Eu

Pedro Azpiazu Sailburuak 2020ko Aurrekontu Proiektua aurkeztuko du EGABko Osokoaren aurrean

2019.eko azaroak 06

PEDRO AZPIAZUK EAE-KO 2020KO AURREKONTU PROIEKTUA AURKEZTU DU EGAB-EN, ETA EUSKO JAURLARITZAK REYKJAVIK-EKO WOMEN LEADERS POLITICAL FORUM-EAN PARTE HARTUKO DUELA IRAGARRI DU

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazuk Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Gaietarako Batzordearen –EGAB– Osoko Bilkuraren aurrean aurkeztu du 2020 ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua. Proiektua  11.774M/€-koa da. Aurrekontua 2019an aurkeztutako proiektua baino 10M/€ txikiagoa da, euskal zor publikoaren amortizazio-premia txikiagoaren ondorioz, baina aurrekontu operatiboa – aktibo finantzarioak isolatuta politika publikoetan gastuetarako erabilgarri dagoena– 301M/€ handiagoa da, hau da, iaz baino %2,9 gehiago. 

Aurten alderdi hauek azpimarratu behar dira Aurrekontu Proiektuan:

  1. GENERO-IKUSPEGIA: Ogasun eta Ekonomia Sailak, Jaurlaritzako Sailen, erakunde autonomoen eta partzuergoen 100 txosten inguru jaso ditu, eta horietan, soldata arrakala murriztera, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitera eta berdintasunaren alde lan egitera zuzenduko diren jarduketak zehazten dira. Osakidetzak eta EITBk lehen aldiz bidali dute informazio hori. Txosten horietatik ondorioztatzen da aztertutako aurrekontuaren %10,5ak genero ikuspegia sartzen duela 2020ko plangintzan (1.236M/€).
  2. EUSKADI IRAUNKORRA: Eusko Jaurlaritzaren erronka komuna da. Uztailaren 30ean onetsi zen Klima Larrialdi Adierazpenarekin koherenteak izanda, sail guztien artean klimaren aldaketaren kontrako ekintzan aurrera egiteko egiten den esfortzu ekonomikoa koantifikatzeko ahalegina egin da, eta lortu den kopurua 540M/€-koa da.

2020ko Aurrekontuko gastuaren %77,5a gizarte politikei dagokie: Osasuna, Hezkuntza, Enplegua eta Gizarte Politikak. 10 eurotik ia 8 inguru gizarte gastuetara bideratzen dira.

Aurrekontu Proiektuaren ardatz nagusiak hauek dira: inbertsio publikoa eta berrikuntza, administrazio publikoko soldata baldintzen hobekuntza, eta ekonomiaren garapena eta enpleguaren sorkuntza bultzatzea.  

Une honetan  Aurrekontu Proiektua Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari da, eta datorren abenduaren 27an testuaren behin betiko bozketa egingo da.

Horrez gain, Azpiazu Sailburuak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak Reykjavik-eko Women Leaders Global Forum izenekoan –Emakume Liderren Foro Globalean– hartuko du parte. Bertan, azaroaren 18tik 20ra, genero ikuspegia duen aurrekontua aurkeztuko du. Foroak, euren lan esparruetan kristalezko sabaiak kentzeko eta genero berdintasuna indartzeko lan egiten duten politika, gizarte eta ekonomia arloko liderrak elkartuko ditu.

Emakume Liderren Foro Globala arlo horretan mundu osoan egiten den topaketa garrantzitsuena da. Hiru lan eguneko egitaraua Islandiako Presidenteak irekiko du. Topaketaren xehetasunak https://reykjavikforum.global/ helbidean aurkitu daitezke.

Aukera hori, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailburuak joan den martxoan Islandiara egin zuen bisitaren ondoren sortu da. Bisita horretan Islandiako Finantza Ministroarekin, Legebiltzarreko Aurrekontu Batzordeko Presidentearekin eta Reykjavik-eko Udaleko Aurrekontu Zuzendariarekin elkartu zen. Islandiak lehenengo lekua betetzen du 144 herrialde sailkatzen dituen Munduko Ekonomia Foroaren Genero Arrakalari buruzko Indize Globalean.

Pedro Azpiazu, Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordeak, Hernando Lacalle Aurrekontu Zuzendariak, Jordi Campás Ekonomia eta Plangintza Zuzendariak eta Yurdana Burgoa Kabinete Zuzendariak lagunduta joan dan EGABeko Osoko Bilkurara.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak