Berriak Osasuna
Eu

Euskal ijitoen komunitatearen osasuna hobetzeko Osakidetzaren programak Laguntza Soziosanitarioaren Espainiako Sozietatearen saria jasoko du bihar Xixonen

2019.eko azaroak 07

Laguntza Soziosanitarioaren Espainiako Sozietateak ematen duen Francisco Garcés Roca saria jasoko du bihar Xixonen Euskadin ijitoen komunitatearen osasuna hobetzeko Osakidetzaren programak.

Saritutako ekimena beren osasunaren zaintzan herritarrak ahalduntzeko Paziente Bizia programaren baitan dago. Ekimena, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatu zuen 2016an, ijitoen komunitateak osasun-eremuan bizi dituen gizarte-desparekotasunak murrizteko.

Sariaren VI. edizioko epaimahaiak epaian nabarmendu du programaren bidez proaktibitatea sustatzen dela, autozaintzako trebetasunen bitartez, prebentzioaren ikuspegitik, gaixotasunaren zaintzatik barik. Era berean, beste biztanle-talde ahul batzuei aplika dakiekeela nabarmendu du, eta bereziki berdinen arteko hezkuntza sustatzearen aldeko apustua azpimarratu du. Azken hori da, hain zuzen ere, Paziente Bizia programaren gakoetako bat: pazienteek bezala, tailerretako monitoreek ere gaixotasun kronikoak dituzte edo zaintzaile nagusiak dira –osasunaren sustapenarekin konprometitutako pertsonak, ijito komunitatearen kasuan-; horrela, enpatia, hurbiltasun eta inplikazio handiagoa lortzen da.

Egun, saritutakoaz gain, hiru tailer ditu abian Osakidetzaren Osasun Eskolaren esparruan Euskadi osora zabaldu den Paziente Biziak: “Nire osasuna aktiboki zainduz”; “Nire diabetesa zaintzen”; eta minbizitik bizirik irten diren “Minbiziaren ondoren nire osasuna zaintzen”, azken hau ere, iaz saritua. Guztira, Euskadiko ia 7.000 pazientek eta zaintzailek parte hartu dute, eta, bertan, 350 monitore inguru daude.

Paziente Biziak hainbat sari jaso ditu, besteak beste: 2016an Teknologia eta Osasuna fundazioak emandakoa, autonomia-erkidego batek sustatutako kronikoen programarik onenagatik, eta Angel Muriel fundazioaren Zainketa Onkologikoen eta Aringarrien inguruko Erizaintzako Ikerketako III. saria, iazko edizioan. 

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 7a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau