Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Fagor Arrasate sozietateak urtebetean Txinan izandako fakturazioa bost aldiz hazi da

2011.eko apirilak 15

Kunshan-en tokiko agintariek, Eusko Jaurlaritzak eta Mondragon Korporazioak sinatutako akordioaren ondorioz sustatutako enpresa-parkearen bilakaera izugarri handiaren adibideetako bat dugu Euskadiko kooperatiba hori.

Bernabé Unda sailburuak bidaiari buruz egindako balantzea "oso positiboa" da: "Duela bi urte arte lortu ez zuten estatusa ari dira hartzen Txinan Euskadiko enpresak".

Qiandeng-eko alderdiko idazkariak iragarri du Euskadi bisitatuko duela maiatzean, alkatearekin batera.

José María Aldecoa, Mondragon Korporazioko lehendakaria: "Herrialde hori izaten ari den bilakaeraren abiadurak ez du zerikusirik Mendebaldekoarekin, eta etorkizunean jarraitutasuna ez galtzeko, beraiengandik ikasi behar dugu".

  

 

Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jaunak gaur amaitu du Txinara egin duen astebeteko bidaia, eta balantzea "oso positiboa" da. Unda jaunak Kunshan-eko Anaitasuna enpresa-parkea bisitatu du; Mondragon Korporazioak bultzatu zuen parke hori, eta haren zuzendari gorenak sailburuarekin joan dira bisitaldi horretara. Halaber, Jiangsu-ko Kanpo Arazoetako Departamentuko ordezkaria ere horiekin egon da egun osoan.

Bernabé Unda sailburuak egiaztatu ahal izan duenez, parkeak bilakaera izugarri handia izan du azken hilabeteetan. Gaur egunean, enpresa-parke horren hedadura 265.000 m2 da, eta finkatutako 11 enpresa, 1.000 langile eta 170 milioi dolarreko inbertsioak ditu. Hirugarren fasea egikaritzen ari dira orain. "Kunshan-eko agintariekin sinatu genuen industrialdeak garatzen jarraitzen du. Lur-eremuaren % 33 erosita dago", adierazi zuen sailburuak, "gainera, bi proiektu jada eginda daude, eta beste lau, berriz, aribidean".

Sailburua Euskadiko enpresa guztietako -bertan txertatutako enpresetako- gerente erbesteratu guztiekin bildu da, eta parkean eraikitako baserrian bazkaldu du langileekin. Horiei guztiei gogorarazi dienez, Eusko Jaurlaritzak "Kunshan-eko agintarien, Eusko Jaurlaritzaren eta Mondragon Korporazioaren arteko lankidetzarako proiektu hori arrakastatsua izatea nahi du. Anaitasuna izeneko industria-parke hori 2004an hasi zen, eta gaur egun hazten ari den errealitatea dugu. Herrialde handi horrekiko lankidetza areagotu nahi dugu guk eta baita gure enpresei nazioartekotze-bidean eta kanpora irteteko prozesuan lagundu ere".

Proiektuaren martxa ezin hobearen adibideetako bat Fagor Arrasate kooperatiba dugu, enpresa horrek azken urtean izandako fakturazioa bost aldiz hazten ari baita. Xafla metalikoa lantzeko berezko produktuetan munduko liderra dugu konpainia hori. Deformazio bidezko makina-erremintak diseinatzen, fabrikatzen eta horietaz hornitzen dihardu konpainia horrek, besteak beste, prentsa eta estanpazio-sistema osoak edota xafla metalikoa fabrikatzeko, prozesatzeko eta ebakitzeko lineak. Sei fabrika ditu mundu osoan, eta 70 herrialdetan ditu erreferentziak.

Txinan bilakaera esponentziala izan du. Enpresako gerente Aitor Ormaetxea jaunak horrela azaldu du: "iaz bost milioi fakturatzen genuen, eta gaur egun, berriz, bost aldiz gehiago; egiten ari garen jauziaren adierazgarri da hori". "Duela urte eta erdi", adierazi du, "produktu txikiak fabrikatzen genituen; denbora-tarte hori igaro ondoren, automobilaren merkatua berraktibatu da, eta orain, gure fabrika beteta dago".

Mondragon Korporazioko lehendakari José María Aldecoa jaunak berak hori egiaztatu ahal izan du, eta baita aurreko urtearekin alderatu ere (Patxi López lehendakariarekin bisitatu ahal izan zuten fabrika orduan). "Kunshan-eko fabrikak bisitatu ditugu gaur. Zehazki, Fagor Arrasate sozietatearen fabrika; irailean fabrika hori hutsik zegoela ikusi genuen, eta gaur, berriz, AEBrako eta Mexikorako prentsez beteta dagoela egiaztatu ahal izan dugu" gogorarazi digu Aldecoa jaunak.

Fagor Arrasate sozietatearen guztizko salmenten zeinua erabat aldatu da apenas hilabete gutxi batzuetan. Izan ere, enpresak % 80 Europan fakturatzen zuen lehen, eta gainerako % 20a, ostera, Txinan; gaur egun, aitzitik, egoera guztiz kontrakoa da: % 20 Europan, eta gainerako % 20a, aldiz, Asiako herrialde horretan.

Aitor Ormaetxea jaunak Asiako adierazitako herrialdean txertatzeko estrategia nolakoa izan den agertu du: "Duela bost urte, Fagor Arrasate sozietateak Txinako merkatuan sartzea beharrezkoa zela erabaki zuen. Argi eta garbi zegoen, Txinan kokatzen ez baginen, gure merkatua murriztu egingo zen apurka-apurka. Inbertsio bat egitea erabaki genuen eta duela hiru urte fabrika hori eraiki zen".

Fabrikaren neurriekin loturiko erabakiak ere garrantzitsuak izan dira. "Fabrikaren neurrietan inbertsio handia egin genuen, hasiera batean pentsatutakoa baino askoz ere fabrika handiagoa egitea erabaki genuen, baina denbora igaro ahala, fabrika-neurri hori, hots, handia, tokiko merkatuak eskatzen digun fabrikazioa lortzeko beharrezkoa zela frogatuta geratzen ari da. Urrats txikiak egiten badituzu, merkatuak gaindituko zaitu, eta ezin izango diozu eskaerari erantzun. Geure aurreikuspenen araberako eskaera-bolumena lortzeko gai izan gara, eta gaur egun, eskariari erantzuteko, ekoizpen-baliabideetan inbertsioak egin behar ditugu".

Fabrikak hilabete gutxi batzuetan izan duen bilakaera izugarri handia da. 2008ko uztailean instalatu zen fabrika. Fagor konpainiak, hasiera batean, 6 milioi euro inbertitu zituen, eta orain beste 2,5 milioirekin handiagotuko du, ekipamendurako. Iaz 40 enplegatu zituen Txinan, eta aurten, urte amaieran, 80 langilera iritsiko dela aurreikusi du. Halaber, lehen lau zuzendari erbesteratu zituen, eta gaur egun, ostera, 12 ditu.

 

Bidaiaren balantzea

Bernabé Unda sailburuak Kunshan-eko agintariekin egindako afari batekin amaitu du Txinarako bidaia. Txinan emandako astea aztertzean, sailburuak egindako balantzea "oso positiboa" da, bi arrazoirengatik. Batetik, makina-erremintako enpresak Txinako iparraldean -zehazki, Tianjin-en, eta baita Kunshan-en ere- txertatzearen alde dagoelako. Bestetik, lehendakariak iaz egindako bidaian planteaturiko helburuei jarraipena egiteko balio izan duelako bisitaldiak. Gainera, "erakunde-ikuspegitik, interesgarria izan da. Tianjin-etik eta Pekin-etik honainoko -Kunshan-erainoko- ibilbidea egin dugu. Agintaritza zentralekin eta probintzia- eta udal-agintaritzekin harremanetan jartzen ari gara, enpresei izapide burokratiko guztietan laguntza eman diezaieten".

Enpresaburuek nazioartekotzeko jokabide proaktiboa dutela atzeman du sailburuak. "Duela bi urte arte lortu ez zuten estatusa ari dira hartzen Txinan Euskadiko enpresak. Txinan egon eta lehian aritu behar dutela badakite, hemen arrakasta izateak munduan arrakasta izatea esan nahi baitu. Hori hautematen ez duenak ez du aukera hori izango".

Bestalde, Mondragon Korporazioko lehendakari José María Aldecoa jaunak "herrialde hori izaten ari den bilakaeraren abiadura" nabarmendu du "ez baitute zerikusirik Mendebaldearekin, eta etorkizunean jarraitutasuna ez galtzeko, beraiengandik ikasi behar dugu". Aldecoa jaunak "oso bizkor" gisa kalifikatu du. "Espainiako makina-erremintak hemen, Txinan duen garrantzia ikusi ahal izan dugu", adierazi du, eta gainera, "hemen dugun estatusa indartzeko Eusko Jaurlaritzak eman digun laguntza" eskertu du.

Sailburuak tokiko agintariekin izandako topaketan, berehala Euskadi bisitatzeko asmoa dutela agertu dute horiek. Zehazki, Qiandeng-eko alderdiko idazkari Li Wen jauna maiatzean bertaratuko da Euskadira Qiandeng-eko alkatearekin batera. Halaber, Kunshan-eko alkate Huang Yong jauna eta Qiandeng-eko alkate (batzordeburua, Kunshan-en barruan) Zhang Jing jauna ere egon dira bilera horretan. 

 

Kunshan, 2011ko apirilaren 15a

 

 

Adierazpen, irudi edota audio gehiago nahi izanez gero, Irekia webgunean sar zaitezke: https://www.irekia.euskadi.net/eu

 

 

 

Iruzkin bat
  • @leikortabarria
    2011.eko apirilak 15

    Comentario de Twitter:
    Fagor Arrasatek urte betean x5 handitu du fakturazioa Txinan http://bit.ly/fdBLM6 @MONDRAGONnews RT @Irekia

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)