Berriak Herrizaingoa
Eu

Aste Santuan EAEko errepideetan 450.000 joan-etorri egingo direla espero du Trafiko Zuzendaritzak

2011.eko apirilak 15

Ertzaintzak dispositibo berezi bat abiatuko du, gidarientzako informazioa egingo dute eta kamioiei trafikoa mugatuko diete

Aste Santuko oporraldia dela eta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzak operazio berezi bat abiatuko du datorren asteazkenean (apirilak 20) arratsaldeko ordu batean. Egun horietan trafikoaren segurtasun eta arintasuna bermatzea izango du helburu. Izan ere, Trafiko Zuzendaritzak aurrikusi duenez, Aste Santuan 450.000 joan-etorri inguru egingo dira EAEko errepideetan. Ertzaintzaren trafikoko berrehun agentek zainduko dute zirkulazioa egunero errepideetatik bertatik. Era berean, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak operadore gehiago jarriko ditu lanean eta 902112088 telefonoaren bidez gidariei ematen zaien informazioa ere areagotu egingo du. Halaber, zama handia edota material arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuei zirkulazioa mugatuko zaie joan-etorri gehien espero diren egunetan.

Aste Santuko trafiko operazio bereziaren irteera fasea apirilaren 20an (asteazkena) abiatuko da 13,00ak eta 24,00ak bitartean eta apirilaren 21ean jarraituko du goizeko 08,00etatik arratsaldeko 15,00ak arte. Itzulera fasea, bestalde, apirilaren 25ean burutuko da arratsaldeko 15,00ak eta gaueko 24,00ak bitartean. Gipuzkoan, itzulera fasea hurrengo egunera arte (apirilaren 26a) luzatuko da mugaz bestaldera igaroko diren kamioien zirkulazioa egun horretan baimenduko baita berriz ere. Hortaz, astearte horretan trafiko astun handia egotea espero da mugaren inguruetan.

Aste Santuan egingo diren joan-etorri gehienak EAEn bizi diren pertsonek egingo dituzte, bai Erkidego barruko beste tokiren batera joateko edo baita inguruetako Erkidegoren batera bidean. Anitzak izango dira baita, penintsularantz edo Europarantz jotzeko gure errepideetatik pasatuko diren kanpotarren ibilgailuak. Trafiko Zuzendaritzak ondorengo ordu tarteetan espero du trafikorik gehien. Irteera Fasean: apirilaren 20an (asteazkena), 13,00etatik 21,00etara eta apirilaren 21ean (osteaguna), 9,00etatik 15,00etara. Itzulera Fasean: apirilaren 25ean (astelehena), 15,00etatik 23,00etara.

Bide itzulgarria A-8an trafiko gehien dagoen orduetan

Trafikoa kudeatzeko hartutako ohiko neurriei aurten beste bat gehitu behar zaie. A-8 autobidean, Ugaldebieta eta Liendo artean kantabriara bidean, bide itzulgarria jarriko da martxan apirilaren 20an (asteazkena) 14,00etatik 22,00etara eta ostegunean (apirilak 21) 9,00etatik 15,00etara gutxi gorabehera. Beti ere, bide itzulgarria ireki eta ixteko orduetan aldaketak egon daitezke trafiko-fluxuaren arabera. Gaur (apirilak 15, ostirala) arratsaldeko lehen orduetan abiatuko dute berriz ere dispositibo berezi hau, asteburuko trafikoa arintze aldera.

Joan den ostiralean (apirilak 8) jarri zuten lehenengoz martxan bide itzulgarria. Kantabriako noranzkoan zihoan trafikoan hobekuntza nabarmena sumatu zen. Mila gidarik baino ehiagok erabili zuten egun hartan errail berria eta saiakerari esker, gainontzeko bi errailetako trafikoa arindu egin zen eta zirkulazioa, orokorrean, bizkortu egin zen. Dena den, Trafiko Zuzendaritzak gogorarazi nahi du bide itzulgarria ibilbide luzeak egitera doazen gidariek soilik erabili dezaketela, ibilgailuek ezin baitute Liendoko irteerara iritsi arte errailez aldatu.

Dispositibo berezia eta informazioa areagotzea

Operazioak iraungo duen egunetan zehar Ertzaintzak zainketa lanak areagotu egingo ditu eta 200 agente inguru jarriko ditu segurtasun eta ikuskapen lanetan; ertzain-etxe ezberdinetako agenteen zati batek, errepidean era honetako betebeharrak egiteari emango dio lehentasuna. Oporraldi honetako irteera eta itzulera faseei begira, Ertzaintzako Helikoptero Unitateak zerutik errepidea zaintzea xede izango duten hegaldi planak prestatu ditu. Plan honetan, zirkulazio handiko errepideak zainduko dira eta kudeaketa zentroetara uneoro gertatzen denaren inguruko irudiak bidali ahalko dira.

Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak operazioan parte hartuko du eta ehun kamera inguru eta errepide ezberdinetan jarrita dauden sentsore sistemei esker kontrolatuko du bideetako zirkulazioa. Horrez gain, zentrotik aholkuak ematen dizkiete gidariei seinale aldagarriak eskaintzen dituzten 46 paneletan jartzen duen informazioaren bidez. Erabiltzaileek 902 112 088 telefonoan  edota www.euskadi.net/trafikoa helbidean ere lor dezakete behar duten informazio guztia. Lan guzti honetarako SOS Deiaken laguntza ere izango du zentroak; beraiek arduratuko dira eta larrialdi zerbitzuez. Herrizaingo Saileko Prentsa Zerbitzuak ere, informazio zehatza eta iradokizunak eskainiko ditu hedabideen bidez.

Ibilgailu astunentzako debekuak

Aste Santuko operazioak irauten duen bitartean, eta trafikoaren segurtasuna eta arintasuna hobetzeko asmoz, zenbait kamioiri (7.500 kilotik gorako pisua dutenak, ibilgailu bereziak eta material arriskutsuak garraiatzen dituztenak) zirkulazioa mugatuko zaie. Zehazki, apirilaren 20ko arratsaldeko lauretatik gaueko hamarrak arte eta hurrengo eguneko (apirilak 21, osteguna) goizeko zortzietatik arratsaldeko hirurak arte, 7.500 kilotik gorako pisua duten kamioiek zirkulazioa debekatuta izango dute A-8 autobidean, Bilbo eta Kantabriako mugaren artean (N-634an, Kantabriako mugatik N-240 errepidera arte) eta N-240an eta N-1ean (Burgosera bidean doazen Arabako puntuetan).

Apirilaren 25ean ibilgailu astunei Frantziako noranzkoan zirkulatzea debekatuko zaie N-1, A-8, A-15, GI-20, GI-11, GI-636 eta N-121A errepideetako zenbait puntutan eta gaueko 22,00ak arte abian egongo da jaieguna baita. Egun horretan baita, arratsaldeko lauretatik hamarrak arte, kamioi astunei A-8 autobidean (Bilbo eta Kantabriako mugaren artean) eta, oraingoan, Burgosetik datozen N-634, N-240 eta N-1 errepideetatik, Kantabriako mugara iritsi arte, zenbait puntutan zirkulatzea debekatuko zaie.

Garraio berezien eta material arriskutsuak daramatzatenen kasuan, mugak errepide guztietan jarriko zaizkie eta hauen ordutegiak are luzeagoak izango dira.

Aipatutako informazio honen azalpen zehatza (mapak eta guzti), Trafiko Zuzendaritzako www.euskadi.net/trafikoa interneteko helbideko 'Trafikoaren Neurri Bereziak' izeneko sailean aurkitzen da.

Aholkuak

Errepideen egoeraren berri izateaz gain, Trafiko Zuzendaritzak gomendatzen du:

  • Bidaia era egokian planifikatu eta trafiko gehiengo orduetan egitea saihestu. Trafiko gutxiko orduetan auto pilaketak ekidin daitezke.
  • Ibilgailua behar bezala prestatu.
  • Bidaia asteazken gaua eta Ostegun Santua bitartean ez egiten saiatu; ordu hauek dira eta urteko trafikorik gehien dutenak.
  • Presaz joateak heriotza ekar dezake. Bide bakoitzean erabilitakoa abiadura egoerari eta bidearen baldintzekin bat datorren abiadura egokia izan behar du. Izan ere, ezbeharren %30ak faktore honekin zerikusi zuzena du. Autobideetan autoek eta motoek gehienez orduko 120 kilometroko abiadura eraman dezakete.
  • Motoek arreta berezia izan behar dute oso zaurgarriak baitira, batez ere, bihurguneetan eta bigarren mailako errepideetan. Motorzaleak arreta handiz ibili.
  • Gidatu behar izatekotan, ez edan alkoholdun edaririk. 0,00 da alkohol tasa seguru bakarra. Gainera, Aldizkako Gidaria erabiltzeko ohitura bultzatu behar da, hau da, taldeko norbaitek gidatu behar badu, ez diogu edaten utziko.
  • Atzeko eserlekuetan ere segurtasun uhala jarrita eraman behar da, batez ere, atzean doazenak adingabeak badira.
  • Lasai gidatu. Bidaian zehar bi ordurik behin atseden hartzeko geldialdia egin behar da. Gidatzean arreta galtzea izan ohi da istripu larriak eragiten dituen arrazoi nagusia.
  • Bidaia laburra izanda eta bigarren mailako errepide batetik egingo bada ere, gidariaren arretak guztizkoa izan behar du. Izan ere, horrelako kasuetan gidariak gehiegizko konfidantza hartu ohi du eta hortaz, segurtasun neurriak gutxitu egiten ditu. Bidaia laburretan ere neurri guztiak hartu behar dira.
  • Modu eraginkorrean gidatu. Abiadura eskasa, martxa luzeak eta aurreko autoarekiko segurtasun distantzia mantenduz gidatu ez gero, erregaia aurrezten da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko