Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzako lehen mailako agente kategoriara igotzeko azterketak egingo dira Arkauten

2011.eko apirilak 14

1998tik hona egiten duten halako lehen ikastaroa da eta azken urteotako behin-behinekotasunarekin bukatzea du helburu

Arkautiko Ikastegiak egunotan egingo ditu Ertzaintzako lehen mailako agente kategoriara igotzeko lehen ikastarora sartzeko azterketak. Guztira, egun lanean dauden 1086 agente aurkeztu dira jokoan dauden 180 postuetako bat lortzeko. Hautatuek irailean hasiko dute ikastaroa eta bukatzean, ertzain-etxeetan praktikak egingo dituzte. Ekimen honekin behin-behinekotasun egoera bati amaiera eman nahi zaio. Izan ere, 1998tik hona aldi baterako jarritako agenteek bete dituzte aipatutako postuak.

1998tik hona ez dute Ertzaintzako lehen mailako agente kategoriara igotzeko ikastarorik egin. Ondorioz, Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako postu hauetan jarduneko agenteak egon dira; behin-behinekotasun egoera hau hainbat urtez mantendu da. Esan behar, Oinarrizko Eskala Ertzaintzaren barruan funtsezko maila bat dela, hiritarren segurtasunerako baliabideen funtzionamendu egokia bermatzen du eta.

Aipatutako gabezia betetzeko, Arkautiko Ikastegiak orain dela hilabete batzuk egin zuen ikastaro honetarako deialdia. Guztira 1086 agente aurkeztu dira. Guztiak Ertzaintzako funtzionarioak eta promozio ezberdinetakoak dira eta gehienek ez dute, orain arte, mailaz igotzeko aukerarik izan.  

Hastear dagoen aukeraketa faseak proba ezberdinak izango ditu hautagaien ezagupen, trebetasun eta gaitasun fisikoak neurtzeko. Bukatzean, puntu gehien lortu dituzten 180 agenteek lortuko dute irailean hasiko den mailaz igotzeko ikastaroa egiteko aukera. Arkautira sartzeko berrogei agente inguruko taldeetan banatuko dituzte eta talde bakoitzak bestearen atzetik egingo du ikastaroa datorren urteko udan azkenak bukatu arte.

Ikastaro honen bidez, etorkizunean agintaritza izango duten agenteak prestatuko dituzte. Zuzenbidea, psikologia, polizia-teknikak, trafikoko legedia edo agintaritza funtzioarekin zerikusi zuzena duten abileziak erakutsiko dizkiete, besteak beste. Era berean, ertzain-etxeetan praktikak egin beharko dituzte eta ostean, prest egongo dira Ertzaintzako lehen mailako agente bezala horietan lanean hasteko. Prozesu hau 2012. urtearen amaiera aldera bukatuta egongo da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko