Eu

Bilbon Hirien Mundu Eguna ospatu da

2019.eko urriak 31
  • NBE-Habitat (Hiri Asentamenduetarako Nazio Batuen Programa) programaren laguntzarekin Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak antolatuta, ekitaldian Nazio Batuetako pertsona ospetsuek, Elja Diepenbrock adituak eta Iñaki Arriola sailburuak hartu dute parte.
  • SER kateko Aimar Bretos kazetariak gidatuta, hirien bizitzan berrikuntzak duen garrantzia, hiri horietan etorkizunean biziko diren belaunaldiak, eta hiri-erabakiak hartzen herritarren parte-hartzea azpimarratu dira jardunaldian. Gainera, Ekaterimburgon egin den Hirien Mundu Egunaren ekitaldi nagusiarekin konexioa egin da.

Bilbok paper garrantzitsua izan du Hirien Munduko Egunaren ospakizunean. NBE-Habitat programak Espainian duen bulegoak —urbanizazio iraunkorrari buruzko Nazio Batuen Programa garrantzitsuena— Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin elkarlanean aritu dira, gure hirien eta komunitateen etorkizunean pentsatzeko aukera gisa Nazio Batuek ipinitako eguna ospatzeko Espainian egiten den ekitaldi nagusian. Jardunaldian Ekaterimburgo Errusiako hiriarekin zuzeneko konexioa egin da, 2019an bertan egin baita egun honen ospakizun ofiziala mundu-mailan.

“Hiri-berrikuntzak: Etorkizuneko belaunaldientzako bizitza hobe baten alde” aurtengo leloarekin, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ‘Hiria eta berrikuntza: aukerak eta erronkak’ izenburua daraman jardunaldi bat proposatu du. Jardunaldia Iberdrola Dorrean (Euskadi plaza, 5) egin da.

Ekitaldia SER kateko Hora 25 programako Aimar Bretos kazetariak gidatu du, eta jardunaldian zehar honakoak bezalako galderei erantzuten saiatu dira: Berrikuntzak nola lagunduko du hirietan garapen iraunkorrerako helburuak (GIE) lortzen? Zein da teknologiaren eta hiri-berrikuntzaren arteko harremana? Zein berrikuntza teknologikok izango dute eragin handiena hirietan datozen urteetan? Eragin horiek positiboak ala negatiboak izango dira?

Galdera horiek eta beste batzuk erantzuteko, Bilbon NBE-Habitat programako hainbat pertsona ospetsu bildu dira, adibidez Carmen Sánchez-Miranda, Espainiako Bulegoko burua, eta Rogier van den Berg, nazioarteko erakundeko Urban Planning and Design Lab-eko zuzendaria. Errusiatik zuzeneko konexio bidez, Maimunah Mohd Sharif NBE-Habitat programaren zuzendari exekutiboak eta Nazio Batuetako idazkari nagusi laguntzaileak ere hartu du parte. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko sailburu Iñaki Arriola ere bertan egon da.

Gainera, adituz osatutako mahai-inguru bat egin da. Bertan parte hartu dute Elja Diepenbrock Hiri Ezagutzaren Europako Sarearen proiektu kudeatzaileak; Francisco Javier Martín Ramiro Sustapen Ministerioko Etxebizitzako zuzendari nagusiak, María Buhigas hirigileak, Manuel Quirós unibertsitate-irakasleak (Arkitektura eta Diseinu Eskolako IE), eta Emilio Tejedor Iberdrolako Ingurumen eta Ezagutzaren Zuzendaritzako buruak. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren sailburuorde Arantza Leturiondokitxi du ekitaldia.

Hirientzako erronkak

Jardunaldiaren abiapuntu gisa kontuan hartzen da munduko herritarren erdia baino gehiago hiritan bizi dela eta 2050. urterako kopuru hori % 68 arte handitzea aurreikusten dela. Euskadin, herritarren % 73 metropolialdeetan bizi da. Urbanizazioa joera erronkatsuenetako eta eraldatzaileenetako bat da; eta ondorioz, estatuek aurre egin behar dizkieten erronkak barne hartzen ditu: iraunkortasuna, etxebizitza, ingurumena, klima-aldaketa, osasuna, hezkuntza, oinarrizko zerbitzuak…

‘Smart cities’ izenekoen egungo ikuspegi nagusiaren arriskuei eta erronkei buruz, hiri-gobernantzaren egungo arazoei buruz eta, teknologiaren eta hirien garapen iraunkorrerako eskatutako eraldaketetan inpaktu handiagoko praktika berritzaileen —teknologiei lotuak ez daudenak— bidez herritarren parte-hartzeari buruz hitz egiteko aukera ere egon da.

Hirien Munduko Eguna 2019 Urri Hiritarraren une gorena izan da, kontzientzia eragiten duen, parte-hartzea sustatzen duen eta hiri-garapen iraunkorrerako konpromisoa garatzen duen NBE-Habitat programaren kanpaina. Hona hemen NBE-Habitat programaren helburuak: bizi-kalitatea eta hiri-ingurunea hobetzeko hiri-zerbitzuak emateko berrikuntza digitalak erabiltzeko moduaren inguruko kontzientzia handitzea; hiri inklusiboagoak sor dezaketen mugako teknologia berriei buruzko etorkizun handiko praktika onenak azpimarratzea eta partekatzea; hirietan energia berriztagarria sortzeko aukerak aurkeztea; eta teknologia berriek hirietan gizarteratzea —baztertuenak barne hartuz— nola susta dezaketen arakatzea.

‘Bultzatu 2050’ Euskal Hiri Agenda

Oraingoa ez da Eusko Jaurlaritzak eta NBE-Habitat programak elkarrekin diharduten lehen aldia. Iragan maiatzean, Nairobiko (Kenya) NBE-Habitaten gailurrean, Saileko arduradunak gonbidatu gisa joan ziren euren Hiri Agenda (hiriak espazio seguru, osasuntsu eta iraunkor egiteko plan-eredu gisa) 193 estatu kideren aurrean aurkeztera. Euskal Hiri Agenda datozen egunetan onartuko da behin betiko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak