuli aurretik.

Gidekin batera

Bisita gidatuen programa honen bidez, Euskadin Donejakue bidean dauden ondare-elementu interesgarriak ezagutarazteaz gain, parte-hartzaileak erromes bihurtu ahal izango dira egun batez, eta, gida espezializatuen eskutik, bidearen zatirik garrantzitsuenetako batzuk ezagutu ahal izango dituzte.

Sasiolako komentu-ospitalera joateko txangoa Alex Turrillas historialari debarrak gidatuko du. Markina-Xemeinen kasuan, Juan Manuel Gonzalez Cembellin izango da gidaria, Arte Sakratuaren Eleiz Museoko zuzendaria. Arabako Errioxako bisitaldian Itziar Aloria historialaria, Iñaki Alvarez artista buradondarra eta Bastidako turismo bulegoko gida taldea izango dira.

Bisita guztiak doakoak dira, baina plazak mugatuak dira; beraz, erreserbak izena emateko ordenaren arabera egingo dira 695 785 715 telefono zenbakian edo info@donejakuebideaeuskadi.eushelbide elektronikoan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak