Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadik bere burua aurkeztuko du Dubaiko touroperadore handienaren mila bezero nagusien aurrean

2011.eko apirilak 15

Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendari Isabel Muela gonbidatu dute, bihar, larunbata, Dubain antolatutako 'Explore and Experienz' Biltzarrean parte hartzera. 

Al Rais Hollidays touroperadoreak antolatzen du munduko helmugarik onenak sustatzeko ekitaldia, eta Euskadi ere aintzat hartu du bere eskaintzan. 

Urtarrilean Patxi López lehendakariak Arabiar Emirerri Batuetan eta Qatarren gidatutako enpresa-misioaren lehen emaitzak nabarmentzen hasi dira. Eusko Jaurlaritzak gonbidapena jaso du Dubain 'Explore and Experienz' biltzarrean, hain zuzen ere munduko turismo-biltzarrik nagusietako batean, parte hartzeko. 

Turismoko zuzendari Isabel Muela bihar bertaratuko da biltzar horretara, Euskadiren turismo-helmugaren erakargarriak aurkezteko. Dubaiko touroperadorerik garrantzitsuenetako bat den Al Rais Hollidaysen mila bezero nagusiak ere egongo dira bertan. 

'Explore and Ezperienz' aukera ezin hobea da helmugak sustatzeko, eta, batez ere, spako, aisiako eta negozioetako turismoa bultzatzeko. Munduko turismo-helmuga garrantzitsuenek eskainitako azken eskaintza eta paketeak aurkezten dira biltzarrean. Gainera, aipatzekoa da aurten biltzarraren tamaina handitu dela, lehen aldiz 'Explore y Experienz' biltzarra elkargune handiagoa izango delako, gonbidatuen eta parte-hartzaileen kopurua handituz. 

Al Raisek, biltzarraren antolatzaileak alegia, ezinbestezkotzat jo du Euskadik ekitaldian parte hartzea. Otsailean, touroperadore hori Euskadin egon zen, gure turismo-eskaintzaren kalitatea bertatik bertara ezagutzeko. Bidaiaren ostean Euskadi sartu zuen bere eskaintzaren barnean, eta funtsezkotzat jo zuen autonomia-erkidegoak biltzarrean, hain zuzen ere bidaiari, opor-antolatzaile eta taldeei mundu osoko helmuga berriak erakusteko helburua duen biltzarrean, parte hartzea. 

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak funtsezkotzat jotzen du turismo-merkatu berrietara zabaltzea eta lehen mailako kalitatezko helmuga dela frogatzea. Gainera, esan beharra dago une honetako egoera ezin aproposagoa dela, azken urtean atzerriko turisten sarrerei buruzko datuak nabarmen (% 18) igo direlako. 

Larunbatean, Eusko Jaurlaritzak gidatutako estrategia berriak aurkeztuko ditu Isabel Muelak, hala nola turismo-marka berriaren diseinua eta 'Euskadi, goza ezazu' 'claim' edo leloa, eta Marketin Plana ere aurkeztuko du, sustapen-politika berriak eta Euskadiren turismo-produktuen eredu berriak barne, gure lurraren ahalmena sendotzea ahalbidetu dutenak. 

Elkargunearen esparruan, turismoari laguntzeko antolatzaileak, sektore honetako babesleak eta turismo-premiei erantzuten dieten negozio-enpresak bilduko dira. 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 15a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan