Berriak Osasuna
Eu

Guztira 221.468 pertsonak hartu dute dagoeneko gripearen aurkako txertoa Euskadin

2019.eko azaroak 04

Osakidetzak eta Osasun Sailak gogorarazten dute txertoa gripearen aurkako prebentzio-neurri bakarra dela; gripearen ondorioz, iaz, 1.600 pertsona baino gehiago ospitaleratu ziren

65 urtetik gorakoak, gaixo kronikoak eta haurdun dauden emakumeak, datozen asteotan, beren osasun-zentrora joan daitezke, dosia jasotzera

 

Guztira, 221.468 pertsonak hartu dute, dagoeneko, gripearen aurkako txertoa, gripearen aurkako txertaketa-kanpainaren lehen hiru asteetan, 16.000 inguruk egunean. Osasun Sailak eta Osakidetzak arrisku-taldeetan dauden pertsonek txertoa jartzea zer garrantzitsua den nabarmendu dute, alegia, 65 urtetik gorakoek, gaixo kronikoek eta haurdun dauden emakumeek. Datozen asteotan, oraindik, haien osasun-zentroetan jarri ahalko dute.

Gogorarazi behar da nahiz eta gripeak normalean izaera kliniko onbera duen, biztanle-talde batzuetan konplikazioak eragin ditzakeela. Iaz, 1.662 pertsona ospitaleratu ziren, eta, haietatik, 435 larri egon ziren. Gainera, 79 pertsona hil ziren gripearen ondorioz izandako konplikazioengatik.

Aurreko denboraldian, gripearen intzidentzia handieneko astea 2019ko hirugarren astea izan zen; orduan, 532,5 kasu erregistratu ziren 100.000 biztanleko. Oraingoz, Gripearen Jagoleen Sareak ez du antzeman kasu-kopurua areagotu denik, baina egoera datozen asteotan alda daiteke, baldintza meteorologikoek txarrera egiten badute.

Osasun Sailak nabarmentzen du txertoa hartzea erantzukizun-ekintza bat dela, eta gaixotasunaren aurrean babesteko modurik onena. Txertoa hartzea gaur egun dugun prebentzio-neurri seguruena eta eraginkorrena da.

Kanpaina honetarako, 400.000 dosi baino gehiago eskuratu dira; kopuru hori areagotu egingo da, hala behar bada. Dosi horiek erosteko 1,4 milioi euro inbertitu dira, aurreko kanpainan baino % 16 gehiago. Osasunaren Mundu Erakundeak ipar-hemisferiorako ematen dituen gomendioak hartzen dira aintzat:

Gogorarazi behar da iaz, 2018ko gripearen aurkako kanpainan, guztira 373.878 dosi eman zirela, zehazki aurreko urtean baino 1.935 txerto gehiago. Haietatik, guztira 285.335 txerto, alegia txertoen % 76, 65 urteko edo gehiagoko adin-taldean eman zen, hau da, % 58ko estaldura izan zuen. Nahiz eta, zorionez, herritarrak gero eta kontzienteagoak diren txertoa hartzeak nolako garrantzia duen, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazten dute oraindik 65 urtetik gorako hamar pertsonatik lauk ez dutela hartzen; beraz, egunotan osasun-zentrora dosia hartzen eta gaixotasun horren aurrean ahalik eta lasterren babesten joatera animatzen dute.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 4a

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau