Eu

Euskadiko museoetara egindako bisitak % 35 igo dira 2008-2018 epealdian, eta atzerriko bisitarien kopuruak % 55 egin du gora

2019.eko urriak 31
  • Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Museo eta Bildumen 2008-2018 Estatistika Txostena zabaldu du, 61 museo eta bildumen datuak aztertuta.

 

Gasteiz, 2019/10/31       

Euskadiko museoetara egindako bisitak % 35 igo dira 2008-2018 epealdian, Euskal Autonomia Erkidegoko Museo eta Bildumen 2008-2018 Estatistika Txostenaren arabera. Joera hori lurralde historiko guztietan nabaritzen den arren, aipatzekoa da Guggenheim Bilbao Museoaren pisua, museoetara joaten direnen % 40 erakartzen baititu. Era berean, txosten horren arabera, atzerriko bisitariek % 55 egin dute gora 10 urte horietan, eta, azken datuen arabera, gaur egun Euskadin ostatu hartzen duten atzerritarren % 90ek, gutxienez, museo bat bisitatzen dute beren egonaldian.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Museoen Zentroak egindako Euskal Autonomia Erkidegoko Museo eta Bildumen 2008-2018 Estatistika Txostenak 61 museo eta bildumari buruzko datuak aztertu ditu, bederatzi adierazletan oinarrituta: Tipologia; Titulartasuna eta Kudeaketa mota; Zerbitzuak eta Baliabideen Ekipamenduak; Irekiera eta Tarifak; Bisitariak; Aldi Baterako Erakusketak, Hezkuntza-jarduerak eta Argitalpenak; Plantilla; Finantzaketa-iturriak; eta Funtsak.

Estatistika hau egiteko datuak ematean, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako museoek eta museo-bildumek parte hartu dute. Beharrezko informazioa Eusko Jaurlaritzaren museoak kudeatzeko EMSIME sistema informatikotik lortu da; sistema horretan, bi urtean behin museo-erakundeek betetako datuak biltzen dira.

Bisita kopurua

Bisita-kopuruari dagokionez, aipatzekoak dira bisita-kopuru osoaren gorakada (% 35), bisitari atzerritarren gorakada (% 55) eta museoen pisua Euskadira egindako bisiten multzoan. "Basquetourrek emandako datuak ere aztertuta, esan dezakegu Euskadin ostatu hartuta dauden atzerritar gehienek (% 90) museo edo bilduma bat bisitatzen dutela, gutxienez", ondorioztatu du txostenak. Ildo horretan, dokumentuak agerian uzten du museoetara joandako bisitarien kopuruak gora egin duela, turismoak (ostatu-gauen kopuruak) gora egin duen neurri berean (% 34 gehiago). Bisita-kopuruaren bilakaera lurraldez lurralde aztertuz gero, nabarmentzekoa da Gipuzkoako museoen gorakada.

Museoen tipologiari eta kudeaketa motari dagokionez, txostenak dio museoen ia % 60 (zehazki, % 59) titulartasun publikokoak direla, eta ehuneko hori mantendu egin da azken 10 urtean. Bilboko Itsasmuseuma (lehengo Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa) da pribatu izatetik mistoa izatera pasatu den bakarra. Zentro kopuruari dagokionez, Gipuzkoan izan da hazkunderik handiena, zortzi museo gehiago baititu; Bizkaiak, berriz, hiru gehiago ditu, eta Arabak, 2008an baino lau museo gutxiago.

Zerbitzuak eta ekipamenduak

Zentroen zerbitzuak eta ekipamenduak aztertuz gero, egoera hobera joan dela esan daitekeela dio txostenak, "inongo zalantzarik gabe". Ia zentro guztiek bisita gidatuak eta erakusketei buruzko informazioa eskaintzen dute, eta ia % 85ek irisgarritasun arazoak dituen jendearentzako sarbidea du. Aldi berean, asko handitu da jarduera didaktikoetarako lekua duten azpiegituren kopurua. Urte hauetan gutxitu den baliabide edo zerbitzu bakarra ekitaldi aretoena da. Bestalde, dokumentuaren arabera, museoen % 40k baino gehiagok urtean 300 egunetan edo gehiagotan irekitzen ditu ateak, eta ia guztiek etengabeko irekiera modalitatea dute.

Programazioari erreparatuz gero, 2008tik 2018ra bitartean, krisi ekonomikoa gorabehera, % 17 baino zertxobait gehiago igo da aldi baterako erakusketen eta argitalpenen kopurua, nahiz eta urte hauetan guztietan gorabeherak izan diren. Gorakada nabarmentzekoa da jarduera didaktikoetan eta beste kultur jarduera batzuetan: 2008an baino 80 jarduera gehiago egin ziren 2018an. Museo eta bildumetako funts iraunkorrei dagokienez, joera orokorra goranzkoa izan da,% 7raino haziz.

Langile kopuruari erreparatuz, txostenak honako hau dio: “Deigarria da 2012 eta 2016 arteko joera beherakoa izan zela, baina 2016tik aurrera, ordea, errekuperazio zantzuak nabari direla”. Hala, 2008tik % 10 igo da bai museoetako langileen kopurua, bai lanpostu iraunkorra lortu dutenena. Lan motei dagokienez, aipatzekoa da museo eta bildumetako plantillaren erdia baino gehiago langile espezializatuak eta administrariak direla.

Txostenak, azkenik, emakumeek langile guztien artean duten pisua aztertu du. Azterketak ondorioztatu du urte hauetan emakumeen % 60ren batez bestekoa mantendu dela; gainera, zuzendaritza-postuak bakarrik kontuan hartuz gero, emakumeak gizonak baino % 13 gehiago dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak