Eu

Beatriz Artolazabalek “2018-2021 Etxerik Gabeko Pertsonen Euskal Estrategiak duen izaera orientatzailea aintzat hartuta lortzen ari den aurrerapen handia” nabarmendu du

2019.eko azaroak 06
  • Egoitza Bazterketari buruzko IV. Jardunaldia UPV/EHUko Donostiako Ibaeta campusean
  • Lide Amilibiak ezarpenaren lehen urtean aplikatutako jarraibideak identifikatzen dituen segimendu-txostena aurkeztu du.
  • María José Aldanas-ek, “Feantsa”koak, “Egoitza-bazterketa Europan: etxegabeen eskubideak defendatzeko joera eta estrategiak” hitzaldia eman du, eta Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek egiten duten lana goraipatu du

DSS, 19 11 06

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, “Etxerik Gabeko Pertsonen Euskal Estrategia, 2018 2021”k duen izaera orientatzailea aintzat hartuta lortzen ari den aurrerapen handia nabarmendu du, “ezarpenaren lehen urtean aplikatutako jarraibideak identifikatzen dituen segimendu-txostenak adierazten duen bezala”.

 

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin batera, Artolazabalek Egoitza Bazterketari buruzko IV. Jardunaldian parte hartu du, UPV/EHUko Donostiako Ibaeta campusean. Sailburuak honako hau azaldu du: “inplikatuta dauden hogei erakundeak lanean hasi dira eta aurrera egiten ari gara bazterketa prebenitzeko eta murrizteko helburuetan”.

 

“Estrategia honen garapen-ardatzen erdiek baino gehiagok lehen urte honetan, dagoeneko, garapen egokia izan dute eta, 2021era arte oraindik lana egiteko badago ere, bide onetik goaz: geure buruari 2020rako ezarritako helburuen zerrenda zabala eta exijentea da. Gure ustez udalek eta erakundeek dagoeneko garatu dituzten jardunbide egokiek kutsatzeko eragina izango dute datozen hilabeteotan, eta etxerik gabeko emakumeak ikusarazten ari gara”.

 

“Kolektibo hori agerrarazten bakarrik, beren egoeraren hobekuntzan aurrera egingo dugu. 2018ko urrian egin genituen neurketetan, ia mila bat boluntariok hartu zuten parte, eta hartan ezinbestekoa da hirugarren sektorearen inplikazioa; horregatik, boluntariotzari berari eta hirugarren sektoreari eskerrak eman nahi dizkiet, egiten duten lanagatik”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

Artolazabalek honako hau jakinarazi du: “iazko urrian, egoitza-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonen kopurua zorrotz zenbatu zen, eta orain xehetasunez aztertzen ari garen zifrak eman ziren, politika publikoak zehazteko eta hirugarren sektoretik haiei aurre egiteko. Egoitza-bazterketa larriko egoeran dauden 3.007 pertsona egon ziren erregistratuta, eta 3.247 plaza zenbatu genituen egoera zail horretan dauden pertsonentzako 400 baliabide baino gehiagotan. Gure autonomia-erkidegoan etxegabeentzat eskainitako baliabideak Estatu osoan ugarienak dira, nabarmen”.

 

Migrazio-fluxu berriak

Artolazabalen hitzen arabera, “2018an Europan migrazio-fluxuen ibilbideak aldatu ziren, eta Irungo muga orain estatistika horietan agertzen diren iragaitzazko migratzaile ugariren pasabide bilakatu zen. Bestalde, 2018an, nazioarteko babesaren eskatzaileei edo onuradunei harrera egiteko baliabideak areagotu eta hobetu ziren, gaur aztertzen ari garen zifretan agertzen diren errefuxiatuak bezala. 2018an, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak babesteko baliabideak ere areagotu ziren”.

 

Eusko Jaurlaritzak kalean lo egiten duen pertsona-kopurua dela eta egin zuen zenbaketak nobedadeak ditu, bai kontaketaren aldetik, bai zehatzagoa egiten duten inkesten aldetik. Artolazabalek esan duenez, “gure taldearentzat ez da nahikoa jakitea euskal gizarteak etxegabeei ematen dieten arreta gure ingurunean nabarmen hobea dela, eta gure gizarte-politikak berritzaileak eta aitzindariak izatea nahi dugu. Zenbaketa horrek agerian uzten du migrazio-ibilbide zailak, laneratzeko arazoak eta gutxieneko baliabide ekonomikorik eza duten gazte atzerritarren kopuru handia, eta, hori dela eta, Lanbidek gizarteratzeko eta laneratzeko ekimenak jarri ditu abian”.

 

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak zenbait jarduketa-proposamen egin ditu, besteak beste, “eskualde guztietan koordinazio-mahaietarako gizarte-zerbitzuak ezartzea eta haietan hirugarren sektoreak eta gizarte-zerbitzuen, enpleguaren, etxebizitzaren eta diru-sarreren bermearen eremuan lan egiten duten erakunde guztiek parte hartzea, jarduketak koordinatzeko eta lurralde-oinarriko estrategia integralak ezartzeko”.

 

Halaber, honako hau azaldu du: “esku hartzeko eredu komunak prestatu dira, zentro eta zerbitzuentzat, zorro-dekretuan aurreikusitako gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei bideratuta, arau eta erregelamenduak, sarbide-baldintzak, eskainitako prestazioak eta esku hartzeko estrategiak bateratzeko”.

 

Lide Amilibiak eginiko beste proposamen batzuk: “Gizarte Zerbitzuen eta Etxebizitzaren Behatokien bidez datuen argitalpena sustatzea eta egoitza-bazterketari eta hari erantzuteko garatutako politika publikoei dagokienez ikerketa bereziak egitea eta metodologia komunen bidez gaur egun gizarte- edo egoitza-bazterketako egoeran dauden pertsonei arreta emateko eremuan esku hartzen duten zentro eta programen kalitateari eta emaitzei dagokienez ebaluazioak egitea”.

 

Jardunaldietan María José Aldanas-ek, “Feantsa”koak, “Egoitza-bazterketa Europan: etxegabeen eskubideak defendatzeko joerak eta estrategiak” hitzaldia eman du, eta Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek eremu horretan egiten duten lana goraipatu du, eta Europako aurreratuenetakoen artean kokatu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak