Eu

Urrian 1.707 langabe gehiago egon dira, urtean langabeziaren bolumena murrizteko izan den joeraren barruan

2019.eko azaroak 05
  • Behera egin du langabeziak iraupen luzeko langabeetan
  • Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egin du: Urrian, Gizarte Segurantzan 978.175 afiliatu daude batez beste, aurreko hilean baino 16.593 gehiago.
  • Euskadi da gizarte-segurantzaren bilakaeran portaera onena duen bigarren erkidegoa.

VG 05 11 19

Langabe-kopuruak gora egin zuen urrian; 1.707 pertsona gehiago izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan (% 1,50 gehiago), eta, guztira, 115.341 langabe.  Lanbiden erregistratutako pertsona-kopurua murriztu egin da, eta 7.074 gutxiago dira azken urtean. EINeren BAI inkesta eta Eustaten BJA bat datoz Euskadin langabeziaren ehunekoa % 9,2koa dela ezartzean, eta hortik datoz datu horiek.

Bestalde, urrian laneko altako 16.593 afiliazio izan dira Gizarte Segurantzan, eta hilabete hau azken 10 urteetako bigarren urririk onena izan da. Aurreko urtearekin alderatuta, afiliazioak gora egin du: 20.000 afiliatu gehiago daude laneko altan, 2008ko uztailean lortutako maximo historikotik 4.760 baino ez. Kopuru hori nabarmen gaindituko da 2019a amaitu baino lehen.

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “langabeziaren zifren bilakaera ikusita, are erneago ibili behar dugu. Egia da 2018ko urriaren aldean 7.000 langabe gutxiago daudela, baina, aurtengo irailaren aldean, bilakaera ez da positiboa izan eta, nahiz eta urriko datu hori zehatza izan daitekeen, aurreko hila bikaina izan delako, oso arduratuta gaude langabeengatik”.

“Langabezia % 10etik behera finkatzea ez da lan erraza izango gaur egun nazioartean bizi dugun zalantzazko testuingurua aintzat hartuta, baina egin daiteke. Prest egon behar dugu aurreikus daitekeen desazelerazioari aurre egiteko; jarraitu behar dugu batik bat kolektibo ahulenen enplegagarritasuna sustatzeko neurri gehiago abian jartzen. 2020rako euskal aurrrekontuak onesteak langabeziaren aurkako tresna bikaina emango liguke”, esan du sailburuak.

Artolazabalek nabarmendu duenez, “garrantzitsua da azpimarratzea enplegua leheneratzeko norabidea ona dela, aurreko ekitaldietakoekin erkatuta. Europako eta nazioarteko datu makroekonomikoek “merkatu batzuetako desazelerazioaz” hitz egiten dute, eta testuinguru horretan interpretatu beharko lirateke urriko emaitza zehatz horiek”. Sailburuak nabarmendu du iraupen luzeko langabeziak behera egin duela urrian, eta 239 langabe gutxiago daudela. Urteko erreferentzian, beherakada handia nabarmentzen da iraupen luzeko langabeetan (% 11,50eko beherakada).

Beatriz Artolazabal sailburuaren hitzen arabera, “garrantzitsuena da enplegua pixkanaka sortzeko joera orokorrari eustea eta kalitate gehiagoko enplegu gehiago sortzen jarraitzea. Joerari eusteko beharrezko ekintzak 2020rako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-proiektuan jaso dira, zeina positiboa izango baita pertsonentzat, ekonomiarentzat eta enpleguarentzat. Lehentasunezko arreta behar duten kolektibo ahulen, gazteen, emakumeen eta tokiko edo eskualdeko enplegu-planen aldeko jarduketak aurreikusten ditu.  Langabezia % 10etik behera jaistea gako horretan dago”.

Urriko langabezia-datuak direla eta, Artolazabalen iritziz komeni da gogoraraztea irailean erregistratu zen beherakada oso esanguratsua izan zela eta, horrenbestez, hil honetan erregistratutako datuak hil arteko egokitzapena ekarri ahal izan duela.

Pasa den hilaren aldean, langabeziagatiko estaldura-tasak 0,53 puntu egin du gora, eta, iazko urtearen aldean, 4,24 puntu gora. Nahiz eta mahats-biltzea bezalako kanpainetako kontratazio-bolumen handiena pasa den hilabetean izan zen, urrian gora egin du kontratu-bolumenak, baina behera egin du kontratatutako pertsona-kopuruak. Aurten kontratu guztien metatua 852.805 da, aurreko urteko hil berekoa baino % 1,18 handiagoa.  Kontratu mugagabeen metatua iazkoa baino % 4,85 baxuagoa da.  

Langabeziak urrian igoera handiagoa izan du gizonen artean (% 3,26ko igoera); emakumeen artean % 0,21ekoa. Urteko erlazioan, gizonezkoen langabeziak % 5,09 egin du behera eta emakumezkoenak, % 6,29. Gaur egun, langabeen % 56,1 emakumea da; krisialdiaren hasieran, gizonezkoen langabezia okerragoa izan zenez, sexuaren araberako langabe-kopurua oso antzekoa izan zen.

Urrian, lehen mailako sektoreak izan du igoera erlatiborik handiena (+% 17,64), baina, termino absolutuetan, zerbitzuen sektoreak (+% 1,02), 775 langabe gehiagorekin. Eraikuntzan, langabeziak % 0,30 egin du gora eta, industrian, % 2. Oraindik lehen lan-esperientzia izan ez dutenen taldeak % 1,85 egin du gora. Termino erlatiboetan eta iazko egoera aintzat hartuta, nabarmentzekoa da eraikuntzari lotutako langabeziaren beherakada handia, % 9,69koa, bai eta lehen mailako sektorearena ere (-% 7,68). Gainerako sektoreek % 6 inguruko beherakadak izan dituzte.

Desagregazio-maila handiagoan, langabeziaren beherakada nabarmenena izan duen jarduera azken hilean hezkuntza izan da; 696 langabe gutxiago ditu. Honako jarduera hauek ere nabarmenak dira langabeziaren beherakadagatik: elkartze-jarduerak (-69), eta aisia-jarduerak (-62). Gehien hazi direnak jateko eta edatekoen zerbitzuarenak (+399), nekazaritza eta abeltzaintzarenak (+375), enpleguarekin lotuta dauden jarduerak (+230) eta txikizkako merkataritza (+221) izan dira.

Urrian, gora egin du iraupen laburreko langabeziak (1.946 pertsona), eta, iraupen luzekoak behera egin du (239 pertsona). Urteko erreferentzian, murrizketa nabarmena antzematen da iraupen luzeko kolektiboan (% 11,50eko beherakada), eta iraupen laburrekoak gora egin du (% 0,47). Iraupen luzeko langabeziaren portaera on hori albiste bikaina da; izan ere adierazten du suspertze ekonomikoa ere aukerak ematen ari zaiela langabe kronifikatuenei.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak